PRESS PLAY VINYL FABRIKA: BINILOA FENIX BAT DA

PRESS PLAY VINYL FABRIKA: BINILOA FENIX BAT DA Garai digital hauetan biniloak egiten dituen fabrika bat irekitzeak erokeria dirudi. Ez dute ordea berdina pentsatzen Urdulizeko Press Play Vinyl fabrika berriaren sortzaileek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/press-play-vinyl-fabrika-biniloa-fenix-bat-da/@@download/image/Press-Play-Vinyl-Inauguración-fábrica-discos-vinilo-18.jpg
2019/04/12

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Garai digital hauetan biniloak egiten dituen fabrika bat irekitzeak erokeria dirudi. Ez dute ordea berdina pentsatzen Urdulizeko Press Play Vinyl fabrika berriaren sortzaileek.
PRESS PLAY VINYL FABRIKA: BINILOA FENIX BAT DA

Bai, ongi irakurri duzu, 2019an gaude eta Euskal Herrian binilo fabrika bat sortu da. Hain zuzen, otsailaren 14ko egun seinalatuan ireki zen, euren musikarekiko pasioa eta binilo formatuari dioten maitasuna berretsi nahiko balituzte bezala. Ordutik, bertako makinak bete-betean ari dira lanean eta Gonzalo de la Maza, marketin arduradunak, aipatu digu inoiz baino lan eta ilusio gehiagorekin daudela. Nork esan du hau ez dela ameslarien mendean?

Egia da biniloen salmentak gora egin duela, baina halere badirudi etorkizuna digitala dela. Nondik sortu zen binilo fabrika bat sortzeko ideia?
Beti eduki badugu ere biniloekiko pasioa, ez gara dirudigun bezain erromantikoak. Fabrika sortzearen ideia 2017-2018 bitarte egindako merkatu ikerketa garrantzitsu baten ostean sortu zen. Ikerketa horren ondorioak oso positiboak izan ziren. Ikusi zen hemen binilo fabrika bat edukitzeak, bai artistentzat eta baita diskoetxeentzat ere, abantailak ekar zitzakeela. Euren hizkuntza berdina hitz egiten baitugu, hurbileko zerbitzu pertsonalizatua eman eta entrega data oso laburrak eskaini.

Nolako eskariak izan dituzue orain arte?
Hurbileko zigiluen eskaerekin hasi genuen gure produkzioan kalitate gorena ziurtatu ahal izateko, bai produktuan eta baita zerbitzuan ere, benetako produkziora pasa aurretik. Egun, benetako produkzioan sartuak gaude bete-betean eta hurbileko zigiluekin lanean jarraitzen badugu ere, Espainiar Estatu osoko zigilu eta diskoetxeentzat ere tiradak egiten ditugu.

Nolakoa da biniloak fabrikatzeko prozesua?
Behin diskoa grabatuta eta soinuaren nahasketa egin ondoren, masterreko estudioak biniloarentzat bereziki egindako masterizazio nahasketa bat egiten du soinua biniloak dituen ezaugarri zehatzetara egokitzeko. Guk jada masterizatua dagoen soinu hori jaso eta diskoaren master fisikoa fabrikatzen dugu: laka edo kobrezko gainazal batean lorratzak grabatzen dira, gainazal horretan soinuaren bibrazioak irudikatuz.

Masterra sortu ondoren galvanizazio prozesuari ekiten zaio. Masterra disoluzio kimiko batean murgiltzen da bi “disko” metaliko eskuratuz, bata A aldearentzat eta bestea B aldearentzat. Hauek lorratzak beharrean erliebeak dituzte. “Inprimatzaileak” deitzen diegun “disko” metaliko hauek biniloak izango diren disko bakoitzaren moldeak lirateke.

Biniloa bera PVC bezala ezagutzen den materialez fabrikatzen da. Disko bakoitza sortzeko, gure prentsa automatikoak PVC pastilla bat urtzen du eta inprimatzaileetan jartzen ditu. PVC materiala plantxatzean plastikoan geratzen dira aurretik sortu dugun moldearen lorratzak. Behin diskoa hoztuta eta proba bisualak eta soinuarenak egin ondoren, inprentan fabrikatzen ditugun gutun-azaletan sartzen ditugu. Lortzen dugun azken emaitza dendetan, kontzertuetan, jaialdietan... saltzeko prest dago.

