Gabonetako afariak segurtasunez ospatzeko gomendioak

Aurtengo Gabonak ez ohikoak izango dira guztiontzat; soilik gertukoenekin ospatuko ditugu, talde txikietan, eta ahal dela segurtasun neurriak jarraituz. Asko dira zuzenean aurten Gabonetan elkartzeari uko egin diotenak, maite dituztenak arriskuan jartzea ekiditeko; elkartuko direnak ere, duda handiekin dabiltza, gauzak ahalik eta hobekien egiteko formulen bila.
Gabon intimo eta xume hauetan garrantzitsua da hainbat ohitura ikuskatu eta moldatzea; atzean utzi beharko ditugu elkarbanatutako janari plater handiak, topa egiteak, elkarrengandik estu esertzeak, abesten edota altu hitz egiten igarotako gaualdi luzeak... Kontu handiagoarekin ospatu beharko dira aurtengo afariak. Baina, nola lortu ahalik eta afari seguruenak ospatzea? Jarraian, hainbat gomendio topatuko dituzue:
- AIREZTAPENA ZIURTATU: Afari gehienak sukaldean ala egongelan egiten dira; onena, gela horretako leihoa apur bat irekita uztea da. Ez du zertan parez-pare irekita egon behar; eskoletan bezala, airea apurka berritzeko nahikoa da apur bat irekitzea. Gela berdinean ordu asko igaro behar badituzue, aldiro korronte apur bat egitea gomendatzen da.
- SARRERAN, GELA: Gonbidatuak sartzerakoan, eskaini gel hidroalkoholikoa. Horrekin batera, zapatak, berokiak eta aterkiak sarreran uzten badituzte hobe, etxe barrura sartu gabe.
- MASKARA ERABILI: Janaria zerbitzatu bitartean, saiatu maskarekin egoten; hala, arriskua gutxituko duzue. Afaria amaitzerakoan ere, hobe berriro maskarak janztea.
- DISTANTZIA MAHAIAN: Aurten gehienez 10 lagun bildu ahalko dira etxe berean, baina baliteke denak ez izatea familia unitate berekoak. Hala bada, egokiena mahaian distantziak handitzea da; truko on bat familia unitateak biltzea da, hala, unitate ez direnen artean distantzia handiagoa izango delako.
- JANARI ERRETILUEN ORDEZ, PLATER INDIBIDUALAK: Aurtengo Gabonetan, hobe janaria zuzenean plater bakoitzean zerbitzatzen baduzue, eta gogoratu ez partekatzeaz. Ogia eta antzekoak ere hasieratik bakoitzaren aldean ipini, eta ez pasa erretilurik eskuz-esku.
- EDARIAK, ESKU BAKAR BATEK ZERBITZATUTA: Edariak zerbitzatzeko orduan, hobe senide bat arduradun izendatzea eta berak soilik ukitzea botilak. Hala, botila eskuz-esku ibiltzea ekidingo dugu.
- KONTUZ AHOZAPIEKIN: Ahozapiz nahastea arazoak ekar ditzake; aurten, onena paperezkoak erabiltzea da, erabilera bakarrekoak, hain zuzen.
- KANPOAN BADA, HOBE: Inork afaria terraza ala lorategi batean egin badezake, oraindik era hobeto; aire librean, birusaren zabalkundea nabarmen gutxitzen da.
- KONTUZ JASO: Erabilitako plater, mahai-tresna, edalontzi eta gainerakoak kontuz jaso beharko dira; gogoratu dena ondo garbitzeaz (ontzi-garbigailua badugu hobe) eta ez ahaztu egongela aireztatzeaz. Amaitzerakoan, eskuak ondo garbitu.
- TEKNOLOGIA LAGUN: Aurten mahaira eseriko ez direnekin bideo-deiak antolatu; guztion animoak altxako ditu ziur, eta maite dituzuen horiekin egoteko eta topa egiteko aukera izango duzue.