Ezagutu beharreko jaialdia

Ezagutu beharreko jaialdia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ezagutu-beharreko-jaialdia/@@download/image/53p28-1.jpg
2005/06/03
erreportajea
Aritz
Ezagutu beharreko jaialdia
Musikazale askorentzako, Euskal Herria Zuzenean jaialdia sahiestezineko hitzordua bihurtu da. Musikazale horietako bat da Aritz Sound System GAZTETXULOko kolaboratzailea: lehen ediziotik, Aritzek ez du sekula hutsik egin EHZren hitzordura. Hona hemen bere bizipenen kronika.

Nork ez ditu, izenez bada ere, Viñarock, Festimad, Sonar eta antzeko jaialdiak ezagutzen? Urtean behin, uda partean normalean, milaka gazte elkartzen dira estatu espainiarreko jaialdi horietan, musikaren aitzakipean, asteburupasa egiteko. Aldiz, Hego Euskal Herriko gazteei Euskal Herria Zuzenean jaialdiaz galdera egingo bagenie, ziurrenik inork gutxik jakingo luke zertaz ari garen. Eta dakitenek, gehienek, prentsan irakurritakoaz dakite.

Nik, lehen aldiz, Hernaniko Molotoff Irrati Librearen (99.2FM) kide bezala izan nuen Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren berri. Izan ere, Arrosa herritik jakinarazi ziguten“gutxitutako kulturak, irratigintza, eta hainbat musika estilo” uztartu nahi zituen jaialdia antolatzekoak zirela, eta irratiko lagunei jaialdian parte hartzeko gonbitea luzatu ziguten.

Autoa gidatzeko karneta estreinatu berria nintzen. Aitari furgoneta eskatu, eta abentura bila joan ginen irratiko ordezkaritza taldetxoa. Garai hartan, Ipar Euskal Herrira joatea, milaka kilometroko bidaia arriskutsuaren antzeko esperientzia zen: kontrolez gainezka zegoen muga igaro, patrikako txanponak  aldatu, eta mapa eskuetan, herri galduaren bila abiatu behar genuen.

Hizkuntzarekin ere zailtasunak: zerbait galdetu behar izanez gero, zoritxarrez, frantsesa zelako gehienetan aukera bakarra. Atzerrian bezala sentitzen ginen; izan ere, gaur egun oraindik, buruan bueltaka darabiltzagun muga inposatuek, muga fisikoek baino indar handiagoa dute. Amaiezina zirudien bidea egin eta gero, Arrosara iritsi ginen. Mendi ederrez inguratutako bailara  berdeen  artean ezkutatuta, paradisua zen hura.

Sarreran bertan, antolatzaileek aparkalekura gidatu gintuzten, eta aparkalekutik jaialdiko karpa erraldoierako tartea, aldiz, traktorebusez egin genuen. Pelikula zirudien. Artaldeen gisa eramaten gituzten, duintasunez  eta dohain. Jaialdiaren sarreran, Molotoff irratira bidalitako gonbidapen txartela erakutsi ondoren, barrura sartu ginen.

Izar handiak bezala

Euskal Herria Zuzenean jaialdian primeran uztartzen dira lana eta aisialdia. EHZn lan handia egiten da jendeari informazioa eman, eta antolatu dadin. Informatu, Europako  kultura gutxituen egoeraz informatzen da, eta informazio hori bideratzeko, irrati libreak antolatzeko oinarriak bilatu dira. Guk, Molotoff Irratiaren kide gisa, jaialdiaren lehen orduetan  antolatu ohi ziren irratien arteko topaketetan parte hartzen genuen. Aipatu bilera amaigabe horietatik –eta, batez ere, gutxi batzuen lan eskergari esker-, Arrosako Ekoizpen Zentroa izeneko egitasmoa sortu zen.

Lanaren ondoren, aisialdiaren txanda heltzen zen. EHZ jaialdiaren lehen edizio hura aparta izan zen. Jaialdira “lan” egitera joandakoei, tratu berezia ematen ziguten. Gosaldu, bazkaldu eta afaltzeko “self service” modukoa antolatua zegoen: nahi adina janari eta edari dohain! Kontzertu eta erakusketen eremuetarako sarrera libre genuen, eta irratiko materialarekin postu bat jarri nahi izanez gero, erraztasun guztiak genituen. Izugarria! Txundituta geunden!

