Ekarpen txikien urrezko pisua

Ekarpen txikien urrezko pisua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ekarpen-txikien-urrezko-pisua/@@download/image/iritzia_benat_z_1357898673.jpg
2013/01/04
erreportajea
Beñat Zarrabeitia (Herrira mugimendua)
Ekarpen txikien urrezko pisua
1983ko abuztuan jaio nintzen. Zoritxarrez, badira bi elementu sortu nintzen une beretik –eta aurretik– Euskal Herriko egoeraren parte izan direnak: gatazka eta, bere ondorioen artean, preso eta iheslari politikoen existentzia.

Jaio eta gutxira, espetxean zegoen osaba bisitatzera eraman ninduen amak, Sorian zegoen. Pajares mendate gaineko putreek sudurra izozturik zutela kontatzen zidan amak. Egun, oraindik ere, astebururo milaka euskal herritarrek egiten diete aurre sakabanaketaren arriskuei.

Uholdeek Bilbo ur azpian utzi eta lehen eskuko produktuak lortzea kasik ezinezkoa zen hartan, gure amamak Zabalburu Plaza inguruan zegoen farmazian ume jaioberriei ematen zaien esnea eskuratu zuen. Handik gutxira ETAk Alberto Martin Barrios hil zuen, Espainiako ejerzitoko farmazia kapitaina orduko hartan.

Ikastolan matrikulatu ninduten une berean, ekaineko bigarren igandean, telefono dei batek bizitza gelditu zuen. Osaba, gure osaba Joseba Asensio Kirruli, hilik aurkitu zuten Herrera de la Manchako ziegan. Tuberkulosia ei zuen. Espetxean X izpien makinarik ez eta osaba Europan kasik desagertuta dagoen gaitz baten ondorioz hil zen. Ez da bakarra izan. Gerora, beste hogei euskal preso politikok galdu dute bizia kartzelan edo askatasuna berreskuratu eta berehala. Egun, hamahiru presok gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzte baina, Iosu Uribetxebarriaren kasuan argi geratu den bezala, Espainiako Gobernuak giza eskubideen urraketaren aldeko hautua egina du.

Esan bezala, 29 urte ditut, eta gatazka beti egon da hor, gertuago edo urrunago. Goizean irratiko informatiboarekin batera asaldatu izan naiz, minez batzuetan irriz bestetan.

Gazte askok bezala, itxaropenez bizi dut egungo egoera. Gatazkari behin betiko irtenbidea eman eta Euskal Herrian bake justua eraikitzeko eginiko urratsak zinez inportanteak dira. Gobernuek itxikeria mantentzen duten arren, jendarteko sektore, esparru eta adin guztietako pertsonak aktiboki mobilizatzea ezinbestekoa da konponbidea bururaino eramateko.

Gazteok gatazkaren eta presoen existentziarekin hazi izan gara eta bizi gara. Garaia da hori historiako liburuetan uzteko, eta horretarako ekarpen txikiek ere urrezko pisua izan dezakete. Horregatik, datorren urtarrilaren 12an Bilboko karriketan ikusiko dugu elkar. ‘Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira’ lemapean herri mobilizazio orokorra deitu du Herrirak. Zita historikoa izango da, etorkizuneko gazteek bake justua eta preso eta iheslaririk gabeko Euskal Herria ezagutu dezaten.