PLASTIKORIK GABEKO EUROPATIK HURBILAGO?

PLASTIKORIK GABEKO EUROPATIK HURBILAGO? Asteazken honetan Europar parlamentuak erabilera bakarreko lastotxo, kotoi-zotz eta mahai-tresnei betoa jarri die. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/plastikorik-gabeko-europatik-hurbilago/@@download/image/plastikoa 1.JPG
2019/03/28

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Asteazken honetan Europar parlamentuak erabilera bakarreko lastotxo, kotoi-zotz eta mahai-tresnei betoa jarri die.
PLASTIKORIK GABEKO EUROPATIK HURBILAGO?

Ozeanoak plastikoz gainezka egitear dauden honetan Europak horren aurka pausu bat eman du aurrera, plastiko gehiagorik ozeanoetara iritsi ez dadin. 2021. urtetik aurrera erabili eta botatzeko produktuen salmenta galaraziko du. Horrela, gure dendetako apaletatik plastikozko mahai-tresnak, edalontziak, platerak eta kotoizko zotzak desagertuko dira. Poliestirenoz egiten diren janari azkarreko kaxak eta edarien ontziak ere ez dira merkaturatuko.

Neurriarekin kritiko agertu direnek aldarrikatu dute sektoreko enpresetan debekuak ondorio kaltegarriak izan ditzakeela. Horrez gain, gogorarazi dute neurri hauek ez dutela gauza handirik aldatuko mundu mailan isuri gehienak Txinak igortzen dituenean.

Frans Timmermans, Europako Komisioko presidenteordea, ziur da debekuak berrikuntza sustatuko duela eta lanpostuak sortu. Bere ustez, plastikoaren alternatibak sortuko dituzten enpresak jaioko dira, metalezko lastotxoekin gertatzen den moduan.

Horrez gain, Europako zuzendaritzak etxeko lanak ezarri dizkie bere sozioei: 2029a baino lehen, Estatuek, material birziklatuekin egindako botilen %25 izan behar dute, 2030ean %30 eta erabilitako botilen %90 biltzeaz arduratu beharko dira. Legeak, tabako konpainiek zigarro-puntak garbitzearen kostua bere gain hartzera behartuko ditu; Europako hondartzetan erabilera bakarreko bigarren artikulua ugariena baita.

Gainera, kontsumitzaileak erosten duenaren osagaiez gero eta arduratuagoak dauden honetan, eskuzapi hezeen, konpresa edota plastikozko filtroen zigarro fabrikatzaileek euren produktuak inguruan izango duen eraginaz informatu beharko dute: “Itsasora botatako zigarro-punta batek 500-1.000 litro ur kutsatzen ditu.”

Talde ekologistek erabakia txalotu dute, itsasoan dagoen zaborraren %80 plastikoa baita. Giza osasunean horrek izan dezakeen ondorioak ardura handia piztu du. Dortokek, itsas-txakurrek, baleek, hegaztiek, arrainek eta itsaskiek plastiko kantitate horren zati bat jaten dute eta horiek gizakiaren gorputzetan sartzen dira elikagai moduan. Badirudi, Greta Thunberg-en eredua harturik kalera atera ziren milaka gazteen oihua entzuna izan dela, jarrai dezagun denok gure hondar alea jartzen.