Arte magikoa

Arte magikoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arte-magikoa/@@download/image/20125312741mago_1360610786.jpg
2012/06/01
elkarrizketa
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena
Munduko kartomagia txapelduna –MagoMigue– eta Europako mago gazterik onena –CharlieMag– elkartu ditugu sekreturen bat aitortu eta magiaren misterioa argituko diguten esperantzaz. 

Gasteizko Magialdiak udazkenero eta Elgetako Magia Mostrak udaberriro mundu mailako profesional finenak gonbidatzen dituzte Euskal Herrira, eta guztiok aho zabalik uzten gaituzte, eszeptikoenak ere amore eman behar izaten baitu kalitatezko ikuskizun on baten aurrean. Elgetako Espaloia Kafe Antzokian bildu gara nazioarteko panoraman aspaldi nabarmendu diren bi jeniorekin.

Zergatik magia? Ez da ogibide ohikoena...

CharlieMag: Ikuskizun eta antzerki artean hezi ninduten gurasoek. Ume moko bat nintzela ikusi nuen aurreneko magia saioa, eta maitemindu egin nintzen. Ordutik, publikoaren erreakzioak mantendu nau sorginduta; txaloek, irribarreek, malkoek eta ilusio aurpegiek ez dute preziorik.
MagoMigue: Espektakuluaren munduan gabiltzan guztiok bilatzen dugu egunero sufritzen dugun hori ez den beste errealitate batzuk sortzea, eta jendea oasi intimo horri konektatuta disfrutatzen ikustea zoragarria da. Baina, batez ere, zer edo zer erabilgarria egiten ari naizela jakiteak betetzen nau, arteak sendatu egiten baitu. Artista ugaritasuna eta aniztasuna gizarte osasuntsu eta demokratikoen sintoma dira.

Nola prestatzen du mago batek bere lana? Beti bakarrik?

M: Magia arte eszenikoa da, antzerkia bera baino zaharragoa, baina, aldiz, kanpotik ez da talde-lan modura hautematen. Teknika eta adierazkortasuna bakarka perfekzionatzen ditugu, baina bada beste dimentsio bat kolektiboagoa: konbentzioetan, mostretan, showetan... elkarrengandik ikasten dugu eta hazi egiten gara. Eta, jakina, zuzenekoan teknikariak ere behar ditugu argia, soinua eta dena ongi joan dadin.
C: Baina, era berean, oso mundu itxia da eta oso gurekoiak gara. Niri ikaragarri kostatu zitzaidan inoren laguntzarik gabe hastea. Elkartasuna falta da...
M: Bai, indibidualtasun hori mago arketipoaren oinarrian dago; ikuskizunak iraun bitartean gutako bakoitzak Jainkoa izan nahi du, bakarra.

Mago batzarrak aipatu dituzue. Nolakoak izaten dira?

M: Oso eroak –barrez–. Hiru urtean behin Munduko Txapelketa izaten da eta orduantxe antolatzen dira, baita ere, hitzaldiak, erakustaldiak... eta abar. Lehiaketa hor edukitzea ondo dago, zure burua behartzen duzulako diziplinara, prestaketara... baina egia da, baita ere, artea baloratzea eta puntuatzea oso zaila dela, eta sariek ez dutela beti justizia egiten. Hain erlatiboa da...
C: Horregatik da garrantzitsua mundu honetatik kanpoko jendearen iritzia eta aholkuak ere jasotzea. Agian arrotzenak emango dizu ideiarik onena!

Izan ere, honetan ere, eraberritu ala hil, ezta?

