Gida baimena: ez zaitez erotu!

Gida baimena: ez zaitez erotu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gida-baimena-ez-zaitez-erotu/@@download/image/24p20-1_1369737842.jpg
2002/11/01
erreportajea
Unai Brea eta Ander Usabiaga
Gida baimena: ez zaitez erotu!
Gaur egun, gida baimena izatea balio handiko gauza da. Gazte asko 18 urte noiz beteko zain egoten da, autoeskolara joateko eta ahalik eta lasterren auto baten bolantea oratzeko. Ipar Euskal Herrian, gainera, 16 urterekin lortu daiteke hori, zenbait baldintzapean.

Ipar eta Hego Euskal Herrian legeria desberdinak daudela eta, gida baimena eskuratzearen gorabeherez zerbait gehiago jakiteko, autoeskola irakasle eta ugazaba birekin harremanetan jarri gara. Bata, Javi Buenobasterra, Plentziakoa. Bestea, Jean-Marc Landarretxe, Baionakoa. Biak ere eskarmentu handikoak: Javi duela 32 urtetik da irakasle eta Jean-Marc-ek 20 urteko esperientzia du.  

Lehenik, gida baimena eskuratzeak gure ekonomia apalari dakarzkion ondorioez galdetu diegu. Prezioak autoeskolatik autoeskolara alda daitezke, eta baita herrialdetik herrialdera ere, baina gutxi gorabehera, baimena lortzeak 1.000 eta 1.300 euro bitartean balio dezake. Batetik, autoeskolaren matrikula eta eskola teorikoak ordaindu behar dira. Jean-Marcek adierazi digunez, hori 100 eta 150 euro bitartean izan daiteke. Javik esandakoaren arabera, berriz, Hego Euskal Herrian garestiagoa da; bere autoeskolan 350 euro inguru ordaindu behar dira. 

Kontuak ez dira hor bukatzen. Azterketa teorikoa egin aurretik, zerga bat ordaindu behar zaio estatuari. Ipar Euskal Herrian 40 eurokoa da, eta azterketa bakarra egiteko eskubidea ematen du. Bidasoaren bestaldean, aldiz, 77 euro ingurukoa da, baina bi deialditarako balio du. Horrez gain, azterketa medikua gainditu behar da eta horrek ere dirua balio du. Teorikoa gainditzeko eta autoarekin trebatzeko (aurrez ere egin daiteke), ordubeteko klase bakoitzak 30 bat euro balio du Euskal Herri osoan. Hala ere, bada desberdintasunik: Hego Euskal Herrian ez dago gutxieneko eskola kopururik auto azterketa egin aurretik, baina Ipar Euskal Herrian legeak gutxienez 20 ordu jasotzera behartzen du. Normalena, eta gomendagarriena, gure mintzakide bien esanetan, 25-30 orduz aritzea da, aurrez ezer ez bagenekien bederen.

Azterketak
Gida baimena eskuratzeko 18 urte izan behar dira, baina Ipar Euskal Herrian bada 16 urterekin gidatzeko aukera, autoeskolak emandako baimen berezi batekin. Hainbat baldintza bete behar da horretarako, noski. Batetik, azterketa teorikoa gainditu behar da, eta ondoren, eskola praktiko batzuk hartu. Gainera, gidari gazteak, autoa hartzen duenean, guraso bat izan behar du lagun derrigorrez. Ondoren, 18 urterekin, azterketa praktikoa egin eta gandituz gero, gida baimena zuzenean lor dezake. Jean-Marc Landarretxeren esanetan, gaur egun Ipar Euskal Herriko eta Frantziako gazteen %40ak era honetan eskuratzen du baimena. Hego Euskal Herrian ere antzeko lege bat indarrean jartzeko asmoa du Espainiako Gobernuak, antza datorren urtean. 

