[ZIRT-ZART] YONI SALABERRIA: “Asko kosta zait nigan sinestea eta ikasketa hori da nire lorpenik handiena”
Zer kultur produktu erosi duzu azkenaldian zuretzat?
Musikariak diren lagunen CDak edo produktuak erosi ohi ditut.
Zein da gehien erabiltzen duzun aplikazioa?
Instagram. Ez da nire sare sozialik gustukoena. Hala ere, gaur egun proiektu artistikoak eta norbere lana ezagutzera emateko bide garrantzitsua bihurtu da.
Zer da zuretzat zoriontasuna?
Bakarrik nagoenean, nire buruarekin lasai eta ongi nagoela jakitea. Lasaitasun mentala zoriontasunaren sinonimoa da.
Zein izan da zure lorpenik handiena?
Txikitan, nire burua abeslari moduan irudikatzen nuen. Orain, puntu horretan nagoelarik, sentipen bitxia da. Asko kosta zait nigan sinestea eta ikasketa hori da nire lorpenik handiena.
Zer da kalean musika jotzen edo abesten gertatu zaizun gauzarik bitxiena?
Donostiako Kursaal atarian jotzekoak ginen Aste Nagusian, eta bat-batean ikaragarrizko galerna hasi zen. Nire autotunea, oihalak eta eszenatoki erdia eraman zituen. Azkenean, ordea, haizea bat-batean lasaitu zenez, kontzertua eman ahal izan genuen.

Miresten duzun norbaiti argazkirik edo autograforik eskatu al diozu?
Irujo pilotariaren zale sutsua izan naiz beti. Kontua da Goizuetakoa naizela eta, normalean, denak Olaizola zaleak izaten direla. Irujok, bere zalerik handiena goizuetarra zela jakin zuenean, sinatutako kamiseta oparitu zidan, kar-kar.
Etxetik kanpo afaltzen duzunean, zer da gehienetan jaten duzuna?
Ogitarteko begetala.
Zein izan da zure bizitzako uda?
Etxekoak ez gara askotan joan izan oporretan. Baina gogoan dut txikitan gurasoekin eta anaiarekin Mendigorriara egin genuen bidaia
bat. Oso oroitzapen berezia dut.
Puntuala zara ala beti berandu iristen den horietakoa?
Garaiz ibiltzea gustatzen zait, behar baino pixka bat lehenago ailegatzen den horietakoa naiz. Baina berandu noala ikusten badut, abisatu egiten dut.
Beti gomendatzen duzun telesaila edo pelikula?
Better Call Saul. Oso modu sakonean lantzen ditu pertsonaien barne munduak.

Norekin geldituko zinateke igogailu batean irten ezinik?
Leitzako lagunekin. Bertan betirako geratu behar badugu ere, behintzat barre-algaraka joango gara mundu honetatik, kar-kar.
Zer pertsona miresten duzu gehien?
Nire aitonarekin oso lotura estua nuen, eta bera aukeratuko dut.
Zer da egin duzun erokeriarik handiena?
Mexikora joan nintzen bakarrik, motxila hartuta. Ikasketa oso sakonak izan nituen bidaia horretan, txarrerako eta onerako. Bizi naizen lekua, nire etxea eta etxekoak gehiago baloratzen ikasi nuen bertan, eta herrialde batzuei buruz entzuten ditugun topikoak ez direla beti hala izaten.
Zer balioesten da behar baino gehiago?
Mugikorrek eta sare sozialek ematen diguten hiperkonektibitatea. Lehen urruti genuena, bertan eta eskura dugu orain. Baina bidean, guregandik gertu dauden horiengandik aldendu gara.
Zure ezaugarriren bat aldatu ahalko bazenu, zer aldatuko zenuke?
Gauza edo txorakeria oso txikiei mila buelta ematen dizkiet. Dron baten moduan goraka joan eta panorama zabalago ikustea
gustatuko litzaidake askotan.

Etxetik gauza bakarra hartu beharko bazenu, zer objektu izango litzateke?
Nire abestiak, proiektuak eta marrazkiak gordetzen ditudan USBa hartuko nuke.
Non bizitzea gustatuko litzaizuke?
Zorionez, mendian bizi naiz, naturaz inguraturik, animaliak, zuhaitzak… Honelaxe egon nahiko nuke beti.
Zein dira zure heroiak bizitza errealean?
Nire gurasoak, egin zuten eta egiten duten lanarengatik. Inor ez da guraso izateko ikasita jaiotzen eta gu bost senide gara, zein baino zein bihurriagoa. Oso eskertuta nago.
Zerk pizten zaitu sormen edo emozio aldetik?
Mendiko isiltasunak. Astean zehar nigan pilatu ditudan gauza guztiak mugitzen dizkit eta, askotan, hor hasten dira ideia gehienak.
Zer soinu edo zarata gustatzen zaizu gehien?
Euriaren soinuak zeozer sortu izan dit barruan txikitatik. Gogoan dut zira zahar batekin txapazko teilatua zuen txabola batera joaten nintzela, euriak bertan egiten zuen soinua entzutera.
Zein da zure ezkutalekua?
Nire barne munduan galtzea oso gustuko dut. Orduak eta orduak pasa ditzaket hala, kanpoko soinurik entzun gabe.
Zer lanbidetan ez zinateke arituko?
Taxista lanetan oso larri ikusiko nuke nire burua. Ez naiz kokapen eta izenekin trebea, kar-kar.
