Ahots eztiz

Ahots eztiz https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ahots-eztiz/@@download/image/aintzane_gamiz_1373019901.jpg
2013/07/08
erreportajea
Ahots eztiz
Elene izan zen ‘Goenkale’ eta ‘Hasiberriak’ telesailetan, Miren ‘Pilotari’-n, eta hamaika aktore ezagunen ahotsak ere bikoitzi ditu, tartean, Penelope Cruzena.


"Bizitzak eskaintzen dituen kasualitate horietako bati esker" hasi zen aktore lanetan Aintzane Gamiz (Legazpi, 1981), eta aukera paregabe hari gaztetasunak berezko duen bizipoz eta gogoarekin heldu zion. Manex Rekarte, Oihana Maritorena, Judit Mariezkurrena eta Gorka Igartuarekin batera, belaunaldi indartsua iritsi zen Arraldera (Goenkale), eta arrakasta hura baliatuz, Hasiberriak telesaila sortu zuen Euskal Telebistak 2000 urtean, euskal nerabeen maitasun istorioak, lagun arteko liskarrak, ikasketa kontuak eta eguneroko gorabeherak kontatzen zituen telesaila. "Gaztaroko esperientziarik onena izan zen, bizia eta zoroa, adinaren neurrikoa". Amaitutakoan, Pilotari telesailean aritu zen, eta 2010ean etorri zen Mugaldekoak. Aurkezle lanak ere egin zituen, hala nola, Ze kosmopolita magazinean.

Baina pixkanaka kameretatik urrundu eta mikrofonoetara hurbildu zen. Bokazioz egin zuela esatea gehiegitxo iruditzen zaion arren, egun bikoizletzat du bere burua; "erosoago sentitzen naiz kameren aurrean baino". Marrazki bizidunak, nazioarteko film ospetsuak, telesailak… euskaraz ikusi eta entzuteko aukera dugu bere lanari esker. Gainera, Giza Eskubideen alorrean espezialdu da unibertsitatean eta, bikoizketarekin batera, horretantxe dihardu uneotan. Kontzienteki hartutako erabakia izan da, adar ezberdinak probatu ostean, bere bidearen noranzkoa doitzen joan baita Gamiz. Eta pozik dago, gustatzen zaion hori egiteaz harro.

... eta gaur


Zein proiektu duzu eskuartean?
Giza Eskubideen alorrean nabil lanean erakunde publiko batentzat.

Aktore moduan egindako lanetatik, zein duzu bereziki gogoan? Zein grabatzera itzuliko zinateke?
Dudarik gabe Mugaldekoak telesaila izan da egin dudan lanik aberasgarriena, plazera izan zen bertan aritzea.

Zer behar du proiektu batek zure interesa erakartzeko?
Eskuartean izaten dudanean esango dizut…

Bikoizle zaren aldetik, zer esango zenieke euskaraz bikoiztutako lanak arrotzak egiten zaizkiela dioten horiei?
Argi dago euskara batua ez dela oso hurbilekoa, eta noski, egunero etxean erabiltzen dugun horrekiko ezberdina dela; horregatik, normala da jen- deari arrotz samarra suertatzea.

Zein da zure ametsa? Non dago Aintzane Gamizen sabaia?

Ez dut termino horietan pentsatzen. Bidea pausoz pauso egitea dut gogoko, bizitza gozatuz.