Konfinamendu garaiko gida gastronomikoa (lehen zatia)

Konfinamendu garaiko gida gastronomikoa (lehen zatia) Covid-19aren krisi honetan, konfinamendu garaian, asko izan dira euren eguneroko bizitza eta jarduna etenda ikusi eta bizirauteko formula berriak pentsatu eta martxan jarri dituztenak. Taberna eta jatetxeek ezin gu beraien etxeetan, jantokietan hartu, askok pertsiana jaitsita mantendu dute, baina, beste batzuek aldiz, etxerako zerbitzuaren aukera baliatu dute euren sukaldaritzarekin gure sabelak goxatzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/konfinamendu-garaiko-gastronomia-gida-lehen-zatia/@@download/image/Screenshot_2020-05-11 pintxoak - Google Bilaketa.png
2020/05/11

Testua: Oraitz Garcia @oraitzgarcia

Covid-19aren krisi honetan, konfinamendu garaian, asko izan dira euren eguneroko bizitza eta jarduna etenda ikusi eta bizirauteko formula berriak pentsatu eta martxan jarri dituztenak. Taberna eta jatetxeek ezin gu beraien etxeetan, jantokietan hartu, askok pertsiana jaitsita mantendu dute, baina, beste batzuek aldiz, etxerako zerbitzuaren aukera baliatu dute euren sukaldaritzarekin gure sabelak goxatzeko.
Konfinamendu garaiko gida gastronomikoa (lehen zatia)

Deseskalatze fase honetan, pixkanaka-pixkanaka geroz eta gehiago dira euren sukaldeak zabaldu eta euren kutixi gastronomikoak berriro ere kozinatzen jarri eta gure etxeetan gozatzeko prestatzen dizkigutenak, etxerako zerbitzuaz gain, orain bertan jaso eta etxera eramateko zerbitzua jarri baitute martxan hainbat taberna eta jatetxek. Ondorengo lerroetan, horietako batzuen zerrenda bat aurkeztuko dizuet, nire konfinamenduko garaiko gastronomia proposamena, etxetik mugitu gabe eta etxeko goxotasunean gure inguruko sukaldarien gastronomia bikainaz gozatu eta horrela ere gure kulturan ezinbesteko diren taberna eta jatetxeei esku bat botatzeko.

Nire inguruko jatetxeak aipatuko ditut, ezagun ditudanak, ez ditut garai honetan denak probatu, baina, bertan izandakoan bizitakoak eta sukaldarien maila eta konfiantza ezagututa hautatu ditut, batzuk bidean geratuko zitzaizkidan, ziur, baina, informazio uholdearekin ezin denei tartetxoa egin. Zoritxarrez ez dut Euskal Herri osoa hartzen, beraz, zuen proposamen eta laguntza oro ongietorria da dudarik gabe. Hautaketa gaika edo sukaldaritza mota edo formatuaren arabera antolatu dizuet, informazio gehiago jasotzeko ere euren sare sozialak aipatu dizkizuet:

Etxean kozinatzeko

Ama Taberna (Tolosa): @amataberna (Instagram)

“Zuen etxean, gurean bezala” lelopean Ama Tabernak sukaldari lanetan jarriko zaitu, bere kutixiak etxean jaso eta zuk eman beharko diozu azken ukitua, baina, ez kezkatu ez baita lan zaila izango dena txukun-txukun azalduta jasoko baituzu paterren osagaiekin batera. Euren ikur bihurtu diren kroketak, abakando entsaladilla, karabinero arroza, denboraldiko platerak eta ezinbestekoa, gazta tarta, konfinamenduko egunik txarrenak ere alaituko dizkizuna.

Eremua: Tolosa eta Ibarraz gain, Tolosaldean banatzen dute batik bat, baina, Donostialdera ere iritsi dira, horretarako kontsulta egin.

Zerbitzua: asteartetik ostegunera eguerdian eta ostiraletik igandera eguerdi eta gau.

Labe (Donostia): @LabeRestaurant (Instagram)

Labek, Ama Tabernaren bidea jarraitzen du, euren produktuak, euren plateretako osagaiak etxera bidali eta zuk eman behar diezu azken ukitua. Donostiako Tabakaleran kokatua dagoen jatetxea, Basque Culinary Centerreko graduatuek kudeatua (maiatzeko zenbakian hitz egiten dizuet honen inguruan), bertako produktuekin proposamen interesgarriak egiten dituzte. Etxean gozatzekoak: pastrami ogitartekoa, erremolatxa errea edota arkume belaunpekoa.

Eremua: Donostian banatzen dute, hortik kanpo kontsultatu.

Zerbitzua: astelehenetik igandera iluntzean, ostiral eta larunbatetan eguerdietan ere.

