2005: zer datorkigu?

Nahi genuke
1-Zaindu dezagun natura
2005eko otsailean indarrean sartuko da Kiotoko protokoloa. Klimaren aldaketa saihestea da itun horren helburua, eta berotegi efektua sortzen duten CO2 gasen isuria murriztea proposatzen du. 125 bat herrialdek sinatu eta berretsi dute ituna, tartean Europako Batasuneko guztiek eta Errusiak. AEBak dira gas gehien isurtzen duen herrialdea, eta bere garaian ituna sinatu zuen arren, ez duela berretsiko ziurtatu du Bush jaunak. Australiak ere ez du ituna berretsi. Ez legoke gaizki atmosfera kutsatzen duten herrialde guztiek itunarekin bat egitea.
2-Lan duina guztientzat
Alemania dugu Europako ekonomiaren motore. Hala ere, azken boladan krisialdia bizi du, eta ondorioz, lan arloan zenbait aldaketa bultzatu dituzte hainbat enpresek: soldatak murriztea eta lan orduak gehitzea, besteak beste. Asteko lanaldia 40 ordutara handitzea proposatu dute batzuek. Mundu osoko langileek urteak daramatzate lan baldintza duinak aldarrikatzen, baina atzera egiten ari gara. Gazteok gara lan ezegonkortasunaren kaltetu nagusienak. Gazte guztientzako lan duina!
3-Gudak amaitzea
Irak, Palestina eta Txetxeniako auziek makina bat albiste mingarri utzi dizkigute 2004an. Horrez gain, badira telebistan eta, oro har komunikabideetan, hainbesteko oihartzunik ez duten auziak: Kurdistanen, Nepalen, Liberian, Sudanen, Aljerian, Kaxmirren
Auziok hildako ugari uzten ari dira, asko eta asko zibilak. AEBek, Israel-ek, Errusiak
txikia noiz irentsi zain dauden handiki horiek jendea bakean bizitzen utz dezatela!
4-Paperak etorkinentzat
Grezia-Italia, Sierra Leona-Espainia
Beren ibilbidea edozein izanik ere, etorkinek euren bizitza arriskuan jartzen dute bizitza hobeago baten bila. Aurten ere makina bat etorkin hil dira, asko itota: Kanariar uharteetarako bidean, Siziliako Kanalean
Gainera, mafiak etekin polita ateratzen ari dira etorkinen aferarekin. Arazoari amaiera eman behar zaio luze baino lehen. Izan ere, ateak itxita dituzten herrialde horietako asko, gorriak eta bi ikusten ari diren herrialde txiroen lepotik aberastu ziren ez oso aspaldi.
5-Heriotza zigorrari STOP
Amnesty International (AI) erakundearen arabera, oraindik ere heriotza zigorra indarrean duten herrialde asko dago munduan: Saudi Arabia, Egipto, Somalia, Thailandia
Berriro ere AEBak aipatu behar ditugu hemen: AIren arabera, heriotza zigorra gehien ezartzen duen bigarren herrialdea da, Txinaren atzetik. AEBetako 50 estatuetatik 38k heriotza zigorra indarrean dute. Gure ustez, inork ez du beste norbaiti bizia ukatzeko eskubidea. Zorionez, iaz exekuzio batzuk bertan behera utzi zituzten.
6-Homosexualen ezkontzei bai
Frantziak homosexualen artean egindako lehen ezkontza indargabetu zuen 2004an. Aldiz, AEBetan homosexualen arteko ezkontzak onartzeko urrats sendoak eman ziren iaz. Massachusetts-eko estatuak sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak baimendu zituen. Horrez gain, Kalifornian, San Franciscon hain zuzen, 4.000 bikote homosexual ezkondu zituen bertako alkateak, Arnold Schwarzenegger gobernadorearen aurka eginez. Homosexualitateak Schwarzenegger-ek baino indar handiagoa du San Franciscon. Hala izan bedi beste lekuetan ere!
Beldur gara
1- Espaziontzi ilarak zeruan
2005eko otsailean, Columbia izeneko transbordadorearen istripuaren bigarren urtemuga beteko da. Istripua dela eta, hegaldiak eten dituzte bi urtez AEBtan. Hala ere, NASAren hurrengo hegaldiaren data ipinita dago: 2005eko maiatza. Europako Espazio Agentziaren "Smart-1" izeneko espaziontziak, bestalde, azterketa zientifikoa abiatuko du ilargian 2005eko urtarrilaren 13an. Marte, ilargia
espaziontziez betetzen ari zaigu zerua. Hainbeste trafikorekin, istripuak eta arazoak ez ote dira ugarituko.
2- Hondamendi naturalak
Kutsadurak, itsasoari lurra lapurtzeak, ingeniaritza lan erraldoiek
hondamendi naturalak ekarri ohi dituzte askotan. AEBetako Atmosferaren ikerketarako Gune Nazionalaren arabera, datozen urteetan beroaldi gogorrak izango dira. Beraz, herrialde lehorretan, Afrikan kasu, basamortutze prozesua aregotu liteke. Bestalde, eguraldi aldaketa dela eta, ez litzateke harritzekoa zenbait herrialdetan uholdeak izatea. Mundua hankaz gora!
3- Moda antinuklearra nagusi
