Konfinamendu garaiko gida gastronomikoa (bigarren zatia)

Konfinamendu garaiko gida gastronomikoa (bigarren zatia) Covid-19aren krisi honetan, konfinamendu garaian, asko izan dira euren eguneroko bizitza eta jarduna etenda ikusi eta bizirauteko formula berriak pentsatu eta martxan jarri dituztenak. Taberna eta jatetxeek ezin gu beraien etxeetan, jantokietan hartu, askok pertsiana jaitsita mantendu dute, baina, beste batzuek aldiz, etxerako zerbitzuaren aukera baliatu dute euren sukaldaritzarekin gure sabelak goxatzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/konfinamendu-garaiko-gida-gastronomikoa-bigarren-zatia-zatia/@@download/image/Screenshot_2020-05-13 petritegi sagardotegia - Google Bilaketa.png
2020/05/13

Testua: Oraitz Garcia @oraitzgarcia

Covid-19aren krisi honetan, konfinamendu garaian, asko izan dira euren eguneroko bizitza eta jarduna etenda ikusi eta bizirauteko formula berriak pentsatu eta martxan jarri dituztenak. Taberna eta jatetxeek ezin gu beraien etxeetan, jantokietan hartu, askok pertsiana jaitsita mantendu dute, baina, beste batzuek aldiz, etxerako zerbitzuaren aukera baliatu dute euren sukaldaritzarekin gure sabelak goxatzeko.
Konfinamendu garaiko gida gastronomikoa (bigarren zatia)

Ogi eta ogi artean

Txiritinga (Riezu): @txiritinga

Lizarraldeko sukaldaritza informalaren ikur, gazte jendearen erakargarri eta jomuga. Ausartuko nintzateke esatera inguruko hanburgesarik onenak prestatzen dituztela bertan, benetan sekulakoak, idi, txahal, arkume, oilasko eta seitan hanburgesak, era ugaritan prestatuak, baita ogitarteko, entsalada eta anoak ere. Gainera, 12 garagardoko sorta bat prestatu dute Cervebelen eskutik konfinamendu egun hauek bustitzeko.

Eremua: Lizarraldea

Zerbitzua: Ostegunetik igandera gauetan, eskaria egun bat lehenago egin behar da.

Zumardi (Donostia): Zumardi (Facebook)

Nire bihotzeko lekuetako bat, maiz joaten naiz, kuttuna dut, eta egia esan ez du misterio handiegirik, etxeko sukaldaritza, betikoa, mimoz egina, euskalduna. Baina, nire iritzi apalean, Donostiako ogitarteko onenak egiten dituzte, ez bereziak direlako, kalitatez eta prezioz diot, ohiko ogitartekoak baitira, baina, tamainaz ondo asetzeko modukoak eta prezioz erakargarriak. Nik beti urdaiazpiko mixtoa hartzen dut, ez dut aldatzen, burugogorra naiz. Ogitartekoak, anoak, entsaladak, pintxoak eta platerak bertan jaso eta etxean gozatzeko.

Eremua: bertan jasotzeko

Zerbitzua: deitu eta kontsultatu

Va Bene (Donostia): @vabenediscoburguer (Instagram)

Zenbat hanburgesa jan ote ditudan nik Va Benen. Esango nuke horrelako kontzeptua, fast foodaren ideia hori, Donostiara ekarri zuten lehenetarikoak izan zirela, McDonalds eta enparaurik iritsi ez zenean. Kalitatezko hanburgesak eta gainera, azkenaldian, etxean eginiko patata frijituak gehitu dizkiote, hasieran faltan botatzen nituenak. Nik beti 13a hartzen dut, hanburgesa bikoitza, tipula sueztitua, arrautza frijitua, hirugiharra eta gazta.

Eremua: bere bi tabernetan jasotzeko aurrez telefonoz eskatuta

Zerbitzua: astelehen, astearte eta asteazkena 13tatik 16tara eta 20tatik 23tara eta ostegunetik igandera 13tatik 23tara.

Top Rapida (Donostia): @top.rapida (Instagram)

Nire azkeneko aurkikuntzetako bat. Aitortuko dizuet, oraindik ere dastatzeke dudala, baina, orain arte jasotako erreferentziek eta ikusitakoak asko erakarri nau eta horregatik sartu dut zerrendan. Sandwichak dira bertako erreferentzia, hori bakarrik eskaintzen dute, zazpi desberdin. Horiek laguntzeko, ez soilik patata frijituak, baita, leka, zainzuri eta azenario frijituak. Ukitu berezia ea azkar dastatzen dudan.

