[KRONIKA] Gure Zirkua: haurtzarora jauzia!

[KRONIKA] Gure Zirkua: haurtzarora jauzia! Haurtzaroarekin lotutako etengabeko keinuak eta pasioz, sentimenduz eta bihotzetik sortutako ikuskizun magikoa. Zuzeneko musika, krispeta usaina, umorea, trapezistak, orekariak, magoak, pailazoak eta garrantzitsuena, euskara hutsean eta animaliarik gabekoa. Horrela laburbilduko nuke hitz gutxitan, Oiartzunen geldialdia egin duen zirku txiki baina era berean xarmagarri eta berezi honek 90 minututan eskaintzen duena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kronika-gure-zirkua-haurtzarora-jauzi-magikoa/@@download/image/Captura de pantalla 2019-05-06 a las 10.00.56.png
2019/05/06

Testua: Gaizka Izagirre@Gaizka_Izagirre

Haurtzaroarekin lotutako etengabeko keinuak eta pasioz, sentimenduz eta bihotzetik sortutako ikuskizun magikoa. Zuzeneko musika, krispeta usaina, umorea, trapezistak, orekariak, magoak, pailazoak eta garrantzitsuena, euskara hutsean eta animaliarik gabekoa. Horrela laburbilduko nuke hitz gutxitan, Oiartzunen geldialdia egin duen zirku txiki baina era berean xarmagarri eta berezi honek 90 minututan eskaintzen duena.
[KRONIKA] Gure Zirkua: haurtzarora jauzia!

"Gure Zirkua heldu da, Gure Zirkua herrian baita", halaxe dio karpa ibiltariaren abestiak eta hortxe kokatu gara, karpa horren inguruan, umez inguraturik, Gure Zirkuan sartzeko ilara luzean. Aitortu behar dizut, apur bat arrotz sentitu naizela hasieran; haurtzaroan lagunekin merienda baten erdian ginenean eta denbora guztian matraka ematen egoten ziren guraso horiek ulertu nituen une batez. Lekuz kanpo, festa hori nirekin joango ez balitz bezala. “Ai ene, Ikuskizunez nahastu naiz, hau umeentzat soilik izango da” pentsatzen nuen ilaran nengoen bitartean. Ordu eta erdi beranduago, haurtzarora bidaia ahaztezin bat egin dudala sentitu dut, erabat liluratuta atera naiz Gure Zirkutik eta barruan dudan ume txiki hori berriro atera izana eskertu nahi diet bihotzez.

Euri zaparrada saihestu eta sarrerako olana zeharkatu dugunean ordea, ia artisautza eran eraikitako estrukturak, bonbillen goxotasuna, eskuz margoturiko egur horien usaina eta albo batean zeuden instrumentuak ikusi ditugunean, hasierako sentimendu kontrajarri horiek segituan itzali dira. Eseri gara, ikuskizuna hastera doa. Argiekin oso joko polita sortuz eta Iker Galatzak maisuki gorpuzten duen Poxpolo pailazoaren sarrera zoragarri baten ostean, lehen ezustekoa iritsi da: Agurraren lehen notak entzuten ditugun bitartean, soka fin baten gainean Garazi Pascual orekaria dantzan hasi da.  Hunkigarria eta berezia.
Hortik aurrera era guztietako abileziak erakutsi dizkiguten artista sorta paregabeaz gozatzeko aukera izan dugu. Ez ditut guztiak aipatuko, ez baita zilegi zuzenean bizitzeko aukera izan ditudan ezusteko guztiak testu honen bitartez zuri zapuztea.

Ikuskizun konkretuen ezustea hondatuko ez dizudan arren, ezinbesteko garrantzia duten bi elementu goraipatu nahi nituzke: musika eta umorea. Lehena, zuzeneko musika; dotorea eta ikuskizuna beraren gainetik jartzen ez den horietakoa, lagungarria da, baina ikusten dugun hori zapaltzeko intentziorik gabekoa (Mikel Laboraren Martxa Baten lehen notak edota beste kantu ezagunen moldaketa bikainak entzun ditzakegu besteak beste). Soinu banda gisa funtzionatzen duen musika hori ordea ez da oihal gorri-hori horren azpian entzuten dugun bakarra. Poxpolok (Iker Galartza) eta Martinek (Joseba Usabiaga) abesteko aukeratzen dituzten abestiak ere ezin aproposagoak iruditu zaizkit. Bidaia nostalgiko horretan lagungarri izateko eta batez ere ikusleak berotu eta ikuskizunaren parte sentitzeko perfektuak. “Euria da ta euria da, Xalala, rikiki” jarraitu dute.

Poxpolo eta Martin aipatzen hasita, ezinbestekoa bien artean sortzen duten magia berezi hori eta batez ere familia guztiari zuzenduriko umorearen aukeraketa. Hor sentitu dut bereziki nire barruko umearekin konexiorik irmoena.  "Xalala! Riki riki! Xalala! Riki! ri! dutxan dardaraka ur hotzarekin" entzun dudan unean, begiak itxi eta nire burua zazpi urte nituela irudikatu dut, ikastolako areto handian, lurrean eserita eta txokolatezko sandwicha jaten nuen bitartean, Takolo eta konpainiaz gozatzen. "Geuria da ta geuria da, geuria da ta geuria da...". Bat-batean, helduen mozorroa kendu nahi ez zuen mutil hori, txaloka eta abesten sentitu du bere burua. Lotsaren sentimendua ere usatu da, inguruko haur eta heldu guztiak ere festa txiki horren barruan zeudela ikusi duenean. 

Ezin dut sinetsi. Ziztu bizian igaro dira 90 minutuak eta amaitu da ikuskizuna. Poxpolok, zoruan fokatu duten argi hori erratzez garbitu eta saskian gorde du berriro ere. Gure Zirkuaren argia itzali da, baina une batez gure barnean piztu duten argi hori distiratsu jarraitzen du oraindik. 
Joseba Usabiaga (Don Martin), Iker Galartza (Poxpolo pailazoa), Koldo Arakistain (akrobata), Irati Gonzalez (akrobata), Asier Kidam (magoa), Ekain Ibarguren (malabarista), Garazi Pascual (orekaria), Iraitz Lizarraga (trapezista), Ibon Mendibil (musikaria) eta Unai Zabaleta (musikaria), eskerrik asko oparitu didazuen haurtzarora bidaia honengatik!