Duela mende bat, rayon-a, lehendabiziko zuntz artifiziala, ekoizten hasi ziren Europan. Mende baten buruan, arropak ekoizteko mota guztietako zuntzak asmatu dituzte. Azken boladan, ordea, zuntz antinuklearrak nagusitzen ari dira, oso babesgarriak dira eta. Jakina denez, AEBetan eta Europako herrialde batzuetan aterpe nuklearrak ohikoak dira aberatsen artean. Aterpea erosteko dirua ez dutenei zuzenduta dago moda antinuklearra.
4- Kalea publizitate lehio erraldoi
Marketing basatiaren azken joera munduko hiri guztiak hartzen ari da. Erresuma Batuan eta EEBBetan, ohikoa bihurtu da kopetan publizitate leloak daramatzaten pertsonak ikustea. Beldur gara moda ez ote den gure kaleetarako iritsiko.
ETA EUSKAL HERRIAN ZER?
Baietz...
Bizitzeko lokalak ugaritu
Etxebizitza lortzea zaila da gaur egun. Horregatik, azken fenomenoa lokalak erosi eta egokitzea da, bertan bizitzeko. Ez da aukera merkea, lokalen salneurriak asko garestitu dira eta, baina etxebizitza arrunta erostea baino askoz ere merkeagoa da. Arrasate, Orereta, Eibar
zenbait tokitan gaia arautu dute dagoeneko, eta hirietan ere ohikoak bihurtu dira halako "bizitokiak". Sotoak, estoldak, kubazuloak, zakurren etxolak izango al dira gazteen aterpe, etorkizunean?
Haize berriak Bertsolari Txapelketan
Aurten, bertsolari beteranoak eta bertsolarien azken belaunaldia aurrez aurre izango dira Bertsolari Txapelketan. Urrian hasiko dira kanporaketak, eta abenduan egingo da final handia. Zaharrak zigarro purua eskuan dutela, eta patxaranak barrenak berotuta. Azken belaunaldikoak "aizpurutxoa" erreaz eta kalimotxoa lagun; guztiak hip-hop-aren erritmora. Aurten txapelketako sariak aldatuko ote dituzten zurrumurrua dabil. Antza, bertsolari zaharren batek irabaziz gero, ileordekoa emango diote. Eta gazte batek eginez gero? Kondoi kutxa erraldoia!
Orgasmoaren Eguna uztailak 31n
Brasilgo Esperantina herrian Orgasmoaren Eguna antolatzen hasi ziren duela urte batzuk. Orduz geroztik, ospakizuna Europako herrialde batzuetara zabaldu da: Alemania, Frantzia, Novegia
Arazoa da ez dela egun bakar batean ospatzen: leku batzuetan abuztuaren 8an egiten dute, eta beste batzuetan, uztailaren 31n. Lujuria Enea-n eguna noiz finkatu aztertzen ari dira. Santu edo patroiren bat aukeratu beharko al da?
Laurak bat lehendabizikoan
Futbol kontuetan, gauzak nola dauden ikusita, gorabehera asko gerta daitezke denboraldia amaitu arte. Osasuna, Reala eta Atletic burua altatxen hasi direla dirudi, eta Eibar eta Alaves ere lehen mailara igo daitezke. Donostiarrak eta Iruñearrak kezkatuta dabiltza, dena den, eta ez da harritzekoa. Kezkak kezka, datorren urtean lau euskal talde izan daitezke lehen mailan. Guk aukera horren alde egin dugu. Eta zuk?
Denek euren azukre koxkorra lor dezatela
Osasuna eskatzen diogu datorren urteari, baina zer da bizitza maitasunik gabe? Ezertxo ere ez. Hala ere, Lasai Aramix Ustelek ziurtatu digunez, 2005ean affaire asko izango dira: Idoia Zenarruzabeitia eta Jabier Madrazoren artekoa, esaterako. Maitasuna itsua da, eta ez du ez kolore kontuez eta ez alderdikeriez deus ere ulertzen. Hala ere, bihotz bakartiok, argi ibili aukeraketa egiterakoan: olagarroak eta banpiroak dira gaur egungo faunaren errege.
Nahi genuke
Bake prozesua abiatzea
Batasunaren Belodromoko proposamenak baikortasun zirrikituak utzi zituen sektore politikoan, baina ondoren denetarik izan da: kale istiluak, ETAren lehergailuak, tortura salaketak, presoen senideak errepidean istripuan hiltzea... Itxaropena ez da galdu behar, ordea. Alde guztiek mahai berean eseri behar dute, luze baino lehen, bake prozesua abiatzeko.
Torturarik ez
2004ak tortura salaketa ugari utzi dizkigu. Iñigo Lamarca EAEko Arartekoak tortura salaketak ikertzea eskatu berri du. Amnesty International erakundeak, bestalde, Espainian tortura kasuak daudela berretsi berri du. Aldiz, batzuek itsuarena egiten dute. Kendu diezaietela begi aurreko zapia, ikusi nahi ez duten guztiei!
Liburutegiak eta gaztetxeak leku guztietan
Iruñeko gaztetxea eraitsi zuten iaz, eta beste hainbat tokitan ere ika-mika sortu zen gaztetxea gora eta behera: Erromo, Bilbo, Larrabetzu
20 urte baino gehiago joan dira lehen gaztetxea okupatu zenetik, eta bada garaia, agintariek eta gizarteak oro har, halako guneak onartzen joateko. Bestalde, liburutegiak nonahi ipini beharko lirateke, gaztetxeak eta liburutegiak jakinduriaren eta kulturaren harrobi dira eta.
Bi izarren jaiotzaren mendeurrena

