[Gomendioa]: "Queen's Gambit"

[Gomendioa]: "Queen's Gambit" Xakea, feminismoa, drogak, eta sekulako estetika, hori guztia topatuko duzue Netflixen telesail motz eta bikain honetan... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-queens-gambit/@@download/image/the-queen-s-gambit-ending-1604676558 (1).jpg
2020/11/12
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Xakea, feminismoa, drogak, eta sekulako estetika, hori guztia topatuko duzue Netflixen telesail motz eta bikain honetan...
[Gomendioa]: "Queen's Gambit"

Onartu beharra daukat lehen kapitulutik harrapatu ninduela Beth protagonistaren talentuak. Txikitan xakera jolasten nuen, eta hainbat lehiaketan parte hartu arren, trakets jokatzen nuela eta dudala esan dezaket. Baina xakearen mundua azaletik bada ere ezagutu dugunontzat sekulako gozamena da telesail hau. Netflixen estreinatu den The Queen's Gambit telesail motzeko kapitulu bakoitza goxoki baten parekoa da; estetika milimetrikoki zaindua, elkarrizketa zuzenak eta adimentsuak, protagonistari katu-begi hipnotikoetatik darion jeinu lurrina... eta batez ere, aspaldi ikusi dudan emakume protagonista osoena, zentzu guztietan.

Telesail honek gauza asko dauzka laudatzeko modukoak; nabarmenetakoa, xakearen mundua horren fin eta fidel erretratatzeko abilezia. Behingoz, nabari da xake partidak errealak direla; tableroa zuzen jarrita dago beti, pieza guztiak dagokien lekuan, eta benetan jokatzen den moduan mugitzen dira piezak beti. Gainera, xake zaleen gozamenerako, partida gehienak benetako partidak dira, horietako asko historikoak; hain zuzen, Garry Kasparov munduko txapeldun ohi mitikoak eta Bruce Pandolfini New Yorkeko xake irakasle ezagunak telesailean parte hartu dute gomendio profesionalak emanez. Sekulako luxua. 

Pertsonaiak ez dira errealak, baina xake munduko profesional ugari aipatzen dira telesailean, eta eszena asko errealitatean oinarrituak dira. Behin eta berriz aipatzen dituzten José Raúl CapablancaAlexander AlekhineMikhail Botvinnik eta Boris Spassky munduko xake jokalaririk onenak dira, hain zuzen. Horrez gain, bada eszena bat non Beth Paul Morphyrekin alderatzen duten; xake jokalari hau XIX mendeko jokalaririk onena izan zen.

Baina hau ez da soilik xakearen inguruko telesaila, ezta gutxiago ere; droga, abusu eta emantzipazio istorioa ere bada. Protagonista umezurztegi batean hazten da, eta bertako atezainak irakatsiko dio xakean jolasten. Segituan konturatuko da prodijio baten aurrean dagoela, sei urterekin partidak buruz praktikatu eta azkar irabazteko gai baita.

Baina Beth txikiak droga lasaigarriak ezagutuko ditu (hasieran beharturik hartzen dituzte), eta adikzio gogorra garatuko du oso txikitatik. 15 urterekin depresioak jota dagoen emakume batek adoptatuko du (aitak ez du ezer jakin nahiko) eta konturatu gabe, sekulako taldea egingo dute biek, Beth nerabeak AEBetako xake jokalari garrantzitsu guztiak gainditzen dituen bitartean. Ez dugu gehiago kontatuko, baina drogak gora behera, sekulako gozamena da 60ko hamarkadan erabat independentea, indartsua eta osoa den emakume protagonista baten istorioaz gozatzea, gizonei bideratutako xakearen mundu hermetikoa duda izpirik gabe konkistatuz. Jokatuko dugu partidatxo bat?