Generoko hirigintza; emakumeek diseinatutako hiriak

Kaleak denonak direla aldarrikatzen dugu, baina denontzat diseinatuta ote daude? Zeinek eraiki ditu egunero zeharkatzen ditugun kale zebrabide, zubi eta tunelak? Zeinek antolatu du erabiltzen dugun garraio publikoa? Nork argiztatu ditu gauez ibiltzen ditugun bideak? Pentsatu al da espazio publikoa genero ikuspegia kontuan hartuta?
Generoko hirigintza kontzeptua ez da berria, baina oraindik ere, kostata ematen zaio dagokion garrantzia. Izan ere, kaleak ez dira denonak izango denontzat diseinatzen diren harte. Eta nola diseinatu daitezke hiriak genero ikuspegitik? Lehenik eta behin, hirigintza emakumeen esku utziz.
Kaleen argiztapena hobetu, segurtasun gutxiko guneak ikusgarriagoak bihurtu edota autobus publikoen zerbitzua zabaltzea neurri eraginkorrak eta beharrezkoak dira, baina ez dira nahikoak. Espazio publikoaren kudeaketa birpentsatzeko unea da; orain arte, hiriak ekoizpen ekonomikoari lehentasuna emanez eraiki dira, lan merkatuari estuki lotuta, eta alboratu egin dira gainerako elementuak, hala nola, ekintza komunitarioak, hezkuntza, eta bestelako behar pertsonalak.
Gauzak horrela, genero-desberdintasunak hirietan nabarmen eta adierazgarriak dira oraindik, emakumeek hirietan dituzten aukerak baldintzatzerainokoak. Gauez (eta batzuetan egunez ere) hainbat kale ekiditea, bakarrik ateratzeko beldur izatea, kirola egiteko lagun baten konpainia eskatzea... halako ekintzak oraindik ere, egunero egiten dituzte emakumeek. Baina generoko hirigintza harago doa; denontzako hiriak eraikitzeko, kontutan izan behar dira bestelako faktoreak, hala nola, nork egiten ditu erosketak, etxeko lanak, zeinek zaintzen ditu haurrak edota zaharrak, zeinek erabiltzen du gehien garraio publikoa... gauzak aldatzen doaz, baina oraindik ere, lan horien zama handiena emakumeek jasaten dute. Prest ote daude hiriak emakumeen beharrak asetzeko?