Greta Garbo eta Henry Fondaren jaiotzaren mendeurrena beteko da aurten. Garbo Suedian jaio zen, baina Hollywood-era heldu zen 1926an, Mauritz Stiller zuzendariaren laguntzaz. 30eko hamarkadan egin zituen film onenak: Mata Hari, Ana Karenina Hala ere, 36 urte besterik ez zituen azken filma egin zuenean. Zergatik utzi zuen zinema? Batzuen ustez, ez zuen kameren aurrean zahartunahi izan. Askorentzako, garai hartako amets erotikoa izan zen, eta bere izaera misteriotsuak zeresan ugari eman zuen: ez zituen sinadurak ematen, zigarroak eta cocktails-ak atsegin zituen, emakumeekin harreman sexualak izan zituen Mito bihurtzeko osagarri guztiak. Ohorezko oscarra eskuratu zuen 1954an.
Bestalde, Henry Fonda ia 50 urtez aritu zen zinemagintzan, eta letra larriz idatzi beharreko filmetan parte hartu zuen: The grapes of wrath (John Ford), Sullivan´´s travels (Preston Sturges, 1941), The tin star (Anthonny Mann, 1957), Shadow of a doubt (Alfred Hitchcock) Batik bat wester-etan nabarmendu zen.
Hendrix eta Joplin duela 35 urte hil ziren

Janis Joplin eta Jimi Hendrix musikari estatu batuarrak 1970ean hil ziren heroina gaindosiaz, 27 urte besterik ez zituztela. Janis Joplin-ek blusaren mundua irauli zuen: emakumea zen, zuria eta txikia, eta hildakoak ere berpiztu zitzakeen ahots indartsua zuen.
Hendrix-ek ere arrakasta izan zuen garai berean; gitarra-jotzaile ezkerrak makina bat zale zoratu zituen. Sexua, drogak eta rock&roll-a; zen garaiko leloa. Joplinek eta Hendrix-ek -Rolling Stones taldeko gitarra jotzaile Brian Jones eta Doors-eko albeslari Jim Morrisonekin batera- leloa muturreraino eraman zuten. Gazte hil ziren, baina hilotz ederra utzi zuten.
Bigarren mundu gerraren amaiera