Etxean edo bertan gozatzeko

Damadá (Donostia): @damadagastro (Instagram)

Covid-19aren krisia hasi eta gutxira jarri zuten martxan euren etxerako zerbitzua. David Arellano goi mailako sukaldariak maisutasunez kozinatzen ditu platerak, 2020an ezagutu dudan lekurik interesgarrienetako bat dudarik gabe. Ezinbestekoak: beste mundu batekoa dirudien steak tartarra, etxeko salmorejoa, olagarro arroz krematsua, arkume edo txerrikume erreak eta gazta tarta, hitzik gabe uzten dizun horietakoa.

Eremua: Donostia

Zerbitzua: asteartetik larunbatera eguerdi eta gau eta igande eguerdietan.

El Vaskito (Donostia): @el_vaskito (Instagram)

Donostiako Errotaburu auzoan kokatua, gauzak oso ondo egiten ari den gazte batek zuzendua, Iñaki Azkue, Basque Culinary Centerreko ikasle izandakoa. Betiko sukaldaritza, betiko errezetak, goi mailako produktuarekin magia egiten dakiena. Patata tortilla, arrain zopa, barazki menestra, kokotxak, bakailaoa, txangurroa donostiar erara, almandrogilak, tripakiak, gazta tarta edo hur coulanta.

Eremua: Donostia, Orio eta Zarautz, bestela kontsultatu.

Zerbitzua: kontsultatu, Orio eta Zarautzera egunean behin egiten da banaketa.

Usarbi (Donostia): @bodegon_usarbi (Instagram)

2020 honek ezagutarazi didan beste proiektu gastronomiko benetan interesgarria. Donostiako Gros auzoko Kataluña plazan kokatua, pixka bat ezkutuan geratzen da, beheko solairu batean, eskailerak jaitsita, baina, gastronomiaz gozatzeko leku paregabea, altxor ezkutua. Bertako produktuak, denboraldikoak, merkatuak markaturiko sukaldaritza. Urdaiazpiko kroketa bikainak, bakailao tortila, olagarroa, ahate almandrogilak eta gazta tarta.

Eremua: banaketa eremuak kontsultatzeko deitu. Jatetxean bertan ere jaso daiteke.

Zerbitzua: asteartetik ostiralera gauez, larunbatean eguerdi eta gau, igandean eguerdian.

Aho-Mihi (Donostia): @ahomihi (Instagram)

Donostiako Egia auzoan kokatua dago. Sukaldaritza proposamen interesgarriak egiten ditu, euskal eta kataluniar sukaldaritzak uztartuz. Herri katalanetatik ekarriak dira, bertan oso ohikoak izaten dira itsasoaren eta mendiaren arteko batuketa diren platerak eta ostegunetan arroza jateko ohitura. Oilasko kaneloiak, almandrogila sepia eta perretxikoekin, ganba fideua, butifarra ogitarteko ugari eta krema katalana.

Eremua: jatetxean bertan jasotzeko, ordubete lehenago eskatuta.

Zerbitzua: asteazkenetik ostiralera gauez eta larunbat eta igandetan eguerdi eta gau

Agorregi (Donostia): @agorregi (Instagram)

Donostiako erreferentziazko lekuetako bat. Gorka Arzelus artista da, mimoz eta maisutasunez gauzatzen ditu bere sukaldaritza proposamenak. Portuetxen kokatua, benetan gomendatzeko lekua. Euskal sukaldaritza berriaren ildotik doan betiko sukaldaritza gaurkotua, goi mailako produktuak oinarri. Itsaskabra pastela, marmitakoa, rissottoa, zainzuriak, legatza, ajoarrieroa, masailak eta iratiko gazta urdin tarta.

Eremua: deitu kontsultatzeko

Zerbitzua: deitu kontsultatzeko

Rita (Donostia): @restaurante_rita (Instagram)

Ismael Iglesias sukaldari gazteak Egia auzoan kudeatzen duen jatetxea. Sukaldaritzarako dohain handiak ditu, betiko errezetatik abiatuta, errezeta eguneratuak eskaintzen dizkigu, goi mailako produktu batetik abiatuta, proposamen interesgarri eta erakargarriak. Konfinamendu garai honetan arrozen aldeko hautua egin du, sorta ederra prestatu du, pare bat ogitarteko eta hanburgesa eta bi azkenburukoz lagunduta.

Eremua: deitu kontsultatzeko. Maiatzak 11tik aurrera terrazan bertan jateko edo jasotzeko.

Zerbitzua: maiatzak 11tik aurrera 11tatik 23tara etenik gabe.

