Ekuador: Herri bat, hainbat errealitate

Ekuador: Herri bat, hainbat errealitate https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ekuador-herri-bat-hainbat-errealitate/@@download/image/30p21-1.jpg
2003/05/02
erreportajea
Orreaga Aranburu
Ekuador: Herri bat, hainbat errealitate
Oso herrialde anitza da Ekuador. Toki batetik bestera, asko aldatzen da bizimodua, batez ere nekazaritza komunitatetatik hirira. Iñigo Azkona argazkilari bilbotar eta GAZTETXULOko laguntzailea Ekuadorren izan da hiru hilabetez, eta herri honen eta bertako gazteen egoeraren erretratoa egin digu.

Ekuadorren hiru hilabete pasatzeko aukera sortu zitzaion Iñigo Azkonari, Gobernuz Kanpoko zenbait erakunderen proiektu bat zela medio. Bi aldiz pentsatu gabe, argazki kamera hartu eta Hego Ameriketako herri honetara abiatu zen, bertako bizimodua erretratatzera.

Iritsitakoan, herrialdeaz ikuspegi okerra zuela konturatu zen: "Askotan, Ekuadorrez ari garenean, hirugarren munduko irudiak datozkigu burura, baina hara iristean, konturatzen zara hori ez dela guztiz egia. Izan ere, gauzak asko aldatzen dira leku batetik bestera. Erabat desberdina da Quito hiriburuan ala, handik ehun kilometrora, komunitate etniko batean egotea", dio Iñigok.

Hiriburuak antz handiagoa du Europako hiri baten bizimoduarekin: eskolara edo lanera joan, aisialdia gozatu… Dena dela, pobrezia handia dago, ez baitago maila ertaineko klaserik.

Nekazarien komunitateetan, bestalde, sozializazioa da ezaugarri nagusia. "Erabakiak batzarretan hartu ohi dituzte. Gazte bat unibertsitatera bidali ala ez, esaterako, denen artean erabakitzen dute, eta denen artean ordaintzen dizkiote ikasketak, etorkizunean pertsona hori komunitatearentzat baliagarria izan dadin", esan digu argazkilari bilbotarrak. Hala ere, komunitateetan, gazteek txikitatik laguntzen diete gurasoei lanean eta, ondorioz, eskolak jasotzeko aukera eskasa izaten dute.

Kontzientzia sozial txikia

Hiriburuko gazteek Europakoen antzeko arazoak dituzte, baina areagotuak. Iñigoren aburuz,  ordea, kontzientzia soziala txikia da: "Gazteek beren arazoez berba egiten dute, baina gizarte mugimendu gutxi daude, eta nahiko ahulak dira".

Ondo antolatutako gizarte mugimendu gutxi izan arren, unibertsitateko eta eskoletako gazteek, oro har, gobernuaren aurkako jarrera dute. "Gobernuaren edozein erabakiren kontra kalera ateratzen dira. Ni hara iritsitakoan, adibidez, hauteskundeetan zeuden, eta manifestazio asko egin ziren, gobernuak milioi asko zor dizkiolako hezkuntzari. Presidente berria aukeratu zutenean, autobus bidaien prezioa bost zentabo igotzea erabaki zuen, eta jendea kalera atera zen eta protestaldiak izan ziren bi astez".

Hezkuntza eta lana

Hezkuntzari dagokionez, diruak agintzen du, eskola gehienak pribatuak baitira, eta bekak, oso eskasak. Dirudunek baino ez dute "kalitatezko" hezkuntza jasotzen, eta ondorioz, pobreen eta aberatsen artean gero eta alde handiagoa dago prestakuntza aldetik.

Lanari dagokionez, egoera larria dela dio Iñigok: "Oso zaila da lan finkoa aurkitzea, eta bakoitzak ahal bezala egiten du aurrera". Soldatapeko lanen bat lortuz gero, gazteek oso gutxi kobratu ohi dute: batez besteko soldata 180 euro ingurukoa da. Gainera, duela lau urte Ekuadorreko ekonomian dolarra erabiltzen hasi zirenetik, prezioak izugarri igo dira.

Aisialdia eta droga

Jakina, gazteek ez dute aisialdian diru asko gastatzerik. Etxetik irteten direnean, orduak pasatzen dituzte tabernan zerbeza bat hartzen. Bestela, kalean edo lagun baten dendan elkartu ohi dira. Ez dute beste aukerarik, aisialdirako jarduerak eta azpiegitura publikoak oso eskasak dira eta.

Bestalde, Kolonbiako eta Ekuadorreko oihanetik kokaina eta marihuana ugari sartzen da Quiton. Marihuana kontsumoa ohiko da gazteen artean, baina ez da ez kalean ez tabernetan erretzen, ezkutuan baizik, droga kontsumoa gogor zigortzen baitute Ekuadorreko legeek. Iñigok azaldu digunez, marihuana poltsa batekin harrapatuz gero, bi urteko kartzela ezar dezakete. Hala ere, diru truk poliziak ezikusiarena egiten du.

Familia eta sexu harremanak

Sexu harremanei dagokienez, gazteek antisorgailuei buruzko informazioa dutela esan digu Iñigok, baina dena den, Euskal Herrian baino askoz lehenago izaten dituzte seme-alabak. "Izan ere, beraien ustez, haurrak ez dira bizimodua aurrera ateratzeko traba". Beraz, neskek oso goiz izaten dituzte umeak. Quito hiriburuan, 20-21 urterekin, emakume gehienak ama dira. "Beste era batez ulertzen dute amatasuna. Euskal Herrian bizimodua antolatuta izan arte itxaroten dugu: ikasketak bukatu, lana aurkitu, etxebizitza erosi… Ekuadorren, berriz, ez".
Hiriburutik kanpora, nekazarien komunitateetan, are gazteago izaten dituzte seme-alabak emakumeek: batez beste, 15 edo 16 urterekin. "Horrela ohitu dira, txikitatik langile dira, eta ez dute haurtzaro eta gaztarorik izaten", dio Iñigo Azkonak.

Immigrazioa

Bistan da bizimodua ez dela batere erraza Ekuadorren. Ondorioz, ekuatoriar askok bertatik alde egiten dute, tartean gazte askok. Horrez gain, badira toki batetik bestera ibiltzea ogibide bihurtu duten taldeak; Otoval izeneko etniako herritarrak, esaterako. Ekuatoriar asko bizimodu hobe bila irteten dira kanpora, familia bertan utzita. Hasieran, dirua irabazi eta herrira itzultzeko asmoz alde egiten dute. Baina, dena den, haietako asko ez dira inoiz jaioterrira itzultzen.
Hain zuzen ere, errelitate hori erretratatu du Iñigok Ekuadorren: familiakoei agur esanda, betirako bertan geratzen direnen errealitate gordina.

Erakusketak



Immigranteen familien bizimodua aztertu du Iñigo Azkonak, hainbat GBEren laguntzaz. Ekuadorren hiru argazki erakusketa egin ditu, bertan geratzen diren senideei buruz. Beste zenbait herrialdeetan ere erakusketak egin  ondoren, argazkiak Euskal Herrira ekartzeko asmoa du Iñigok, Bilbon erakusketa egiteko. Bien bitartean, hainbat argazki bere web orrialdean daude ikusgai.