Duela 60 urte, Bigarren Mundu Gerra amaitu zen. Europan indarra hartzen ari ziren nazismoa eta faxismoa izan ziren gerraren sorburu. Aginte faxistadun herrialdeek (Alemania, Italia eta Japonia), eta mendebaldeko demokrazioaren eta komunismo sobietarraren aliatuak (Ingalaterra, Frantzia, Sobiet Batasuna, AEBak ) elkarren aurka jardun zuten. 60 milioi soldadutik gora borrokatu zuten gerran, eta 40 miloi hildako izan ziren (AEBek jaurtitako bonba atomikoek eragindako 100.000 hildakoak eta naziek hildako juduak barne). Gerraren ondorioz, Alemania bitan banatu zuten. Mundu bitan banatuta geratu zen: alde batean ekonomia kapitalistadun estatuak, eta bestean sozialista eta komunistak. Gerra, irailaren 2an amaitu zen, aliatuen garaipenarekin.
Lauaxetaren mendeurrena

Duela ehun urte, 1905ean, Esteban Urkiaga Lauaxeta apaiz eta olerkaria jaio zen Laukiz-en. Heziketa klasikoa izan zuen, eta klasikoak euskaratzen aritu zen luzaro. Euzkadi egunkariaren zuzendari izan zen, Orixerekin batera lehendabizi, eta bakarrik, ondoren. Beste zenbait aldizkaritan ere idatzi zuen: Jesusen Bihotzaren Deya, Ekin, Euzkerea, Yakintza 1930ean, Errenterian egindako Olerki Egunean saritua izan zen Maitale kuttuna olerkia zela-eta.
Errepublika garaian hizlari aritu zen EAJ alderdiarekin, eta Espainiako Gerran, gudari talde batean komandante ibili zen.
1937an, Gernika suntsitu ondoren, Le Petit Gironde egunkariko kazetari bati Gernikan gertatutakoa erakusten ari zela, atxilotu, eta Gazteizen espetxeratu zuten. Handik bi hilabetera, Gasteizko hilerriko hormaren kontra fusilatu zuten, 32 urte zituela.
1931an argitaratu zuen lehen olerki bilduma: Bide barriyak. Lauaxeta garaiko euskal olerkigintzatik urrundu eta Europako joera modernistekin bat egin zuen, Lizardi eta Orixerekin batera.
Efemerideak

Duela 130 urte, hau da, 1875ean, Maurice Ravel Deluarte musikaria jaio zen Ziburun. Haren aita suitzarra zen, eta ama euskalduna. Parisen bizi izan zen urte luzez, hala ere, ia udaro joaten zen Lapurdira, bisitan. Euskaraz nahiko ondo moldatzen omen zen. Ramiro Arrue margolari bizkaitarra eta Aita Donostia musikaria lagun izan zituen. 1928an, Bolero pieza estreinatu zen, haren lan ezagunenetako bat. Arrakasta lortu zuen pieza horrekin, eta omenaldi beroak jaso zituen Iruñean, Donostian, Baionan eta Miarritzen, besteak beste. Euskal musikari unibertsalena dugu Ravel. Zoritxarrez, euskal gaia oinarri gisa hartu zuen lan bakarra -Zazpirak-bat- amaitzeke geratu zen.
Duela 85 urte, 1920an, Fernando Aire Xalbador bertsolari urepeldarra jaio zen. Xalbador bertsolari liriko eta poetikoa izan zen. Adituen arabera, urepelekoak ez zuen parekorik sentimenduez aritzerakoan. Xalbador artzaina zen, baina artzantzak uzten zion orotan, ostatuz ostatu ibili ohi zen bertsotan. Mattinekin batera, garai bateko Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko bertsolariak elkartu zituen. Bertsolari apala eta oso maitatua izan zen.
Xalbador jaio eta bost urtera, 1925ean, Jon Mirande idazle zuberotarra jaio zen. Mirande gizon jantzia zen; 15 hizkuntza zekizkien. Gari hartako euskal literaturan, ohiko bideetatik aldendu zen; antiklerikala zen, eta 1960an Igela aldizkaria sortu zuen idatziak zentsurarik gabe argitaratzeko. 1970an idatzi zuen Haur besoetakoa, eleberri polemikoa. 1972ko abenduan, bere buruaz beste egin zuen.
Korrika dela eta, aditzak errepasatu

Martxoaren 20an helduko da Bilbora euskararen aldeko lasterketa. Beraz, aditzen taula errepasatzea komeni zaizu. Kontuan izan, neska-mutil asko biltzen direla halako festa handitan, eta horrelakoetan, ezin aditzak gaizki erabili: diezaizkigukeen, geniezaiekeen Kontuz, gainera, a itsatsiarekin. Korrika Orreagatik abiatuko da hilaren 10ean, eta Euskal Herrian barrena 2.150 kilometro egingo ditu. Adi, Korrikaren aldeko tokian tokiko batzordeak sortze bidean dira eta.