Unibertsitatea norbere etxean

Unibertsitatea norbere etxean https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/11/16
erreportajea
TESTUA: Egoitz Gonzalez @aldakur
Unibertsitatea norbere etxean
Internetek informazio asko eskuratzeko aukera ematen digu, baita araututako hezkuntza jasotzeko ere. Hala, dagoeneko posible da unibertsitateko titulazioa etxetik atera gabe lortzea.

Teknologiak dakarzkigun aurrerapausoak behin baino gehiagotan aipatu ditugu GAZTEZULOn: Kotxe autonomoak, Smartphone-ak, Smartwatch-ak... Hainbat gailu eta aplikazio gure ingurunea eta bizimodua aldatzen ari dira. Teknologia gure gizartean izaten ari den eragina neurtzea ezinezkoa da. Eta horren guztiaren oinarrian Internet dago. Sarea ikaragarri hedatu da azken urteetan, eta horrek ez du etenik izango datozen urteetan.

Sarearen zabalkuntzak ekarri duen ondorioetako bat jendea birtualki batzeko eta elkarrekin ezagutza partekatzeko plataforma eta foroak sortzea izan da. Hasiera batean espontaneoki sortzen zena, gerora egituratuta baina zaletasunen esparrura mugatzen zena, azken urteetan hezkuntzara ere heldu da. Hala, gaur egun, ikastarorik xumeena egitea zein unibertsitate titulu bat lortzea ahalbidetzen du Internetek.

Sareko hezkuntza eskaintzan azken urteetan hainbat eragile nabarmendu dira. Horietako batzuk tailer praktikoetan oinarritzen diren ikastaro laburrak eskaintzen dituzte, esaterako, platzi.com, keepcoding.es, codecademy.com edo escuela.it atariek. Batzuk diru truke dira, baina beste batzuk dohainik. Codecademy, adibidez, programazioaren alorrera zuzenduta dagoen doako zerbitzua da, eta gaur egun beharrezkoak diren teknologien oinarrizko ezagutza izateko oso egokia da. Hainbat apunte teoriko eta praktiko jaso ostean, web plataforman bertan kodetzeko aukera eskaintzen du, dena pausoz pauso jasota geratzen da, eta, horregatik, ikasteko oso modu erraza eta dibertigarria da, kodetzen ari garenaren emaitzak denbora errealean ikusten baititugu nabigatzailean bertan. 

Escuela.it atariak eskaintzen duen zerbitzua bestelakoa da, software berezi batean oinarritzen baita. Internetek pertsonen arteko distantziak desagertarazi dituela esaten dugunean, programa hau etor dakiguke burura. Programa horri esker, irakaslea zein ikasleak munduko txoko banatan egon arren, klaseak zuzenean ematen dira. Behin programa exekutatuta, aldez aurretik irakasleak posta elektronikoz bidalitako helbidea baliatuta ikaslea gela birtual batean sartzen da. Hala, gainontzeko ikasleek bezala, irakaslea ikusi eta entzuten du, honek duen webcama baliatuz; ikasleek beraien kamera eta mikrofonoak martxan jartzeko aukera dute, irakaslearekin zuzenean kontaktatu nahi badute. Gainera, elkarren artean idazteko edo estekak partekatzeko aukera eskaintzen duen txata ere badu.

Hori gutxi balitz, ikasgela arruntean gertatzen diren ohiko ekintzak birtualki ere erreproduzitu daitezke, adibidez, galderak egiteko eskua altxatu edo emotikonoak erabili irakasleari azaltzen ari dena ulertzen den ala ez jakinarazteko. Eta gela arruntetan bezala, arbela ere badago. Bertan irakasleak nahi duena proiektatzen du, normalean Power Point dokumentuak, edo bere ordenagailuko pantaila. Gainera, arbel hori interaktiboa da eta gela birtualean dauden ikasle guztiek dute bertan idazteko aukera. Escuela.it atariak eskaintzen dituen ikastaro batzuk doakoak dira eta beste batzuk ordainpekoak.

Unibertsitate birtualak
Ikastaroak eskaintzen dituzten plataformez aparte, unibertsitateak ere mundu birtualean murgiltzen hasiak dira. Horren adibide garbia dira VIU (Valencian International University) edo UOC (Universitat Oberta de Catalunya). Graduak, masterrak eta bestelako ikasketak burutu daitezke bi unibertsitate horietan, guztiak %100 online. VIUk aurrez aipatutako Escuela.it-en formula erabiltzen du, eta klase birtualetaz gain, web plataforman idazkaritza birtuala, foroak, apunteak deskargatzeko zerbitzua zein ikasleekin harremanetan jartzeko bideak eskaintzen ditu. Azterketak ere online egiten dira, ikasgaiaren arabera modu batera edo bestera: batzuk sarean egin beharreko azterketen bidez, eta beste batzuk webcama eta mikrofonoa piztuta irakaslearekin bideokonferentzia bidez. Noski, lehen kasuan batez ere, jendeak kopiatzeko tentazioa izan dezake. Hori ekiditeko, unibertsitateko teknikariak edozein momentutan konektatu daitezke ikaslearen ordenagailura apunteak kontsultatzen ari ote den ikusteko.

Artikulu honetan aipatu ditugun zerbitzu eta unibertsitateen hezkuntza eskaintza probatu dugu, eta oso baliagarriak direla esateko moduan gaude. Beraz, aitzakia bat gutxiago nahi dugun horretan ikasketak egin eta ezagutza hobetzeko!

Harritu gaitu



Zientzia.eus
Blogari zientziazaleen edukiak plazaratzeko sortutako webgunea. Zientziazale euskaldunon komunitatea indartzea eta zientzia-edukiak bilatzen dituzten erabiltzaileei eskaintza osoago bat ematea ditu helburu nagusiak.

Informazio bila



Forvo.com
Hitzak nola ahoskatzen diren jakiteko hiztegia. Aukeratu nahi dituzun hizkuntza eta hitza, eta erabiltzaileek hitza ahoskatzen egindako grabazioak entzungo dituzu.

Katxondoena



thechive.com
Sarean zabaltzen diren bideo, irudi zein meme barregarriak biltzen dituen webgunea.