Eremua: Donostian edo bertan jasotzeko

Zerbitzua: asteartea itxita, gainontzeko egunetan eguerdi eta gaur

Pizzak

La Panpinela (Eraul): La Panpinela Eraul (Facebook)

Txiritinga hanburgesetan nola, La Panpinela Lizarraldeko pizzen erreferentzia da, eta ondo irabazia du fama, leku gutxitan jaten baitira bertakoen gisako pizzak, horren seinale, joan nahiz izanez gero beti komen dela lekua hartzea, garesti egoten baita mahaia lortzea. Egurrezko labean eginak, etxekoak, 18 desberdin, gomendatzekoak, “Las de Larrión”, “Prehistoria”, “Panpinela” eta “Luna Norte”.

Eremua: Lizarraldea, maiatzak 15tik zabalik daude bertaratzeko.

Zerbitzua: ostiral gaua eta larunbat eta igandea egun osoa

Malandrino (Donostia): @malandrinocaffe_bar (Instagram)

Lizarraldeko pizza onenetatik, Donostiako pizza onenetara, nire uste apalean behintzat hala dira, eta badakit ere Juan Mari Arzak handiari, maisuari ere asko gustatzen zaizkiola bertako pizzak eta maiz joaten dela edo zela. Pizza sorta ederra, zer jan aukeratzea zailtzen duen horietakoa, Italiatik bertatik ekarritako osagaiekin eginda. Pasta platerrak ere eta pikatzeko pare bat gauzatxo, kalabazin loreak tenpuran mundialak daude.

Eremua: Donostia eta Antiguoko euren tabernan jasotzeko

Zerbitzua: Astelehenetik ostiralera gauean eta larunbat eta igandeetan eguerdi eta gau

Txotx!

Astarbe (Astigarraga): @astarbesagar (Instagram)

Aurtengoan izan dut aukera sagardotegi honen atzean dagoen historia guztia ezagutzeko, ohiko sagardotegi menu eta platerrez gain, euren familiaren oinordetza ondo zaintzen dute bertan. Sagardotegia etxera eramaten dute txuleta hanburgesa eta hanburgesa bejetala, bakailaoa saltsan, oilasko hegaltxo anoa eta etxean bakailao tortila prestatzeko osagaiak. Elkartasun helburua ere badute, bost hanburgesa salduta, seigarren bat Donostia Ospitalera eramaten dute.

Eremua: Donostialdea

Zerbitzua: egunero eguerdi eta gau, etxerako zerbitzua eta baita sagardotegian bertan jasotzeko

Petritegi (Astigarraga): petritegi.eus

Petri Etxean ekimenaren bitartez sagardotegia Astigarraga eta Martuteneko etxeetara eramaten dizute, edo, nahi izanez gero sagardotegian bertan jaso dezakezu eskatutakoa. Etxean prestatzen bukatzeko dastatze menua eskaintzen dute bi pertsonentzat, norberak nahi duen menua egiteko aukera ere eskainiz hainbat plater eskainiz, legatza parrilan, txuleta ontziratua, entsalada, bakailao tortilla egiteko osagaiak eta gazta, besteak beste.

Eremua: Astigarraga eta Martutene edo sagardotegian bertan jasotzea. Maiatzak 11tik aurrera beraien terrazan jateko aukera.

Zerbitzua: egunero eguerdi eta gau.

Orekatua, osasuntsua, goxoa!

Osoa Cooking (Ordizia): @osoacooking (Instagram)

Gogoan dut Anne Otegi Aramako Ostatuan ezagutu eta elkarrizketatu nuen egun hura. Ordutik bere eta bere sukaldaritzaren oso oso fana naiz, eta baita Vanessarena ere, noski. Biek osatzen dute Osoa Cooking eta helburua, gehienbat, sukaldaritza orekatu baten alde lan egitea eta berau ezagutaraztea. Etxez etxe aritzen dira eta bi aukera: etxera joan eta zurekin batera kozinatzea,aurrez prestatua eraman eta gero zuk kudeatzeko astean zehar, edota zure etxera joan eta bertan kozinatzea menua.

Eremua: deitu kontsultatzeko

Zerbitzua: deitu kontsultatzeko

Nazioartera bidaia gastronomikoak

Civico 14 (Donostia): @ristorante_civico14 (Instagram)

Donostiako altxor ezkutu bat. Italiar jatetxe peto peto bat, italiar sukaldaritzaren oinarrizko errezetak hartu, pizza eta ohiko pasta platerik ez duzue topatuko, eta gure inguruko osagaiekin uztartuta, bizitzea benetan merezi duen esperientzia gastronomikoa osatzen dute. Martxa hartzean bisitatu beharreko ezinbesteko lekua. Bitartean, maiatzak 15tik aurrera, italiar pasta goxoa etxeratzeko aukera: scialatelli, fusilli eta eguneko raviolia. Terraza zabalik maiatzak 15tik aurrera.