M: Guk ez daukagu magia eskola ofizialik, hortaz, poliki-poliki eboluzionatzeko dugun bide bakarra elkarri eragin, kritikatu eta irakastea da.
C: Berritzailea izatea da, ziur aski, zailena.
M: Horretarako giltzarria urteekin jakingura ez galtzea da. Geure burua berrasmatzea erronka berrien bila, magiaren aldaera desberdinekin aproba eginez, gure alderdi ahulak landuz eta indarguneak potentziatuz. Ni, adibidez, umore klabean aritzen naiz gehienetan, horregatik, desafio polita litzateke saio mutu bat prestatzea edo hunkidura bilatzea.
C: Hori ondo dago, baina garrantzitsuena nork bere burua ezagutzea dela iruditzen zait, argi edukitzeko ze pertsonaia eta magia mota den hobekien doakizuna.

Artista baten erronka konplikatuenetakoa izan daiteke hori: dagokion bidea aurkitzea.

M: Bai, gure kasuan, estiloa. Estilo oro saihesteko tentazioa eduki dezakezu hasieran, ez duzulako inoren kopia izan nahi. Baina denborarekin ulertzen duzu beharrezkoa dela zeure berezko erregistroa landu eta horren bidez ikusleak seduzitzea.
C: Gainera, lehiaketetan hori baloratzen dute nagusiki: gainontzekoengandik bereiztuko zaituen balio erantsi hori, originaltasun puntu hori, berezko marka.

Erregistro aberatsa darabilkizue zuek. Magia ez baita trikimailu bat gauzatze hutsa, zailena izanik ere. Beste aspektu asko sartzen dira jokoan; psikologia, esate baterako.

C: Dudarik gabe, arte diziplina guztietan osoena da hau. Dena du antzerkitik: eszenaratzea, mugitzen jakitea, dikzioa, adierazkortasuna...  azken batean, ez daukagun botere bat daukagula sinestarazi behar dugu. Eta, horrez gain, teknika espezifikoa eta abilezia behar ditugu. Mago baldarrak jai dauka! –barrez–.
M: Interakzioak, emozioak konpartitzeak, misterioak, sorpresak... halako faktoreek ahalbidetzen dute giza adimenaren begietan ezinezkoak diren puzzleak posible izatea eta, gainera, funtzionatzea.

Harritu nau irakurtzeak, telebistarako eta Sarerako ez ezik, irratirako magia trikimailuak ere lantzen ahal direla. Uste nuen hau batez ere kontu bisuala zela...

M: Ez. Akats zabaldua da hori. Irrati bidezko saioek indar berezia dute gainera, entzuleak oso fidelak izaten direlako normalean, eta oso giro intimo berezia sortzen delako. Jende itsuari bideratutako magia ere egiten da, adibidez. Begira, sekretu handiena kontatuko dizut: ilusionistok dugun armarik indartsuena besteen pentsamoldea modifikatu ahal izatea da. Hurkoaren burmuina nahieran maneiatu ahal izatea, apaindurekin seduzituz, literaturarekin emozionatuz... horrek ez du hutsik egiten, ikuslea ez da trikimailuaz jabetuko. Metodoa estali edo ezkutatu ahal izateko prestatzen dugu gure gidoia.

Baina zuzenekoa traidorea izaten da batzuetan.

C: Horrelakoetan atera behar da benetako artista, inprobisatu eta unean bertan arazoak konpontzen asmatu, inork ezer igarri gabe.
M: Urteekin akatsak kamuflatzeko edo minimizatzeko trikimailuak ikasten dituzu baina, nolanahi ere, publikoak badaki akatsak barkatzen. Aspertzea ez, hori ez du barkatzen.

Zuen begietan ere funtzionatzen al du magiak?

C: Bai, noski. Tira, egia da badugula beste begirada bat eta agian jendeak erreparatzen ez dion horri eskaintzen diogula guk arreta: argiari, musikari, janzkerari, mugimenduei...
M: ... ikuskizuna arrakastatsua izan dadin publikoak antzeman behar ez dituen detaileei, hain justu.
C: Hori da. Baina, gainerakoan, kontuan izan gutako bakoitzak magiaren baitako diziplina zehatz bat menperatzen duela, ez guztiak. Eta, pentsa, geure buruarekin ere harritzen gara askotan! Nire saioak grabatu eta ondoren etxean ikusita sekulako sorpresak hartu izan ditut.

