Dantza bertikala eta txalaparta uztartzen dituen ikuskizuna estreinatuko da gaur Donostian

Dantza bertikala eta txalaparta uztartzen dituen ikuskizuna estreinatuko da gaur Donostian Natura, hiria, tradizioa, garaikidetasuna eta generoa ditu ardatz 'Dendu' ikuskizunak eta gai horien inguruko hausnarketa bideratu nahi du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dantza-bertikala-eta-txalaparta-uztartzen-dituen-ikuskizuna-estreinatuko-da-gaur-donostian/@@download/image/Dendu horizontal.jpg
2022/03/15

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Natura, hiria, tradizioa, garaikidetasuna eta generoa ditu ardatz 'Dendu' ikuskizunak eta gai horien inguruko hausnarketa bideratu nahi du.
Dantza bertikala eta txalaparta uztartzen dituen ikuskizuna estreinatuko da gaur Donostian

Harrobi Dantza Bertikala Konpainiak eta Oreka Tx-ek Dendu izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute gaur Donostiako dFeria arte eszenikoen jaialdian. Dantza bertikala eta txalaparta izango dira ikuskizun berri honetako osagai nagusiak.

Sortzaileek adierazi dutenez, 'dendu' hitza 'oreka'-ren sinonimoa da: "Dendua egon dadin txuriak beltza behar du; tesiak antitesia; ilargiak eguzkia. Antagonismo horretatik soilik sortzen dira grisa, sintesia, eklipsea. Bategite hori da denduaren adierazpide muturrekoena. Aurkakotasunetik gerturatzera; gerturatzetik uztartzera; uztartzetik, hibridatzera. Denduaren bila. Bategitearen bila". 

Hain zuzen ere, elkarlanean ari diren bi taldeek dute orekaren jarduna oinarri: "Harrobiko dantzariek pareta batetan eskegita dantzatzen dutenean orekaren adierazpena da bere baitan. Txalapartak oreka ere irudikatzen du. Bi erritmoen artekoa, bi pertsonen artekoa. Baina urrats bat haratago joatea eta bategitera iristera da txalaparta, hori du bere oinarria. <<Ttakun>> erritmoak ordena irudikatzen du eta <<herrena-k>> kaosa, desengorkotzen duena. Baina txalapartan bat bilakatzen dira, zaldiaren lauazkaren soinuan. Bi txalapartariak ere fusionatzen dira, eta txalaparta jotzean sortzen den musika ez dagokio bata ala besteari. Bitasuna desagertzen da hibridazioa lortuz. Txalapartaren bategite hori maila eta gai desberdinekin esperimentatzea eta urratsak ematea planteatzen du Dendu-k".

Bi plano ezberdin uztartzen ditu ikuskizunak, bertikala eta horizontala. Plano bertikalean dantzariak daude eta plano horizontalean musikariak, baina disziplina horien haustea eta birsortzea nahi dute irudikatu: "Dantza mugimendua da. Bestetik, mugimenduak sortzen du soinua eta hori gabe ez dago musikarik. Harriak dantzan sortzen dute musika. Dantzariek harriaren gainean dabiltza dantzan. Gerturatzetik fusiora goaz. Dantzariak musikari bilakatzen dira, musikariak dantzari. Planoak nahastu eta bat egiten dute, osotasun bat osatuz". Generoaren bitasuna ere bada ikuskizunean: "Plano bertikalean emakumezkoak daude, plano horizontalean gizonezkoak. Interakziotik haratago, nola lortu bat egitea? Bitasuna hautsi eta nortasun berri bati paso ematea?". 

Bestelako dualismo batzuk ere nabarmendu dituzte; batetik, natura eta hiria eta, bestetik, tradizioa eta garaikidetasuna. "Naturan sortzen diren mugimenduak eta koreografiak eta elementu organikoak baliatuz (egurra, harriak, banbuak…) sortzen den musika hirietako hormigoizko paretetara dakargu. Zein harreman dugu naturarekin eta hiriarekin? Bestetik, dantza mugimenduetan, jantzietan eta musikan gure kulturako nortasunean eta tradizioan oinarritutako aztarnak daude etengabe ikuskizunean. Baina sustrai horiek hizkuntza garaikide batetan interpretatzen dituzte, irakurketa gaurkotu bat eginda. Kontziente gara gai ohikoak eta errekurrenteak direla, baina horrela izateagatik ez dute garrantzirik galtzen guretzat. Eta hauek modu berri batetan landuz aportazio bat egin dezakegulakoan gaude".

Estetikatik harago, ikusleak hausnarketara bideratzea ere bada ikuskizunaren asmoa, sortzaileek dituzten zalantza eta kezkak plazaratuko baitira modu inplizituan: "Ze nolako harremanak eraiki(tzen) ditut besteekin? Ze nolako harremana sortzen ari naiz naturarekin? Ze nolakoak generoen artean, hauek existitzen badira behintzat? Osasuntsuak al dira? Gure iraganari begiratu behar al diogu aurrera joateko? Zerk mugatzen gaitu?".

65 minutuko iraupena du ikuskizunak eta bi emanaldi egingo dituzte gaur Kursaal kanpoaldean; bata, 19:30ean, eta bestea 23:00etan.