Aldanondo (Donostia): @asadoraldanondo (Instagram)

Donostiako izen handietako bat, Parte Zaharrean kokatua, urteetan txuletako tenplu eta erreferentzia izan dena. 2019an ibilbide berria hasi zuen, baina, bere izaera eta nortasuna mantenduz: parrila eta denboraldiko, merkatuko produktuak. Hortik abiatuta, parrila antojua duzuenontzako proposamena, betiko errezetak, arrai eta itsaski zopa, Tolosako babarrunak, legatza saltsan eta erreboiloa, zapoa, azpizuna edo txuleta parrilan.

Eremua: Donostia edo jatetxean bertan jasotzeko

Zerbitzua: eguerdietan eta gauean

Gandarias (Donostia): @casagandarias (Instagram)

Donostiako Alde Zaharreko tenplu gastronomikoetako bat. Betiko sukaldaritzaren gotorleku, betiko errezeten gordailu. Aipatzekoa ere jatetxetik gertu duten Xibaritak Gandarias kutixi denda, non, konfinamendu garaian elkartasun menuak banatzen egon diren beharra zuen jendearen artean. Maiatzak 11tik aurrera euren terraza irekita, erreserbatzea komeni, pintxo hotzak, pintxo beroak, anoak, eta falta ezin zuen txuleta, etxeko erregina.

Zerbitzua: eguerdietan 12tatik 16tara, gauetan 19tatik 23tara.

Artzabal (Usurbil): @artzabaljatetxea (Instagram)

Ze ondo kozinatzen duen Igor Gorritik. Etxean bezala sentiarazten zaitu Usurbilgo jatetxe horretan, leku paregabea dena esan dezadan. Betiko sukaldaritza mimoz egina. Konfinamendu garaian etxerako zerbitzua anoak, ogitartekoak, pizzak, hanburgesak eta betiko platerak, kroketak, arrain zopa, rissottoa eta hain ohikoa den, baina, Artzabalen bikain prestatzen duten oilaskoa labean.

Eremua: Usurbil eta deitu kontsultatzeko, bertan jasotzeko aukera ere.

Zerbitzua: egunero eguerdi eta gau

Danako (Irun): @danakodavid (Instagram)

Euskal Herriko Pintxo Txapelketako egungo txapeldun izateak argi uzten du zein mailako sukaldarien aurrean gaude. David eta Naiarak pintxoen artistak dira eta proiektu berria hasi zuten 2018an, pintxoetatik haratago, eguneroko sukaldaritza goxo bat kozinatu eta eskaintzeko. Asteburuko menua, pintxoak, ogitartekoak eta sagardotegi menua besteak beste euren tabernan jaso eta etxean gozatzeko.

Eremua: Irunen jasotzeko

Zerbitzua: astean zehar eguerditan, asteburuan eguerdi eta gauean

Martinez Jatetxea (Ordizia): @martinezjatetxeaordizia (Instagram)

Gure betiko sukaldaritzaren ikur, gure gastronomiaren historia bizia. 130 urteko historia gordetzen da euren kazola eta zartagin artean. Bertako produktuak, mimoz aukeratuak eta goxotasunez kozinatuak. Etxera eraman edota bertan jasotzeko, hainbat platerretan ere aukera etxean azken ikutua emateko. Anoak, ogitartekoa, plater nagusiak eta eguneko menua astelehenetik ostiralera.

Eremua: Ordizia edota bertan jasotzeko

Zerbitzua: Astelehenetik igandera 9tatik 16tara.

Lavie (Lasarte): @laviegastrobar (Instagram)

Leku berezia da, ezkutatua Lasarten, kaletik joan eta bapatean begietan jotzen dizun diseinu zaindua, leku goxoa, eseri eta lasai egotea eskatzen dizuna. Horretaz gain, goi mailako sukaldaritza, bai solidoa, plater berezi bezain goxoak, eta baita likidoa ere, kokteletan adituak baitira. Food truck formatuan, bertan jaso eta etxean gozatzeko kroketak, oilasko hegaltxoak, izokin pokea eta parrilan eginiko platerrak.

Eremua: bertan jaso eta eramateko

Zerbitzua: Astelehenetik igandera eguerdi eta gau.

 

Konfinamendu garaiko gida gastronomikoa (bigarren zatia)

Covid-19aren krisi honetan, konfinamendu garaian, asko izan dira euren eguneroko bizitza eta jarduna etenda ikusi eta bizirauteko formula berriak pentsatu eta martxan jarri dituztenak. Taberna eta jatetxeek ezin gu beraien etxeetan, jantokietan hartu, askok pertsiana jaitsita mantendu dute, baina, beste batzuek aldiz, etxerako zerbitzuaren aukera baliatu dute euren sukaldaritzarekin gure sabelak goxatzeko. JARRAITU IRAKURTZEN...