Eztarri sakonaren lurrikara

Eztarri sakonaren lurrikara https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eztarri-sakonaren-lurrikara/@@download/image/56p60-1.jpg
2005/10/07
erreportajea
Eztarri sakonaren lurrikara
Joan den hilabetean heldu zen Hego Euskal Herriko zine aretoetara, "Inside deep throat" dokumentala. Fenton Bailey eta Randy Barbato zuzendarien lan honek, 70eko hamarkadan AEB goitik behera astindu zuen "Deep throat" ("Eztarri sakona") film pornoaren gorabeherak aztertzen ditu. 

Bere garaian, erabateko iraultza izan zen "Deep throat" filma (Gerard Damiano, 1972), eta urteekin, pelikula mitikoa bihurtu da. 25.000 dolarrekin eta astebete eskasean egindako film porno hark 600 milioi dolar mugitu zituen; diru irabazia itzela izan zen, beraz. Gaur egun, batek baino gehiagok nahi luke, hain diru gutxi gastatu eta hainbeste diru irabazi!

Aski ezaguna da "Deep throat" filmaren abiapuntua. Linda gaztea (Linda Lovelace aktorea) orgasmoa lortu ezinik bizi da, mediku bitxi samar batek, arazoaren zergatia argitzen dion arte: Lindak eztarrian du klitoria, eta fellatioa du orgasmorako bide bakarra. "Deep throat" filmari esker, Linda Lovelace aktorea izar handia bihurtu zen. 2002an, istripuz hil zen Pornoaren Greta Garbo izengoitiaz ezagun bihurtutako Lovelace.

Erabateko lurrikara

"Inside deep throat" dokumentalak, Gerard Damianoren filmak 70eko hamarkadan sortutako zurrunbiloa aztertzen du. Dena den, hasieran, bestelako asmoa zuten Fenton Bailey eta Randy Barbato zuzendariek: hain zuzen, Linda Lovelace zenari buruzko dokumentala egin nahi zuten.

"Inside deep throat" iraultza baten kronika da, edo hobe esanda, 70eko hamarkadako AEBak astindu zituen lurrikararena. "Deep throat" pornoa New York hirian estreinatu zen, Times Squareko New World Theater-en.
Komunikabideek jopuntuan jarri zuten Damianoren filma, eta sektore atzerakoienek estreinaldia galerazi nahi izan zuten. Amerika garbia deabruaren atzaparretatik salbatu nahi zuten. Sektore feministek ere gogor egin zuten pelikularen kontra, emakumearen irudia erabiltzen zuela argudiatuz.

Dena den, kanpaina hura kontra etorri zitzaien "Deep throat" zentsuratu nahi zutenei, jendearen jakinmina areagotu besterik ez baitzuen egin. Harry Reems, "Deep throat" pelikulako gizonezko protagonistaren ustez, ahoz aho zabaldu zen filmaren berri,  "batere heziketa helbururik gabeko lehen film pornoa izan zen, -dio Harry Reemsek-, eta horrexegatik, ikusleek lagunei aholkatzen zioten, ikusi beharreko filma zela esanez, komedia moduko zerbait zela… eta abar". Reemsi lizunkeria leporatu zioten 1976an, eta ia espetxera sartu zuten. Bere garaian, aktore askok egin zuten Reems-en alde, Jack Nicholsonek eta Warren Beattyk, besteak beste.

Brian Grazer, "Inside deep throat" dokumentalaren zuzendarietako bat, antzeko mintzatu da film mitiko hartaz galdetu izan diotenean: "Gure amona etxera heldu zen, film hura ikusi zuela esanez. Gerora, pelikula pornografikoa zela jakin nuen, eta harrituta geratu nintzen, hirurogeita bost urteko gure amona, txartela erostearren, jende ilara zain egon zela jakin nuenean". Baina jakinmin handi hartaz gain, filmak bestelako ondorioak ere izan zituen, Grazeren ustez: "Sexua hain garbi erakusteak, sexuaren iraultza gertatu aurretik eraikitako harresi asko behera botatzen lagundu zuen".

Testingantza ugari

Hainbesterainokoa izan zen filmak izandako oihartzuna, Richard Nixon presidentea postutik kendu zuen Watergate auzian, "deep throat"  (eztarri sakona) izengoitia jarri baitzioten The Washington Post egunkariko kazetarien "iturri" sekretuari. Dokumentalaren egileek hamaika pertsona elkarrizketatu dituzte, Norman Mailer, Ruth Westheimer, Gore Vidal, Erica Jong eta Hug Hefner, horien artean. Interesgarria, ezta?