Zer da eskaut bat?

Zer da eskaut bat? https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/05/13
erreportajea
Teresa Compañy. Euskalerriko Eskauten komunikazio zuzendaria
Zer da eskaut bat?
Zure buruari galdera hori egin al diozu inoiz? Agian ‘eskaut’ hitza entzutean AEBetako pelikuletan agertzen diren taldeak etortzen zaizkizu burura. Baina errealitatea oso bestelakoa da, eta zure inguruan gizarte hobea lortzeko lan egiten duten gazteen taldeetako batzuk eskautak direla jakin beharko zenuke.


Asierrek zortzi urte ditu, eta duela gutxi sartu da Goizalden, bere auzoko eskaut taldean. Hilabete batzuk barru, lehen aldiz udako kanpamendu batera joango da. Ez da bakarra; astero 3.000 haurrek eta gaztek hartzen dute parte Euskalerriko Eskauten taldeek antolatzen dituzten ekintzetan.

Baina zer da eskaut talde bat? Eskaut taldea aisialdi hezitzailean ekintzak antolatzea helburu duen taldea da, lan hori burutzeko metodo berezi bat erabiltzen duena, eskaut metodoa, izateko eta egiteko estilo jakin bat sustatzen duena.

Gazteen hezkuntzan eraginez gizartea eraldatzea da eskauten asmoa. Pertsona askeak hezi nahi ditugu, kritikoak, konprometituak, paregabeak, beti ikasten dihardutenak, sortzaileak eta Jesusen jarraitzaileak. Eta hori pazientzia handiarekin eta su txikia erabilita bakarrik lortzen da. Guretzat eskaut izatea bizitza estilo bat da, eta hori haur eta gazteei erakusten saiatzen gara. Integratzailea, askatzailea, aktiboa eta bi norabideetan egiten den hezkuntzan sinesten dugu. Eskauten bizi estiloa hiru zutabe edo aukeratan oinarritzen da: hezkuntza aukera, gizarte aukera eta fedearen aukera.

Eta hori guztia nola zehazten da? Mota guztietako ekintzen bitartez: jolasak, tailerrak, mendi irteerak, kanpaldiak… Ekintzak ezberdinak eta progresiboak dira haur taldeen ezaugarrien eta adinaren arabera, izan ere, zortzi urteko neskamutilek eta nerabeek ez dituzte gustu berdinak. Horregatik, jarduerak euren behar eta nahietara egokitzen ditugu, eta, une oro, haiek dira ekintzen protagonistak.

Maria trebea da, hemezortzi urte ditu eta betidanik udalekuetan, tailerretan eta irteeretan parte hartu du, ekintzetan laguntzen zein heldu eta gazteengandik ikasten. Aurten bukatzen du bere prozesua, eta oraindik ez du oso argi zer egin: taldean begirale lanetan jarraitu edo eskauten ekintzetan ezagutu duen beste elkarteren batean laguntzen hasi.

Azkenean, horrelakoak gara eskautak: hazten, ikasten eta gure mugak gainditzen jarraitzeko prest dagoen jendea. Gure auzo edo herrian laguntzen dugu, udalekuetara joaten gara, natura hurbiletik sentitzeko irteerak egiten ditugu… baina horren guztiaren gainetik, mundua aurkitu duguna baino pixka bat hobeto uzten saiatzen garen pertsonak gara.