Zer egin dezakezu udan freskoago lo egiteko?

Zer egin dezakezu udan freskoago lo egiteko? Bero saparekin lo hartu ezinik bazabiltza, gomendio honekin proba dezakezu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zer-egin-dezakezu-udan-freskoago-lo-egiteko/@@download/image/pexels-olly-3768582.jpg
2025/06/27

Testua: Maitane Legarreta

Bero saparekin lo hartu ezinik bazabiltza, gomendio honekin proba dezakezu.
Zer egin dezakezu udan freskoago lo egiteko?

Ekain bero samarra izaten ari gara eta gauen freskatu ezean, nekeza izan daiteke lo hartzea. Ohean bueltaka eta begirik bildu ezinik bazabiltza, eta aire giroturik edo haizagailurik ez baduzu, gomendio honek balioko dizu akaso.

Sare sozialetan ohitura edo trikimailu baten berri zabaldu da: gauean erabili beharreko ehunak hoztea. Egipziarrek maindireak umeltzen omen dituzte, eta japoniarrek, berriz, izozkailuan sartzen omen dituzte. 

Lotara joan aurretik, izara eta burko-zorroa itxitura hermetikoa duen poltsa baten barruan ipini eta izozkailuan sartu behar da, hogeita hamar bat minutuz. Soinean erabiliko duzun pijama edo kamiseta ere sar dezakezu. Batzuek toalla hezea ere jarri ohi dute buruaren azpian.

Hala, ohean sartzerakoan, freskoago egongo dira jantziak eta ehunak eta bero sentsazioa arintzen lagunduko dute. Gorputzaren tenperatura jaistea da asmoa, errazago lokartzeko. Freskurak ez du gau osoan iraungo, baina lo hartzeko tarte horretan lagun dezake. 

Horretaz gain, kontuan izan etxea goizean goiz aireztatzea, pertsianak edota toldoak jaistea, eta logela ahalik eta ilunen eta freskoen mantentzea.

Ea aholku hauek jarraituz gaueko lo sakonari eusteko moduan zaren. Loaldi on!