Euskarri fisikoaren garrantzia

Euskarri fisikoaren garrantzia Streaming-a geroz eta nagusitasun handiagoa hartzen ari den honetan zenbait sortzaileek geroz eta gehiago zaintzen dituzte euskarri fisikoak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskarri-fisikoaren-garrantzia/@@download/image/Los-Discos-de-Vinilo-están-de-moda.jpg
2019/07/02

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Streaming-a geroz eta nagusitasun handiagoa hartzen ari den honetan zenbait sortzaileek geroz eta gehiago zaintzen dituzte euskarri fisikoak.
Euskarri fisikoaren garrantzia

Kate Tempest zaila da esatea zer den gehiago, musikaria ala idazlea. Horregatik, pausu logikoa da bere azken diskoa (The Book of Traps and Lessons, 2019) liburu formatuan argitaratu izana. Azal gogorrarekin eta lanaren izenburua urrez grabatua, izugarri dotorea da edizioa. Liburu-diskoa 30 orriz osatzen da eta bertan Tempest-en musikan horren garrantzitsuak diren letrak irakurri daitezke, hauen zirriborroekin batera. Guztia borobiltzeko Marlon James idazleak diskoari buruz idatzitako testu luze bat ere azaltzen da.

Kasu honetan zentzua du horrelako edizio puska bat ateratzeak. Sortzailearen letrak interneten aurkitu daitezkeen arren, zerbait galdu ote dugun beldurrez minutuero 17 aldiz mugikorra kontsultatzearen kritika egiten duen disko batek merezi du eseri eta eskaintzen duena inongo pantailarik gabe gozatzea. Baina kasu guztietan merezi al du streaming-ak eskaintzen duen erosotasuna ukatzea?

Baietz erantzungo lioke horri Rufus T. Firefy taldeak. Beraien Magnolia diskoaren edizio fisikoak literalki magnolia usaina du. Beraz, belarrietatik diskoa izugarri ongi sartzeaz gain beste zentzumenekin ere gozatu daiteke euren proposamenaz, betiere euskarri fisikoa izan ez gero noski. Taldeak esan zuenez bi aukerak hausnartu zituzten: zuzenean euskarri fisikorik ez argitaratzea edota zerbait oso landua jartzea salgai. Argi dago Madrildarrentzat disko bat abesti multzo bat baino zerbait gehiago dela, obra oso bat hain justu.

Egun ordea, musikaren joera beste bide batzuetatik doa, jendeak gero eta disko gutxiago entzuten ditu eta milaka artisten abestiekin osatutako playlist gehiago. Baina Kate Tempest ala Rufus T. Firefly bezalako edizio ederrekin gozatzen dudanean musikaz sentsazioa bestelakoa da, sakonagoa. Esango nuke ukitu daitekeen euskarria sentitzeak abestiak oraindik eta gehiago edertzen dituela eta obra bere osotasunean ulertzen lagundu. Gainera, euskarri fisikoak tartetxo bat eskaintzen dio entzuleari musika benetan entzuteko eta sortzaileek burutzen duten esfortzua osotasunean apreziatzeko.

Kate Tempest-ek dio horrelako gauzak zaintzea ingurune intimoenetan ongia egitea dela nolabait eta horrek eragina duela gizartearen ongian. Beharbada iraultza etxeetan hasten da, inguru hurbilenetan, detaile txikietan. Horretan lagundu dezake euskarri fisiko zaindu batek, geroz eta altxor gutxiago ditugula eskura dirudien gizarte likido honetan.

 

ARTIKULU HAU INTERESATU BAZAIZU...