Eremua: deitu kontsultatzeko

Zerbitzua: deitu kontsultatzeko

 

Elosta (Donostia): @elostadonosti (Instagram)

Nikkei sukaldaritzaren erakusgarri eta erreferentzia Donostian. Bisitatu nuen azkenaldian bidai gastronomiko zoragarri eta ahaztezin izan zen Peru eta Japonian zehar. Orain bidai hori zure etxeko goxotasunean egin dezakezu. Animatzen bazarete, gomendio pertsonala, hegalabur tatakia ajoblancoarekin, hitzik gabe utzi ninduen, beste maila bateko platerra. Hortik aurrera, oilasko gyozak, izokin tartarra, sashimi, nigiri, maki eta roll sorta eta esne gozo chessecakea, mundiala.

Eremua: Donostia.

Zerbitzua: asteartetik igandera eguerdi eta gau

Mera Mera (Donostia): @lamerameradonosti (Instagram)

Mexikar sukaldaritza gustatzen bazaizue, hau da zuen lekua. Antiguako Matia kalean kokatua, leku berezia eta oso oso ondo jaten dena. Behin baino gehiagotan bisitatu dut eta beti izan da esperientzia ederra. Konfinamendu garaian etxera eramateko guakamole eta totopoak, natxoak, quesadilla, bao ogiak cochinita pibil edo kamaroiekin, burritoak edota takoak. Mexikar errezetak gure herrira, gure kultura gastronomikora ekarriak.

Eremua: bertan jasotzeko.

Zerbitzua: ostegunetik igandera eguerdi eta gau

Erlikia gastronomikoak

Iriarte Jatetxea (Berrobi): @iriarte.jatetxea (Instagram)

Ez daki Berrobin noizbait egon izan zareten, baina, Tolosaldeko herri txiki horretan, bada tenplu gastronomiko bat, goi mailako jatetxe bat. Herriko plazan kokatua, Iriarte bisitatu beharreko leku horietako bat da. Etxean bezala sentitu, baina, luxuzko zerbitzu eta sukaldaritza batekin. Plater goxo guztien artean bada erreferentzia bat: Usarreko Txerrikumea. Jendea hori jatera peregrinatzen du bertara eta orain etxean jan dezakezue kutixi bikain hori.

Eremua: Tolosaldea edo jatetxean bertan jasotzeko.

Zerbitzua: Ostiraletik igandera.

Paco Bueno (Donostia): @paco_bueno_bar (Instagram)

Gure betiko sukaldaritzaren ikur, gure miniaturazko sukaldaritzaren erreferentzia, ezingo genuke Donostiako Parte Zaharra Paco Buenoko ganba gabardinarik gabe ulertu. Bertakoak eta kanpotarrak elkartzen dira beti, Donostiako betiko taberna honetako kutixi gastronomikoa dastatu eta gozatzeko. Orain bertan jaso eta etxean gozatu ditzakezu ganbak, kroketak, kalamarrak, tortilak edota ogitartekoak.

Eremua: bertan jasotzeko

Zerbitzua: larunbata eguerdi eta gau eta igande eguerdietan

Amaiera gozorik gabe, ez dago amaierarik!

Izar (Donostia): @pasteleriaizar (Instagram)

Donostiar askoren gozoaren tenplua, kale nagusiko izkinatik zenbat eta zenbat sabela gozatu ote dituzten euren gozoekin asken 70 urteetan. Orain, denda itxi, eta online salmenta martxan jarria dute bertako bonba, txokolate, kuttu, ijito beso, Gorbea, Pantxineta eta palmerak gure etxean jaso eta euren gozogintzarako dohaiekin gozatzen jarraitu dezagun.

Zerbitzua: pasteleriaizar.es

Eremua: pasteleriaizar.es

Papperino: @papperino_il_gelato (Instagram)

Esango nuke Donostiako erreferentziazko izozki bihurtu direla. Sorta ederra, ugaria, zaporeekin jokatu eta zaporeekin gozatuarazi, hori da beraien helburua. Konfinamendu garai honetan euren izozkiak etxeetara eramaten dituzte, horretarako, 16 zaporeko sorta jarri dute gure esku eta gutxienez bi zapore eskatu behar dira. Limoi, mandarina, pistatxo, sagar tarta, gazta eta limoi tarta edo Papperino txokolate zaporeak dituzue aukeran.

Eremua: Donostialdea eta Oarsoaldea

Zerbitzua: asteazkenetik igandera

 

 

Konfinamendu garaiko gida gastronomikoa (lehen zatia)

Covid-19aren krisi honetan, konfinamendu garaian, asko izan dira euren eguneroko bizitza eta jarduna etenda ikusi eta bizirauteko formula berriak pentsatu eta martxan jarri dituztenak. Taberna eta jatetxeek ezin gu beraien etxeetan, jantokietan hartu, askok pertsiana jaitsita mantendu dute, baina, beste batzuek aldiz, etxerako zerbitzuaren aukera baliatu dute euren sukaldaritzarekin gure sabelak goxatzeko. JARRAITU IRAKURTZEN...