30.000 liburu mailegatu ditu eLiburutegiak

Euskadiko liburutegi digitalak, eLiburutegiak, urteko lehen seihilekoan, 30.206 lan mailegatu ditu (iaz epe horretan baino 3.955 gehiago), eta 3.162 erabiltzaile berri irabazi ditu, guztira, 32.899 erabiltzaile izatera helduz. 2019an, orain arte, eskaera handiena honako lan hauek jaso dute: John Anduezaren Larunbatean Bukowskin; María Dueñasen Las hijas del Capitán; eta Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa lanek. Gehien eskatutako 20 maileguen artean, hamar euskarazkoak dira eta beste hamar gaztelaniazkoak. eLiburutegiak eskainitako filmei dagokienez, eskaera gehien Asier Altunak zuzendutako Amama, eta Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Loreak filmek izaten jarraitzen dute. Hirugarren postuan Max Lang-ek eta Jakob Schuh-ek zuzendutako El Grúfalo animazio-filma agertzen da.
Datu horiekin, eLiburutegia atariak —Estatuko liburutegi digital garrantzitsuena— hazten eta erabiltzaile berriak erakartzen jarraitzen du. Izan ere, 2019ko bigarren zatian mailegu-erritmo honekin jarraituz gero, atariaren marka onena gaindituko da (57.180 mailegu izan zituen iaz, beste inoiz baino gehiago). Urteko lehen seihilekoa kontuan hartuta, apirilean erregistratu zen mailegu kopuru handiena (5.408), eta otsailean txikiena (4.460). Halaber, urtarrilean hazi zen gehien erabiltzaile berrien kopurua (701 lagun erregistratu ziren doako plataforma honetan).
Urteko lehen erdian gehien mailegatu ziren bost lanetatik lau euskal egileenak dira; kasu honetan, John Andueza, Harkaitz Cano, Jon Arretxe eta Fernando Aramburu. Halaber, mailegatutako 20 lanetatik 11 emakume idazleen lanak dira.
- 2019an gehien mailegatutako 20 lanak:
- Larunbatean Bukowskin – John Andueza.
- Las hijas del Capitán – María Dueñas.
- Fakirraren ahotsa – Harkaitz Cano.
- 19 Cámaras – Jon Arretxe.
- Patria – Fernando Aramburu.
- Jenis Joplin – Uxue Alberdi.
- Las deudas del cuerpo (Dos mujeres 3) – Elena Ferrante.
- 612 euro – Jon Arretxe.
- La desaparición de Stephanie Mailer – Joël Dicker.
- Los pacientes del doctor García – Almudena Grandes.