OpenAI-k norbere lanetan laguntzeko balioko duten entzungailu adimendunak merkaturatuko ditu
Adimen artifizialaren garapenean buru-belarri ari dira enpresa asko, eta OpenAIk Sweet Pea izeneko teknologiaren berri eman du. Pantaila eta eskuak erabili beharrik gabe, adimendun entzungailuen bidez izango luke erabiltzaileak bere zenbait zereginez arduratuko litzatekeen laguntzailea.
Eguneroko egitekoak kudeatu, unean uneko ahots-komandoei erantzun, eta erabiltzailearen beharrei aurrea hartzea izango litzateke haren eginkizuna. Entzungailuak belarrietan jarri eta adimen artifizialarekin elkarrizketan arituta lortuko litzateke hori guztia, ukimen edo ikusmen interakziorik gabe.
Zer zeregin egin ahal izango ditu? Bada, mezuak berrikusi, emailak eta agenda kudeatu, janaria edo taxia eskatu, erreserbak egin, kontsultak egin, produktuak erosi eta halakoak. Hori guztia ahotsa erabilita bakarrik. Erabiltzaileak lanaldi osoan eraman ahal izango du soinean, edozein tokitan aginduak eman ahal izateko eta baita hari egindako galderen erantzunak jasotzeko ere.
Kamera eta mikrofonoaren bidez erabiltzailearen ingurua ere identifikatu ahal izango du, eta horrekin lotuta, haren eguneroko errutinak ikusi eta haren beharrei aurre hartzeko gaitasuna ere izango omen du. Esaterako, bilera batean dagoela antzemanez gero, jakinarazpenak isildu ahal izango ditu, edota presazko kontuen berri eman bakarrik, arretaren eta denboraren mesedetan.
Jarrera aktiboa har dezake eskatu beharrik gabe, emailak begiratu eta hitzorduak gogorarazi adibidez. Eta erabiltzailearen egunerokoa ikusita, haren ohiturak eta joerak ere barneratuko omen ditu. Hartara, denboraren poderioz, laguntza pertsonalizatuagoa emateko aukera izango du.
Belarri atzean ipintzeko diren pilula itxurako bi modulu metalizatu izango dira. Arrautz formako gailu batean gorde beharko dira erabili eta gero. Urtearen bigarren seihilekoan kaleratzea aurreikusten dute, eta 40-50 milioi unitate merkaturako omen dituzte lehen urtean.