Azterketa teorikoak antzekoak dira Hego eta Ipar Euskal Herrian, baina ezberdintasunak badira. Azterketek 40na galdera dituzte, bakoitzak hainbat erantzun aukeran dituela. Bizkaiko, Arabako, Nafarroako eta Gipuzkoako herritarrek, itaun bakoitzean, hiru erantzunen artean aukeratu behar dute, eta Zuberoakoek, Behenafarroakoek eta Lapurdikoek, lauren artean. Hego Euskal Herrian lau huts egin daitezke gehienera azterketa gainditzeko; Ipar Euskal Herrian, berriz, bost. Bestalde, dirudienez, Ipar Euskal Herriko azterketa askoz errazagoa da (%80ak gainditzen du lehendabizikoan), baina Jean-Marcek adierazi digunez, datorren urterako azterketa zailagoa jartzeko asmoa dago.

Aseguru etxeak, poltsiko zurgatzaile


Gida baimena eskuratu eta gidatzen hasi nahi izanez gero, hainbat gasturi egin behar zaio aurre. Gehienak zergak dira (autoa ere erosi beharko da, noski, gurasoena-edo erabiltzeko aukerarik ez bada; horixe da gasturik handiena), baina ez da diru asko ordaindu behar. Baina bada, gazteen eta gida baimena lortu berri dutenen artean batik bat, poltsikoari sekulako jipoia ematen dion bat: asegurua edo bermea.

Aseguru etxe gehienek diru kopuru bat eransten diote polizari gidariak 27 urte baino gutxiago baditu, eta beste bat, gida baimenarekin lau urte baino gutxiago badaramatza. Kasu gehienetan karneta lortu berriak aipatutako adin horretatik beherakoak izan ohi direnez, gainerako gidariek baino askoz diru gehiago ordaindu behar diete aseguru etxeei. Zenbat gehiago? Aseguru etxe bateko langile batek adierazi digunez, %30etik gorakoa. Erabiltzen den auto motak ere badu zer esanik: poliza garestiagoa da autoaren potentzia handiagoa den heinean. Kontuak kontu, gazteentzat, aseguruan, urtean 1.400 euro ordaintzea ez da batere harrigarria, eta batzuk 1.800 ordaintzera ere iristen dira. Dena den, gauza guztietan bezala, badaude trikimailuak, baina guk ez ditugu hemen esango… 

Eta euskaraz?


Autoeskolen erresuman erdera nagusi da Euskal Herrian. Hego Euskal Herrian, ordea, badira klaseak euskaraz jasotzeko aukera ematen duten autoeskolak. Ez dira gehiegi, baina egon badaude. Gipuzkoako  eta Bizkaiko hainbat herritan ordezkaritzak dituen Solozabal autoeskola da horietakoa. “Gurean, ikasleak, gura badu, testak euskaraz egin ditzake. Klase praktikoetan irakasle euskaldunak izateko aukera ere badu. Izan ere, gure irakasle gehienak euskaldunak dira. Horrez gain, ikasleak, azterketa egiteko, Trafikoko irakasle euskalduna eskatzeko eskubidea du. Gureaz gain, badira euskarazko zerbitzua eskaintzen duten beste zenbait autoeskola ”, dio Joxemi Solozabal markinarrak. Joxemiren hitzetan, gero eta jende gehiagok nahi ditu klaseak euskaraz jaso: “Batik bat, gazte jendea, euskaraz ikasitakoa. Bizkaiko Arratia bailarako autoeskola batean, adibidez, ikasleen ia %90ak euskaraz ikasten du”.

Betebeharrak


Karneta atera berriek arau zorrotzagoak eta betebehar bereziak dituzte.

  Hego Euskal Herrian
Ipar Euskal Herrian
Gidaria berria dela adierazten duen txartela
L letra, urtebetez A letra, bi urtez
Gehienez alkohol tasa
0,3 gramo litro odoleko (gainerakoek 0,5)
0,5 litro odoleko (besteek bezala) 
Gehienezko abiadura
80 kilometro orduko, hiriz kanpoko errepide guztietan (gainerakoentzat, 90, 100 eta 120 errepidearen arabera)
Autopistan, 110 kilometro orduko (gainerakoek 130). Hiriz kanpoko gainerako errepideetan, 80 (beste gidariek, 90).