Bilbon izango den OT-ko castingerako aholkuak

Bilbon izango den OT-ko castingerako aholkuak Bartzelonan hasi dituzte castingak eta Bilbon izango dira datorren astean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bilbon-izango-den-ot-ko-castingerako-aholkuak/@@download/image/Pantaila-argazkia 2025-05-06 101828.png
2025/05/07

Testua: Maitane Legarreta

Bartzelonan hasi dituzte castingak eta Bilbon izango dira datorren astean.
Bilbon izango den OT-ko castingerako aholkuak

Operacion Triunfo saioaren edizio berria egingo dute irailean Prime Videon eta bertan parte hartuko duten abeslariak hautatzeko prozesua hasi dute Espainiako Estatuko hainbat hiritan. Bartzelonan izan da lehena, aste honetan, eta azkena ekainean egingo dute, Madrilen. Maiatzaren 14an Bilbon izango dira, leku zehatza oraindik iragarri ez badute ere. 

Bi fase izango ditu castingak. Hasteko, hautagaiek a capella kantatu beharko dute hogei segunduz. Kantatu beharreko abestia 100 kantuz osatutako playlist-etik aukeratu beharko dute. Juanes, Paulina Rubio, La Oreja de Van Gogh, Rozalen, Coldplay, Katy Perry, Rosalia, eta Shakiraren kantuak daude zerrendan, besteak beste. Gaztelaniazko eta ingelesezko kantu ezagunak guztiak.

Aurrera egingo dutenei pegatina jarriko diete, bigarren faseko ikur gisa. Bigarren zatian eurek nahi dituzten hiru kantu prestatu beharko dituzte. Horietako lehena saioak emandako ehun horietako bat izan beharko da, Pablo Lluch piano-jotzaileak lagunduta abestuko baitute. Gainerako biak eurek hauta ditzakete, eta gitarrarekin lagunduta edo a capella kantatu beharko dute.

Bederatzi hiriburutan aukeratutako hautagaiek parte hartuko dute Bartzelonako azken fasean. Bertan 0 galan izango diren hemezortzi hautagaiak izendatuko dituzte, eta gala horretan erabakiko dute zein sartuko diren OT akademian.

Probarako gomendioak
Euskaldun asko izango dira Bilboko casting-ean eta, hori dela eta, zenbait aholku bildu ditugu, eurei prozesua errazteko asmotan. 

  • NANa edo bizileku-baimena eraman. Nahitaezkoa da identifikatzeko behar den dokumentua aldean izatea.
  • Ur botila, bisera, eguzkitako krema edo aterkia hartu. Eguraldi iragarpena begiratu, eta beharrezkoa duzuna poltsan sartu.
  • Kantuak ondo aukeratu. Kanturako eta emozioak transmititzeko duzun gaitasuna islatuko duten abestiak hautatu. Ahal dela, estilo ezberdinetakoak izan daitezela, eta halakoetan gehien erabiltzen ez direnak.
  • Aurrez prestatu. Entseguak egin, eta aukerarik baduzu, kantuak landu musikan aritzen den pertsona egoki batekin. 
  • Ahotsa zaindu. Arnasa, afinazioa eta ahoskera kontuan izan. Ondo berotu ahotsa castingaren aurretik eta aurreko egunetan ez behartu.

  • Zu zeu izan. Ahots on asko daude, baina zure nortasuna bakarra da. Epaimahaiak, ahots ederrez gain, benetakotasuna nahi izaten du, beraz, zure jarrerak, energiak eta begiradak garrantzia dute.
  • Saiatu urduritasuna kontrolatzen. Ez da egoera samurra, eta halakoetan urduritasunak gaina hartzen digu. Arnasketa ariketak egin ditzakezu edo baretzeko balio dizun pentsamenduetan kontzentratu.
  • Izan konfidantza zugan. Ahalik eta jarrera seguruena erakutsi ezazu, baina ez jokatu zure izaerarekin bat egiten ez duen moduren batean. Jarrera profesionala eta errespetuzkoa izan ezazu.
  • Eroso jantzi. Denbora dezente pasa beharko duzu bertan eta, hori dela eta, jantziak ez dizu enbarazurik egin behar. Zure estiloa eta izaera islatzen duen arropa bada, hobe!
  • Esperientziaz gozatu. Jendea ezagutzeko aukera izango duzu, gustuko duzuna egiteko. Beraz, ahal den neurrian, ondo pasatzen ahalegindu. Pegatina lortzen ez baduzu, ez etsi, ez du esan nahi balio ez duzunik. Jarraitu gustatzen zaizuna egiten, hala nahi baduzu. Hautatua izan ala ez, esperientzia berezia biziko duzu, eta ziur gaude bizitzarako baliagarria izango dela. 

Zorte on guztioi!