Beñat Sarasola: “Gazteok ez gaude erosotasunera kondenatuta"

Beñat Sarasola: “Gazteok ez gaude erosotasunera kondenatuta" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/benat-sarasola-gazteok-ez-gaude-erosotasunera-kondenatutaquot/@@download/image/80p56sarasola1_1363797825.jpg
2007/12/07
elkarrizketa
Ander Usabiaga
Beñat Sarasola: “Gazteok ez gaude erosotasunera kondenatuta"
Beñat Sarasola Donostiako Gros auzokoa da eta 23 urte ditu. Literatura ikasketak egiten ari da Bartzelonan. Saskibaloia oso gogoko du; jokalari eta entrenatzaile izan da. Duela urtebete, lehen poesia liburua kaleratu zuen Susa argitaletxearekin: Kaxa huts bat. Bere laguntzarekin, kaxa hori betetzen ahalegindu gara. 

Argi dago barruak eskatuta idatzi zenuela poesia liburua, eta ez aberasteko asmoz. Zer moduz  funtzionatu du, hala ere, urtebete honetan?
Iritsi zaizkidan iritzien arabera, nahiko ondo. Irakurleek gustura hartu omen dute. Kontuan hartu behar da, hori bai, euskarazko poesia liburuen oihartzuna mugatu samarra dela… Baina hala ere, egia da liburua prentsan atera dela, kritika ugari egin diotela…

Poesia subertsiboa dela esana duzu. Eta Kaxa huts bat liburuan erromantizismotik aldendu nahi izan duzula ere bai. Hala ere, poesia subertsiboa dela pentsatzea ez da erromantiko samarra?

Bai, dudarik gabe. Dena dela, liburuan erromantizismotik urrundu nahi nuela esan nuenean, erromantizismotzat jo ohi dugunetik, ideia horretatik, aldentzeko asmoa nuela esan nahi nuen. Erromantizismoa ideia hori baino askoz gehiago delako. Agian, erromantizismoa definitzea da arazoa...  

Zuk, hala ere, poesia subertsiboa dela uste duzu, ezta?

Poesia subertsiboa egiten ahalegindu naiz ni; nire burua pozik uztea bilatu beharrean, apaingarriz jositako poesia egin beharrean, kritika egiten saiatu naiz. Poesiak badu jipoitzeko indarra, badu indar subertsiboa, eta nik indar hori zenbait errealitate kritikatzeko erabili dut.

Gaztea zara, eta zure belaunaldiaz ere ari zara liburuan. Gure belaunaldia poeman, esaterako, oraingo gazteek dena erraz lortu dutela dirudi. "Baina" handi bat somatzen da, ordea, horren atzean…

Jende askok hitz egin dit poema horretaz. Guri buruz esatesn direnak bildu nituen bertan. Eta badakit haietako batzuk ez direla benetakoak; ironiaz sartu nituen hor. Egia da gure bizimoduak ez duela zerikusirik gure gurasoenarekin. Ezta gure aitona-amonenarekin ere. Pentsa: haiek gerra egin zuten! Hala ere, nire ustez, oraingo gazteok ez gaude erosotasunera kondenatuta.

Beste kezka bat: Euskal Herria. Ikerketak poeman, Nesseko lakuko munstroa balitz bezala ageri da...

Komikoa baita Euskal Herriarekin gertatzen dena: ez dakigu existitzen den ala ez; nolakoa den; hiru, lau edo zazpi herrialde dituen… Irrigarria da eztabaida hori. Batetik, zenbaitek Euskal Herria Sabino Aranak asmatu zuela pentsatzen dutelako eta hori erabat erridikulua delako; nazionalismoa ez da Euskal Herriko fenomenoa, Europa osoan gertatu zen, eta Euskal Herria nazionalismoak asmatu zuela pentsatuko begenu, Espainia ere nazionalismoak sortu zuela ondorioztatu beharko genuke. Eta bestetik, Euskal Herriko abertzaleen aldean, batzuek sekulako mitoa eratu dutelako haren inguruan: erromatarrak ez zirela hona sartu, Euskal Herria betidanik dagoela… Haien ustez, Lurra sortu zenetik, Euskal Herria ez omen da aldatu!

Bartzelonan bizi zara orain. Garai batean, Bartzelonak oso irudi "polita" zuen gure artean: hiri kosmopolita, modernoa, ondo egituratua… Orain, oso bestelako irudia nagusitu zaigu: anabasa, gabeziak… Poema baterako gai interesgarria dirudi.

Bai, bada. Bartzelona Olinpiar Jokoen ajea pasatzen ari da. Duela gutxi, lagun katalan batek esan zidan kanpoan ondo saldu duten baina irudi horren atzean arazo handiak dituen hiriaren eredua dela Bartzelona. Hau da, sekulako marketin kanpaina egin dute Bartzelonarekin. Hiria zoragarria, ikuskizunez betea… saldu dute. Baina hala ere, argi geratu da eredu hori pitzatuta zegoela, eta irudiaren azpian, oinarria ez zela horren sendoa.

Saskibaloiaz ere hitz egin dezagun. Euskal Herriko saskibaloi taldeak ondo dabiltza. Noiz entzungo dugu euskara kantxan, ordea?

Ez dakit. Zaila da. Futbolean ez bezala, saskibaloian ia ez dago Euskal Herriko jokalaririk goi mailan. Nik Gipuzkoako errealitatea ezagutzen dut, eta nire ustez, gaztetxoenen artean lan polita egiten ari den arren, hamasei urtetik aurrera, saltoa ez dago ondo eginda, liskarrak daude taldeen artean eta jokalariek ez dute Euskal Herrian jarraitzeko aukera handiegirik. Hor dago, nire ustez, arazoa.