"BINILOAK bere erritual propioa du: diskoa bilatu, ireki, orratza aukeratutako abestiaren gainean leunki jarri, azala eta liburuxka ukitu eta begiratzen ditugun bitartean eseri... hori ez du formatu digitalak eskaintzen!"

Zer eskaintzen du zuentzat biniloak beste formatuek eskaintzen ez dutena?
Aipatu duzun bezala, garai digitalean gaude, ukiezina nagusitzen den garaian, kontsumo azkarra bete-betean dago, musika kartara dugu. Horren aurrean, alde batetik biniloak euskarri fisiko erakargarriago bat eskaintzen dio musikazaleari: azal handiak eta diseinu ederrak. Binilo zaleek izugarri apreziatzen dituzten ezaugarriak hain zuzen. Bestalde, entzunaldi oso berezia eskaintzen du, erlaxatua eta behartzen zaitu detaileetan arreta jartzera. Biniloak bere erritual propioa du: diskoa bilatu, ireki, orratza aukeratutako abestiaren gainean leunki jarri, azala eta liburuxka ukitu eta begiratzen ditugun bitartean eseri... hori ez du formatu digitalak eskaintzen!

Eta zein dira bere desabantailak?
Beharbada desabantaila nagusia da ezin dela edozein tokitan entzun. Biniloak, digitalak ez bezala, leku batean egotera behartzen gaitu. Baina ongi pentsatu ez gero, bizitza hain mugitu eta azkar honetan hori desabantaila bat al da?

"Biniloa formatu fisikoetan erregea da. "

Zein album fabrikatzea gustatuko litzaizuke?
Norberaren gustuen araberakoa da, baina niretzat ohorea zatekeen Curtis Mayfield-en Superfly edota Miles Davis-en Kind of Blue biniloaren edizio berezia produzitzea. Azken hau etxean dut gordea, dudan altxorrik preziatuenetako bat.

Nola uste duzue entzungo dela musika etorkizunean?
Dena hain azkar aldatzen da eta aurrerapen teknologikoak hain azkar gertatzen dira zaila dela zerbait ziurtasunez aurreratzea. Argi dago halere, pertsonalizazioa dela egungo eta ziurrenik etorkizuneko merkatuen gakoa. Horregatik uste dugu formatu fisikoaren alde egiten duen musikazaleen merkatu-nitxoa mantenduko dela. Biniloa formatu fisikoetan erregea da.

MUNDUKO BINILO FABRIKARIK HANDIENAK BERE PRODUKZIO AHALMENA HANDITU DU
United Record Pressing, Nashville-en dagoen munduko binilo fabrika handienak 2014an iragarri zuen, eskaeren igoeragatik bere instalazioak handitu behar izan zituela hamasei prentsa gehituz. Jay Millar zuzendariaren esanetan fabrikak egunero 30.000 eta 40.000 binilo inguru produzitzen ditu. Badirudi beraz, formatu digitala erosoagoa izan arren, musikazaleek musikarekiko harreman sakonagoa nahi dutela eta hori biniloak soilik eskaini dezakeela.

JACK WHITE MUSIKARIAK ERE BADU BERE BINILO FABRIKA
Argi dago Jack White ipurterrea beti dabilela erronka berrien bila. White Stripes, The Racounteurs eta The Dead Wheather taldeetan ibilitako musikaria orain bere bakarkako bidean dabil, zenbait pelikuletan agertu da eta bere zigilu propioa ere sortu du: Third Man Records. Horrekin konforme ez eta 2015ean, bere zigiluaren establezimendu erraldoia aprobetxatuz, binilo fabrika bat sortu zuen. Fabrika ez da bere zigiluko proposamenak produzitzera soilik mugatzen, helburua inguruko diskoetxeekin ere lan egitea baita tirada txikiak argitaratuz. Dirudienez biniloa inoiz baino biziago dago!