[Gomendioa] 'Wild Wild Country': zur eta lur!

[Gomendioa] 'Wild Wild Country': zur eta lur! Netflix plataforma digitalak telesail berri bat estreinatzen duen bakoitzean sekulako ikusmina sortzeko gaitasuna lortu du. Katalogoan ekoizpen propioko film bat sartzen dutenean beste hainbeste, mundu osoa adi egoten da. Baina dokumentalak txertatzen dituztenean, ostrazismoan erortzeko arrisku handia duten lanak bihurtzen dira, promozio kanpainetatik kanpo uzten dituztelako gehienetan eta edukien zerrenda potoloak betetzeko baino ez direlako izaten. Horregatik, nire esku dagoen guztia egingo dut, orain bi urte estreinatu zuten 'Wild Wild Country' telesail-dokumental sinestezina ezagutzera emateko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-wild-wild-country-zur-eta-lur/@@download/image/Screenshot_2020-04-01 Fikzioa balitz, ez nuke sinetsiko .png
2020/04/01

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Netflix plataforma digitalak telesail berri bat estreinatzen duen bakoitzean sekulako ikusmina sortzeko gaitasuna lortu du. Katalogoan ekoizpen propioko film bat sartzen dutenean beste hainbeste, mundu osoa adi egoten da. Baina dokumentalak txertatzen dituztenean, ostrazismoan erortzeko arrisku handia duten lanak bihurtzen dira, promozio kanpainetatik kanpo uzten dituztelako gehienetan eta edukien zerrenda potoloak betetzeko baino ez direlako izaten. Horregatik, nire esku dagoen guztia egingo dut, orain bi urte estreinatu zuten 'Wild Wild Country' telesail-dokumental sinestezina ezagutzera emateko.
[Gomendioa] 'Wild Wild Country': zur eta lur!

Telesailaren lehen minutuek 80ko hamarkadara garamatzate, Oregonen (AEB) dagoen Antelope herrixka aurkezteko. 40 biztanle inguru dituen zonaldea da eta pertsona ugarik, bizitza osoa lanean aritu ondoren, zahartzaroko azken urteak lasai igarotzeko aukeratzen duen helmuga. Baina zurrumurru arraro bat zabaltzen den unean, lasaitasun hori eten egingo da –eta nola gainera!–. Rolls-Royce baten gainean, oso garrantzitsua –eta diruduna– den tipo Indiar bat azalduko dela diote, alboko 30.000 hektarea erosi eta bertan ehunka eraikin eta etxebizitza eraikitzen hasiko dena. Hori entzun eta segundo gutxira, herrixka goitik behera gorriz jantzita doazen ehunka pertsonaz betetzen hasiko da eta, atzetik, aipaturiko Rolls-Royce zuria. Antelopen gertatzear den etorrera horrek zurrunbiloa eragingo du, sinestea kostatuko zaizun ehunka gertaeraz betea.

Chapman eta Maclain Way-k zuzenduriko eta sei atalez osaturiko lan liluragarri honek AEBetako historiaren pasarte bitxi bat azaltzen du, mundu osoa ustekabean harrapatu zuen gertaera harrigarria: Bhagwan Shree Rajneesh lider espiritualak eta bere sektaren jarraitzaileek Oregongo lurretan beraien hiria eraiki zutenekoa, baita gerora eragingo zituen ondorio ikaragarri, basati eta ilunak ere. Hainbat hilketa leporatu zizkieten, espioitza kasuak, baita hauteskundeak irabazteko intentzioz bio-terrorismo atentatu bat ere, besteak beste.

Benetako kasu batean oinarritzeak abantaila asko izaten ditu, baina baita kontakizunaren gurpiletan balaztak jar ditzakeen hainbat arazo ere. Artxibo irudiak ez edukitzeak, adibidez, gertaeren birsortze kaxkarrak errodatzea eragiten du askotan, osotasunari sinesgarritasun apur bat kenduz. Kasu honetan, ahulezia gehienak sendotzen jakin izan dute, suspense ariketa paregabea sortuz. Beharrezkoak diren birsortze horietako batzuk azaltzeko, adibidez, animaziozko sekuentzia argigarriak erabili dituzte, garai hartako protagonista izan ziren pertsonaien elkarrizketak tartekatuz. Gainerakoa, artxibo irudi ikaragarriek mamitzen dute. Dokumentalaren hasierako minutuetan iragartzen den krimenari heldu aurretik, esaterako, 1960ko hamarkadaraino birbobinatu eta lilura horren zergatia azaltzen saiatu dira: erreferente sozial eta politiko ezagun guztiak zalantzan jartzen ziren garai horretan, Bhagwan hizlari eta filantropoa bere herriko “rock-izar” moduko norbait nola bilakatu zen erakutsiko digu eta nola lortu zuen atzerriko milaka pertsonaren bihotza –eta burua– konkistatzea. Bat-batean, oso ongi ulertzen ez zuten mezu horrekin bat egin zuten milaka pertsona azaldu ziren, kontrakulturaren edozein mugimenduren parte izateko irrikaz zeudelako batik bat. Une horretatik aurrera azalduko da hain garrantzitsua izango den Sheela, zeina Osho-ren –Bhagwan Shree Rajneesh-en ezizena– idazkaria zen eta aurrerago azalduko den diasporaren erantzule nagusia.

Wild Wild Country telesail-dokumentalak meritu ugari duela uste dut. Sekulako balioa duen material originala ikusteko aukera eskaintzen duelako, baina batez ere, istorio gorabeheratsu honetako inplikatu gehienek une bakoitzean izandako erantzukizuna azaltzen saiatzen delako. Sortzaileek erabateko inpartzialtasuna erakutsi nahi izan dute; eta hori, era honetako istorio batean, eskertzekoa da: ikuslearen esku dago zein aldetan kokatu, nahiz eta gehienetan irudiek adierazten dutenarekin zalantzarik ez izan.

Pentsatuko duzu gatazka, pertsonaia xelebreak eta istorio sendo bat izatea abantaila ugari edukitzea dela ekoizpenaren alde arraun egiteko. Bai eta ez. Onerako eta txarrerako, material hori guztia non, nola eta zergatik moztu eta banatu ezinbesteko alderdi bilakatzen delako; baina horretan ere ez dira herren geratu, informazio guzti hori era burutsuan antolatzen jakin izan duten gidoilari eta muntatzaile paregabeak izan dituztelako. Ez hori bakarrik: iragana eta oraina erakusten duen Adam Stoneren argazki zuzendaritza trebeak eta une batzuetan azaltzen den Brocker Wayren musikalizazio ironikoak ere asko laguntzen diote ikusleari zentzuzko ikuspuntu bat ematen istorio konplexu, mingarri eta une batzuetan triste honi.

Dokumental formatuan kontatzea erabaki duten benetako historia izanik, paregabea iruditu zait, harrigarria, bikaina. Istorio berbera fikziozko film batean ikusi izan banu, asmaturiko gidoi bat tarteko, zentzurik gabeko istorio aldrebes eta sinesgaitza dela pentsatuko nukeen. Fikzioa balitz, ez nuke sinetsiko!

Non ikusi? Netflix