Bulegok zazpi kontzertu akustiko egingo ditu azaroaren 21ean
Bulegok zazpi kontzertu emango ditu Euskal Herriko zazpi lurraldetan, eta egun berean izango dira emanaldi guztiak: azaroaren 21ean. Maulen hasiko dute zuzenekoen eguna, 09:00etan, eta Iruñean amaituko dute, 21:30ean. Bi horien tartean, honako toki hauetan izango dira: Donapaleu, Baiona, Donostia, Bilbo eta Gasteiz.
Gertutasunari emango diote garrantzia, eta formatu akustikoan joko dute, kantuak eta publikoarekiko harremana erdigunean jartzeko asmoz. Azken urteotan taldeak bidelagun izan dituen entzuleekin berriz konektatzeko aukera izango dela adierazi dute: "herriz herri joan, kantuak partekatu eta elkarrekin abestu".
Gaztetxe, taberna eta kultur espazioak hautatu dituzte emanaldietarako. Baionan, kontzertua egun horretako euskararen aldeko manifestazioaren egitarauaren barruan egingo da. Geldialdi bakoitzak bere izaera izango duela azaldu dute, eta guztiek asmo bera partekatuko dutela: "musikaren bidez berriz elkartzea".
Taldeak Zugatik singlea kaleratu du duela gutxi, 2027ko urtarrilaren 12an argitaratuko duten amore diskaren aurrerapen kantua. Maitasunaren argilunetan esploratuko dute diskoan, eta maitasunaren fase desberdinak zeharkatzen dituen pertsonaia baten istorioa kontatuko du kronologikoki ordenatutako hamabost kanturen bitartez.
Azaroak 21. Ibilbidea eta ordutegiak
09:00 · Maule: Pitxu Gaztetxea.
10:40 · Donapaleu - Domintxine: Aldaka Gaztetxea.
12:45 · Baiona: Euskal Konfederazioaren Manifestazioa, Kalostrape Taberna
14:40 · Donostia: Baga Biga Faktoria.
17:00 · Bilbo: Lumiere.
19:00 · Gasteiz: Parral.
21:30 · Iruñea: Txalaparta.
(Ordutegiak gutxi gorabeherakoak direla ohartarazi dute)
