'Jone, batzuetan' filma bihar estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinemetan

'Jone, batzuetan' filma bihar estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinemetan 20 urteko Jonek Bilboko jaietan eta etxean biziko dituen esperientzia berriak eta zailtasunak erakusten ditu filmak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jone-batzuetan-filma-bihar-estreinatuko-da-hego-euskal-herriko-zinemetan/@@download/image/jone_batzuetan-853407048-large.jpg
2025/09/11

Testua: Maitane Legarreta

20 urteko Jonek Bilboko jaietan eta etxean biziko dituen esperientzia berriak eta zailtasunak erakusten ditu filmak.
'Jone, batzuetan' filma bihar estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinemetan

Sara Fantova Barrena zuzendari bilbotarraren Jone, batzuetan filma bihar, ostirala, estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinemetan. Euskara eta gaztelania uztartzen ditu filmak, eta 20 urteko Jone gaztea da protagonista.

Nerabezaro betean biziko duen heldutasunerako esnatzea kontatzen du pelikulak. Helduaroko lehen esperientzien aurrean izaten diren sentimenduak eta zalantzak islatzen ditu, eta gurasoen sendotasuna eta sostengua galtzeak ekar dezakeena. 

Jone (Olaia Aguayo) bere aitarekin (Josean Bengoetxea) eta ahizpa txikiarekin (Elorri Arrizabalaga) bizi da Bilbon. Kaskagorri konpartsako kidea da eta Bilboko Aste Nagusian murgilduko da bete-betean: kuadrillarekin parrandan aterako da, txosnan txandak egingo ditu eta bere lehen maitasuna ezagutuko du, Olga (Ainhoa Artetxe). Aldi berean, aitaren Parkinsonaren ondorioak ustekabean larriagotu egingo dira, eta etxeko beste bi kideez arduratu beharko du Jonek. 

Pelikula 2023ko Aste Nagusian filmatu zuten, benetako giroan murgilduta. Beraz, ikus-entzuleek txupinazoan Arriaga plaza beteta,  txosnen muntaketa, Kaskagorri barraren barruko eta kanpoaldeko kontuak edota Marijaia erretzen ikusiko dute. Bilbok eta Aste Nagusiak garrantzi handia dute, beraz, filmean.

Sara Fantova (Bilbo, 1993) zuzendariak Bartzelonan ikasi zuen zinema, eta Semincin eta Rotterdamgo Nazioarteko Jaialdian estreinatutako No me despertéis film laburrarekin graduatu zen Bartzelonako ESCACen. 2019ko Malagako Zinemaldian bi sari irabazi zituen La filla d’algú (‘Norbaiten alaba’) film luze kolektiboa zuzendu zuen, eta Esto no es Suecia (2023) telesaileko atalak ere zuzendu ditu elkarlanean. Jone, batzuetan bakarkako lehen film luzea du, eta hark idatzi du gidoia, Nuria Dunjo eta Nuria Martinekin batera.

Malagako Zinemaldiko Sail Ofizialean epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen bihar estreinatuko den lanak. Bartzelonako D’A Film Festivalen, film independente "ausart eta arauz kanpokoei" eskainitako Un impulso colectivo saileko sari nagusia irabazi zuen, eta Atlàntida Film Fest jaialdian Film onenaren Saria.