'Smellmaxxing": mutil nerabeek haien usainari ematen dioten garrantzia

Desodorantea erabiltzeaz gain, norberaren usaina zaintzea gero eta garrantzitsuagoa da mutil nerabeentzat. Smellmaxxing izeneko joera nabarmendu da aspaldian, eta horren arabera, luxuzko perfurmeak erostea ohitura bihurtu da mutil gaztetxoen artean, konfiantza, estatusa eta heldutasuna erakutsi nahian. Estatu Batuetan hasi zen moda berri hau, baina Europan ere jarraitzaileak ugaritu dira, batez ere influencerren eraginez.
Gorputzaren usain gozoa aintzat hartzekoa da haientzat, eta, ahal izanez gero, usain berezia, bakarra eta gogoratzekoa lortzea da asmoa. Horrekin batera, gomendagarria omen da testuinguru bakoitzerako ere usain bat izatea: gimnasiorako bat, eskolarako beste bat eta zita baterako beste bat.
Lurrin garestiak erosten dituzte, luxuzkoak, eta, beraz, haien poltsikoko dirutik aurreztu behar dute. Jeremy Fragrance alemaniar influencerraren eta TheCologneBoy izeneko 17 urteko bildumazalearen esanei jaramon egiten diete, zer aukeratu, nola eman eta gainerakoak erabakitzeko. 2023tik 2024ra %23 inguru igo omen zen Estatu Batuetako nerabeek lurrinetan egindako gastua.
Norbere identitatea eraikitzeko beste modu bat da, norberaren irudi sozialean, zaintzan eta kontsumo emozionalean oinarriturik. Usain jakina norbere marka bihurtzen da, ezberdintzeko eta nabarmentzeko modua, eta desiragarria da gazte askorentzat.
Sare sozialen bidez gogorarazten diete eta, beste kontu askorekin gertatzen den bezala, ez dute joera berria galdu nahi. Nerabezaroa presio handiko garaia da, gainera, eta inork ez du epaitua edo baztertua izan nahi. Luxuzko lurrinik erosi ezin duenak merkeagoak erosi beharko ditu, halabeharrez, eta horrek ere ondorioak izan ditzake.
Zer iruditzen zaizu joera hau? Zuk ere lurrin garestiak erabiltzen al dituzu?