Eneko Compains: "Euskaraz funtzionatuko duen unibertsitatea behar dugu"

Eneko Compains: "Euskaraz funtzionatuko duen unibertsitatea behar dugu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eneko-compains-quoteuskaraz-funtzionatuko-duen-unibertsitatea-behar-duguquot/@@download/image/72p50.jpg
2007/03/02
elkarrizketa
Jon Odriozola
Ikasle mugimenduan ibilia da, urtetan, Eneko Compains iruindarra. Zuzenbidean eta enpresa administrazio eta zuzendaritzan lizentziatu ondoren, 25 urteko gazte hau Nazio Eztabaidagunean ari da lanean, gaur egun, Euskal Herriaren arazoei erantzun bateratua emateko asmoz. “Euskal unibertsitatea sortzen denean ez dut errektore izateko asmorik; agian, irakasle izango naiz”, dio irribarretsu. 

Duela bi urte, “Izar berri bat piztutzera goaz” ekimenean, euskal unibertsitatearen beharra nabarmendu zuten Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Leioako campusean. Nazio Eztabaidaguneak beste ekarpen bat egin berri du. Gaia pil-pilean dago, ezta?
Euskal unibertsitatearen aldarrikapena ez da atzo goizekoa. 1973. urtean, frankismoan, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) sortu zen, eta jakina da orduz geroztik, euskal unibertsitatea sortzea izan duela beti helburu nagusi.

Zertan da euskal unibertsitatea sortzeko prozesua?

2003. urtean UEUk II. Batzarra egin zuen. Lehen aipatutako helburu estrategikoa lortzeko, urrats praktikoak ematen hasi behar zuela erabaki zuten batzar hartan; hau da, euskal unibertsitatearen bidean, oinarriak jartzea. Ildo horretatik, helburu zehatzago batzuk ere onartu zituzten batzarrean; euskal unibertsitatearen proiektua garatzeko, UEUko zuzendari ondokoa izendatzea, adibidez. Edo euskal unibertsitatearen sustapen batzordea abian jartzea; unibertsitatea juridikoki, soziologikoki… nola eraiki daitekeen islatzea, hain zuzen ere. Euskal Herriak, gaur egun, ez du euskara ardatz duen unibertsitaterik. Behar-beharrezkoa du, ordea. Euskarak, garai batean, ikastolen beharra zuen bezala, ezinbestekoa du, XXI. mendean, euskara hutsez funtzionatuko duen unibertsitatea.

Eta nolako ekarpena egin du Nazio Eztabaidaguneak?

Orain arte proiektua osatze bidean egon da, eta datozen hilabeteetan egikaritze fasea abian jarriko dugu. Nazio Eztabaidagunetik galdera bat egin genuen: “Nazio gisa bizirauteko eta garatzeko, zeintzuk dira, zure esparrutik begiratuta, Euskal Herriak dituen behar akademikoak?”. Azken hilabeteotan, bederatzi eremutatik —hezkuntza sexu-parekidetasuna, lehen sektorea, ingurumena, gazteria, kirola…—, ekarpen ugari jaso dugu. Eta ekarpen horiekin txosten bat osatu dugu eta hainbat eragileri bidali diegu.

Etorkizuneko euskal unibertsitateak nolakoa izan beharko lukeen zehazteko, txosten hori baliagarria izan daitekeela uste duzue, beraz.

Ekarpenetan ez dugu galdetu balizko unibertsitate berriak nolako ikasketa eskaintza izan beharko lukeen. Ez. Behar akademikoak aztertu ditugu. Eta euskalgintzaren aldetik, euskararen berreskurapen prozesuaren inguruko ekarpen asko jaso ditugu. Hori bultzatzeko, ikerketek zeresana izango dute.

“Gaur egun baditugu unibertsitateak. Zertarako beste bat?”, pentsatuko du, beharbada, baten batek…

Eremu unibertsitarioa hiru zati administratibotan dago banatuta, eta bertan sei unibertsitate daude. Nahiz eta eskaintza zabala dugun, ez dituzte unibertsitateok Euskal Herritik Euskal Herrira begira eraiki; Espainiako eta Frantziako ereduak inposatu zaizkigu. Oraingo unibertsitateek ez diete behar bezala erantzuten Euskal Herriaren behar akademikoei. Gaztelerak eta frantsesak unibertsitatea duten bezalaxe, euskarak ere behar-beharrezkoa du, bizirauteko, euskaraz funtzionatuko duen unibertsitatea.

Prentsak irakurlerik gabe ez du etorkizunik. Eta unibertsitate orok ere ez, ikaslerik gabe…

Egia da. Soziologia enpresa batek UEUrentzat ikerketa bat egin du, unibertsitateko lehendabiziko mailetan dauden ikasleekin. Euskal unibertsitatearen aldeko egitasmoak oso harrera ona izan du, eta ikasle euskaldun asko unibertsitate berria martxan ikusteko zain dago. Proiektu txukuna egitea da kontua.

Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE) ekimeneko partaide Eneritz Ugalderen iritziz, euskal unibertsitatea egingarria da, eta “epe motzean egin beharko dugu”.

Asmoaren inguruan aliantza soziopolitiko zabala eraiki beharko dugu, babes ekonomiko handia behar duelako. Bitarteko pedagogiko mordoxka bildu beharko dugu; irakasleak… Helburua ez da erraza izango, baina masa bat badugu Euskal Herrian proiektu hau bultzatzeko prest, eta itxaropentsu gaude. Ez da izugarrizko epe luzera begira egindako egitasmoa; epe laburrera edo ertainera begira egindakoa, baizik.

EHUren leloak “Eman ta zabal zazu” dio. Euskal unibertsitateak inoiz baino gehiago eman dezakeelakoan eta zabal daitekeelakoan zaude?

Dudarik gabe. Jendeak egindako ekarpenekin, batez ere, nazio eraikuntzako hainbat esparrutan dabiltzan sektoreak inplikatzea lortu dugu. Hala ere, lan handia dugu aurretik.

Euskaltzaindiak, 1918tik 1923ra bitartean, euskal unibertsitatearen lehen egitasmoa bultzatu zuen.

Nahi horren mendeurrena betetzeko hamaika urte falta dira baina ospatu baino lehen, euskal unibertsitatea martxan ikusi nahi nuke.