Youtubek mezu pribatuak bidaltzeko aukera emango du
Youtubek mezularitza pribatua martxan jarri du berriz. Erabiltzaileek bideoak partekatu eta mezuak elkartrukatu ahal izango dituzte aplikaziotik atera beharrik gabe.
2017an mezu pribatuak bidaltzeko sistema izan zuen YouTubek, baina pare bat urte geroago bertan behera utzi zuen, beste funtzio batzuei heltzeko. Bada, erabiltzaileek hala eskatuta, berriz bueltan izango da.
Erabiltzaileek YouTubeko bideoak eta bideo laburrak edo shorts-ak partekatu, eta elkarri haien inguruko iruzkinak egin eta mezuak bidaltzeko aukera izango dute plataforman bertan. Izan ere, orain artean, Whatsapp, Instagram, Messenger edo bestelako mezularitza aplikazioetara jo behar izan dute bideoak partekatu eta ingurukoekin haiei buruzko kontuak aipatzeko.
Funtzio berri hau pixkanaka izango da eskuragarri Estatu Batuetako eta beste herrialdeetako 18 urtetik gorako erabiltzaileentzat. Aplikazioaren goialdean mezuen atala izango da eta bertan gonbidapen loturak sortuko dira elkarrizketa hasi ahal izateko. Hortaz, ez da zuzenean Youtubeko edozein erabiltzaileri idazteko aukerarik izango.

YouTuben sortutako gonbidapena beste aplikazioen bidez partekatuko da. Hala, aurrez elkar ezagutzen duten pertsonen arteko interakzioak sustatu nahi ditu eta ezezagunen arteko mezu deserosoak saihestu.
Gonbidapen zuzena egiteaz gain, mezularitza aplikazio batean Youtubeko bideoa norbaitekin partekatu eta besteak YouTuben bideoa zabaltzerakoan, plataformak haien arteko hartu-emana identifikatu eta pertsona horrekin mezu-trukea sortu nahi duen galdetuko dio. Onartuz gero, elkarrizketa pribatua sortuko da bertan.
Erabiltzaileek haien adina berretsi beharko dute funtzio hau erabiltzeko, 18 urtetik aurrerakoentzat soilik izango baita erabilgarri.