Arratsalde partean, kontzertuak eta saioak hasita, goizeko jardunaldietan ezagututako jendearekin elkartzen ginen berriro, eta garagardoaren konpainian, amaitzeke utzitako eztabaida-solasaldiekin jarraitzen genuen, goizalderarte. Nork dio munduko arazoek irtenbiderik ez dutenik?

Musika aberastasuna

Musika emanaldiei dagokienez, azpimarratzekoa da EHZ jaialdiaren antolatzaileen gustu eta belarri ona. Kartelak beteko dituzten “izarrak” bilatu gabe, kalitate handiko taldeak eramaten dituzte, estilo ugaritasuna eta aberastasuna ziurtatuz.

Hala ere, kultura gutxituetako musikari ematen zaio lehentasuna.  Gisa horretara,  denen begien aurrean erakusten da, komunikabide ofizialetan azaltzen ez  den musika-eskaintza ugari dagoela, eta oso maila onekoa, gainera.

Laburbilduz: musikaz haratago doan jaialdia da EHZ: mamiari dagokionez, gizarte eredu honekin kritiko eta eraldatzailea da. Aldiz, azalari dagokionez, txukun eta duintasunez egindako jaialdia da, itsutuko gaituzten etxaferoetatik kanpo. Jaialdira “lan” egitera joaten direnak, lanerako baldintza onak aurkituko dituzte. Musikarekin gozatzera joandakoek, berriz, pertsona gisa -eta ez abereen gisa- hartuak izango dira. Jaialdiaren  koordinazio guneak “arditegia” izena duen arren, halaxe da hori.

Egitaraua



Uztailak 1, ostirala
-Musika: Luke, Amaren Alabak, Che Sudaka, Izate, Svinkels, Skunk, Daniel Helin, No Water Please eta Zabumba taldeen emanaldiak.
-Antzerkia: Les Kags eta Freddy Coudboulen ikuskizunak.

Uztailak 2, larunbata
-Musika: Maksagar, Marc Perrone, Mal de Ojo, Zea Mays, Sinclair, Okabe, BKBO, Watcha, Willis Drummond, Bikini Machine, Les Pistons Flingueurs eta Elisa do Brasil (Dj).
-Antzerkia: “Beltzeria” (Hiru punttu), “One woman show” (Emmanuelle Barbaras) eta Les Kags eta Freddy Coudboul.

Uztailak 3, igandea
-Musika: Maceo Parker, Karidade Benta, High Tone, Niko Etxart eta Hapa Hapa, No Water Please, Les Pistons Flingueurs, 26 Pinel, Wolfunkind eta Didier Super.-Antzerkia: “Elf la pompe Afrique” (Un pas der coté), “Heli-Yoyoko zorion galduaren bila” (Donibane Lohitzuneko antzerkilari gaztetxoak), “One woman show” (Emmanuelle Barbaras), eta Les Kags, Koldo Ameztoi, eta Pantxix Bidart, eta Freddy Coudboul.
-Beste: “
Euskaraz lardaxkatzeko manerak”, Asisko Urmeneta eta Kike Amonarrizekin.

Presoak, euskara eta emakumeak


Aurtengo ekitaldien barruan, emakumeentzako leku berezia gorde dute antolatzaileek. Izan ere, Emazteen Mundu Martxa Euskal Herritik igaroko dela profitatuta, emakumeen arazoez luze eta zabal hausnartuko dute EHZ jaialdian. Alde horretatik, jaialdiaren aurkezpenean, Karine Courtiadek datu beltz batzuk gogorarazi zituen, “munduan hamar probeetatik 8 emazteak dira, hilero 6 emazte beren gizonek hilak aurkitzen dira Europan, gizonek emazteak baino %25 gehiago irabazten dute…  eta abar”.

Emakumeen egoerarekin lotutako mintzaldi eta eztabaidez gain, oholtza gainean hitzordu bereziak izanen dira. Adibidez, Amaia Agirre, Estitxu Arozena eta Maialen Lujanbio bertsolariek solasaldi berezia izanen dute Slam ô Feminen taldeko neska olerkariekin. Elisa do Brasil dj ere protagonistetako bat izanen da. Euskara eta presoen aldeko aldarrikapenek ere leku garrantzitsua hartuko dute.

Zu ere laguntzaile


Euskal Herria Zuzenean jaialdian laguntzaile lanetan aritu nahi baduzu, mugitu ipurdia eta ez galdu denborarik. Harremanetarako telefonoa: 0033559702008 (Hego Euskal Herritik deituz gero) edo 59702008 (Ipar Euskal Herritik). Posta elektronikoa: piztu@free.fr. Webgunea: www.festival-ehz.com