Egiten duzuen hau arte eszenikoa dela aldarrikatzen duzue. Hartzaileak ere hala errekonozitzen al du?

M: Publikoak bai, baina administrazioari eta kultura programatzaileei asko kostatzen zaie tankera honetako ikuskizun bat kontratatzea; egiten badute, aldez aurretik ikusi dutelako da, edo ezagunen bat dagoelako tartean.
C: Horrexegatik ez dugu eskola ofizialik. Dena den, erruaren parte bat guri dagokigula uste dut, askok ez dituzte oraindik pilak jarri.
M: Agian endogamikoegiak izan gara urte luzez, alegia, magoontzat egin dugu magia eta ez gara mundura zabaldu. Baina gauzak aldatzen ari dira.

Norantz zoazte?

M: Gu 'post-Tamariz' belaunaldia gara eta, oraindik babes administratiboa falta zaigun arren, momentu zoragarria bizitzen ari gara. Hedapena handia da, elkar konexioa ere bai, eta gero eta zale gehiago ditugu gainera! Horrek badu bere alde txarra, erdipurdiko magoak ere gehiago direlako...
C: Interneten informazio pila eta edonoren eskura dagoelako gertatzen da hori. Dena den, gazteok asko eskertzen ditugu halako erraztasunak, e!
M: Tira... Rene Lavand beso bakarreko artista eta mago zoragarriak esaten zuen bezala, ez dut artista errazengan sinesten. Merezi duen orok esfortzua eskatzen du, sufrimendua, poztasunak...
C: Zorionez, ikuslegoa azkarra da, eta badaki kalitatea eta lana non dagoen bereizten.

Ze funtzio sozial betetzen duzue?

M: Beste edozein artek betetzen duen berbera. Nik jende askori aldatu diot bizitza, badakidalako esaten dut, apaltasunez. Eta Charlieri ere gertatuko zitzaion, ziur. Esperientzia magiko bat edukitzeak pentsamoldea alda diezazuke. Literatura, poesia, musika nahiz magia izan, artea ez da entretenimendu hutsa, arteak bizitzen laguntzen du.

CharlieMag



Bartzelonan jaio (1987), eta Bartzelonako Collegi del Teatre-n eta Arte Eszenikoen Eskolan burutu zituen aktore ikasketak. Coachingean (efikaziaren bila, nork bere buruaren ezagutzan eragitea), emozio inteligentzian eta keinu terapian sakonduta, 2004an abiatu zuen ibilbide profesionala hiri berean, nahiz eta berezkoa duen talentuak berehala zabaldu zizkion nazioarteko ateak. Usoak eta manipulazioa ardatz dituen espektakulua da berea, diziplina zailenetarikoa magiaren baitan. 2010ean Espainiako lehena izan zen, Europa mailako lehian ere eskuratu du aurreneko postua, eta Munduko FISM Txapelketa du orain jomuga.

MagoMigue



Munduko kartomagia txapelduna (2003) Granadan jaio zen 1968an. Hamahiru urterekin bere hiriko Ilusionismo Elkartean eta Zirkulu Magikoan eman zuen izena, eta urtebete eskas geroago igo zen aurrenekoz oholtza gainera. 1985 eta 1987 bitartean Granadako Estable antzerki konpainiarekin aritu zen aktore, harik eta Madrilen Arte Dramatikoa eta Magisteritza ikastera aldatu zen arte. Urte haietan telebista eta zinema ere probatu zituen, baina magia nahi zuen bizibide. 1997an Arrikitown sortu zuen, ilusionismoa arte eszeniko gisa sustatu nahi duen aurreneko antzerki konpainia andaluziarra; hamabost urte daramatzate "arte dramagikoa" egiten. Era berean, GranHada HocusPocus Festival nazioarteko magia jaialdia zuzentzen du 2002az geroztik, eta ez dira gutxi belaunaldi berrientzat idatzirik utzi dituen liburuak.