Gazteen euskara erabilera jomuga

Gazteen euskara erabilera jomuga Mintzapraktikako ekimenetan parte hartzen zuten Getxoko hainbat gaztek baina, haien beharrak guztiz asetzen ez zirenez, Mintzakuadrillak sortzea erabaki zuten 2015ean, euren interesak erdigunean jartzeko. Getxon abiatutako ekimena, Donostiara eta Iruñerrira zabaldu da denboraren poderioz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteen-euskara-erabilera-jomuga/@@download/image/mintza_01.jpg
2021/09/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta @mailegetx

Mintzapraktikako ekimenetan parte hartzen zuten Getxoko hainbat gaztek baina, haien beharrak guztiz asetzen ez zirenez, Mintzakuadrillak sortzea erabaki zuten 2015ean, euren interesak erdigunean jartzeko. Getxon abiatutako ekimena, Donostiara eta Iruñerrira zabaldu da denboraren poderioz.
Gazteen euskara erabilera jomuga

Jakina da euskararen ezagutzak nabarmen egin duela gora gazteen artean azken hamarkadetan; erabilera ez da ezagutza horren isla, ordea. Hori zela eta, kezka bera partekatzen zuten gazteak batu ziren duela sei urte Getxon, euren neurrira egindako egitasmoa sortzeko. Guztira 300 gazte inguru dabiltza egun Donostian eta Iruñerrian Mintzakuadrilletan. Donostian 20 kuadrilla eta zazpi taldek hartzen dute parte: dantza taldeak, kirol taldeak, gazte asanbladak… Iruñerrian, berriz, 15 talde inguru elkartzen dira, batzuk kuadrilla naturalak eta beste batzuk egitasmoaren bidez sortutakoak.

Horri esker, astean behin giro erosoan elkartzeko bidea aurkitu dute gazteek, haien artean ordubetez behintzat euskaraz aritzeko. Partekatzen dituzten espazio horiek euskalduntzea da helburua, hurbileko harremanetako hizkuntza ohiturak astintzea. Akatsak akats, erabilerak du garrantzia. “Hizkuntza batek esan nahi dugun hori modu zehatz, labur eta zorrotzean esateko balio behar digu. Zuzentasuna zertarako, gure barrukoa azaltzeko edo ondokoa hunkitzeko gai ez bagara? Hizkuntza mitifikatzearekin kontuz ibili behar dugu. Hizkuntza batek behar duena hitz egitea, entzutea eta ulertzea da, eta egungo gazteok zuzentasunez ez hitz egin arren, geroz eta gehiago erabiltzen badugu, aurrerapausoak ematen ari garen seinale. Erabiltzeak erosotasuna, ohitura aldaketa eta motibazioa dakar, gazte askok faltan sumatzen duguna”, adierazi du Jon Zapata Borda egitasmoko koordinatzaileak.

Hizkuntza mitifikatzearekin kontuz ibili behar gara. Hizkuntza batek behar duena hitz egitea, entzutea eta ulertzea da”

16 eta 28 urte arteko gazteek hartu ohi dute parte, batez ere 18 eta 24 urte artekoek. A ereduan ikasitakoak badiren arren, D eredukoak izaten dira gehienak, eskola garaia amaituta euskara erabiltzeko aukera murritzak dituztenak. Euskaraz ondo moldatu bai, baina ez dute erabiltzeko ohitura handiegirik izaten. Dena den, profilak profil, euskara ulertu eta erabilera handitu nahi duen ororentzat dago irekia.

Bakoitzaren bizi-erritmoak ezberdinak izanik, astean behin elkartzea ez da erraza izaten, baina askatasun eta malgutasun osoz jokatzen dute euren artean hitzorduak lotzeko garaian. Zer egin ere eurek erabakitzen dute: kafea hartu, mendira joan… Horretaz gain, saio osagarri irekiak ere antolatzen dituzte. Alde batetik, aisialdiarekin lotutakoak izaten dira, surf edota sagardotegira irteerak adibidez, ekimeneko kideen arteko saretzea lantzeko, eta gainerakoek ere euskaraz lasai aritzeko eta harreman berriak euskaraz sortzeko esparru bat izan dezaten. Beste aldetik, bestelako beharrak asetzen dituztenak daude; proiektu edo ekimen berriak ezagutu, euskaldunok Iruñerrian aurki ditzakegun traba desberdinak landu eta gazteen ahalduntzea bilatzen dute. Horien artean mahai-inguruak, hitzaldiak edota zineforumak izaten dira, esaterako.

Ikasturte honetan Hondarribian jarriko dute martxan ekimena eta Euskal Herriko beste txokoetara ere iritsi nahiko lukete, gazte gehiagorengana heldu eta euskaraz sortutako harremanen sarea egonkortzen jarraitzeko. Interesa dutenek Euskaltzaleen Topagunearekin jarri behar dute harremanetan edota 656 70 26 51 telefono zenbakira deitu.
Bestalde, bestelako erronkak ere badituzte aurrera begira: Mintzakuadrillen talde desberdinak koordinatu eta harreman sarea zabaltzea, ekintza edo ekimen desberdinak elkarrekin gauzatu ahal izateko.