Dubaiko txokolatea dastatu al duzu?

Instagram eta TikTokeko influencerrek Dubaiko txokolatea dastatzen agertzen diren bideoak zabaldu dituzte azken hilabeteotan sareetan eta txokolate mota horrek aparrak bezala egin du gora.
Dubai luxuarekin eta esklusibitatearekin lotzen da eta txokolateari ere balio bera erantsi zaio. "Dubaiko txokolatea" deitzen zaion arren, Can’t Get Knafeh of It du izena eta FIX Dessert Chocolatier markaren jabea den Sarah Hamoudak sortu zuen 2021ean. Haurdun zegoela zapore ezberdineko txokolatea jateko gutizia sortu zitzaion, bere haurtzaroko zaporeak berreskuratuko zituen gozoa.
Esnedun txokolatea da, eta pistatxo-kremaz, tahiniz (sesamo-pastaz) eta kadaifi txigortuaz (Ekialde Ertaineko gozogintzan erabiltzen den ore mehe eta kurruskariaz) beteta dago. Osagai bereziak eta itxura dotorea du.
Txokolate mota hau egin da ezagun, baina bestelako osagaiz betetako txokolateak ere baditu markak: pekana-intxaur karamelizatua, karamelu gazia, kakahuete-krema eta Lotus galletak, pretzela eta karaka te beltzarekin egindakoa.
Ekoizpen mugatua izaten dute eta eskaria handitu egin denez, berehala saltzen dira. Zenbaitek urrunetik bidaiatu du txokolatea probatzeko eta beste zenbait etxean egiten saiatu dira, sare sozialetan zabaldu diren errezetak jarraituta.
Txokolate honen arrakasta ikusita, zenbait markak antzeko produktuak merkaturatzen hasi dira. Hala ere, nutrizioan adituak direnen arabera, azukre asko eta oso fruitu lehor gutxi izaten dute.
Ez dago jakiterik Dubaiko txokolatearen fenomeno honek noiz arte iraungo ote duen, baina ziur asko influencerrek zabaldutako beste produkturen batek hartuko du lekukoa laster.