Dinagu kolektiboaren 'Nomadak Gaitun!' azoka egingo dute asteburuan Donostian

Dinagu kolektiboaren 'Nomadak Gaitun!' azoka egingo dute asteburuan Donostian Euskal Herriko emakume sortzaileen postuak jarriko dituzte larunbatean eta igandean Egiako Teila Fabrikan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dinagu-kolektiboaren-nomadak-gaitun-azoka-egingo-dute-asteburuan-donostian/@@download/image/dinagu.png
2021/12/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euskal Herriko emakume sortzaileen postuak jarriko dituzte larunbatean eta igandean Egiako Teila Fabrikan.
Dinagu kolektiboaren 'Nomadak Gaitun!' azoka egingo dute asteburuan Donostian

Dinagu emakume sortzaileen kolektiboak antolaturiko Nomadak Gaitun! azoka ibiltariaren hirugarren edizioa egingo dute asteburuan, larunbatean eta igandean, Donostiako Egia auzoko Teila Fabrikan. Moda, bitxigintza, ilustrazio, zeramika zein dekorazioaren arloan lanean diharduten emakume sortzaileen postuak izango dira bertan bi egunetan banatuta, guztira 34 proiektu ezberdin. Jasangarriak diren proiektuen erakusleiho izatea nahi dute azoka, diseinu eta irudiaren esparruan Euskal Herrian ekoiztuak diren produktuen eskaintza badela erakusteko herritarrei.

Larunbatean 11.00etatik 14.30era eta 16.30etik 20.30era egongo da zabalik azoka, eta igandean, berriz, 11.00etatik 18.30era. Azoka Egia auzoko Teila Fabrikan kokatzea hautatu dute, eurentzat "erreferentziazkoa" den espazio batean antolatzea baitute ohitura. Euren hitzetan, "balore eraldatzaileetan garatzen diren proiektuen teilatupea da Teila Fabrika eta elkarlan, ekonomia soziala eta kultura ditu ardatz". Egiako Jai Batzordea, Garraxi eta Koxkorrio tabernen laguntza ere izango dute, besteak beste. Gainera, Nomadak Gaitun! pintxo berezia dastatzeko aukera ere izango dela jakinarazi dute.

Dinagu kolektiboa hiru urteko ibilbidea duen Euskal Herriko emakume sortzaileen topalekua da. Euren helburua emakume sortzaileen lanaren ikusgarritasunean jardutea, elkarlanari bide eginez elkarrekin ahalduntzea, egoeraz hausnartzea eta sortzaileen beharretara egokitzen diren ekimen berriak sortzea da.

Bertakoa erosi eta oparitu
Iazko Gabonetan hasitako ekimenarekin jarraituz, aurten ere modu kontzientean erosteko deia egin du kolektiboak. Horretarako, #nikbertakoaerostendut eta #nikbertakoaoparitzendut traolak erabili dituzte eta baita kanpainarako bideoa sortu ere. Proiektu hauek guztiek behar duten hauspoa izateko eskatu nahi diete herritarrei, "guztion artean kontsumo eredu berri baten alde egiteko".