Facebook eta Google, albisteak doan zabaltzeagatik Australiarekin gerran

Facebook eta Google, albisteak doan zabaltzeagatik Australiarekin gerran Herrialdeak bere komunikabideak babestu nahi ditu, baina Interneteko bi erraldoiak ez daude albisteengatik ordaintzeko prest. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/facebook-eta-google-albisteak-doan-zabaltzeagatik-australiarekin-gerran/@@download/image/facebook-google-australia.jpg
2021/02/19
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Herrialdeak bere komunikabideak babestu nahi ditu, baina Interneteko bi erraldoiak ez daude albisteengatik ordaintzeko prest.
Facebook eta Google, albisteak doan zabaltzeagatik Australiarekin gerran

Aurreko astean eman genuen albistea; Australiako gobernuak, bertako komunikabideen lana babeste aldera, lege berria jarri nahi du indarrean. Lege horren arabera, aurrerantzean Googlek eta Facebookek bertako komunikabideek publikatutako albisteak erabiltzeagatik ordaindu beharko dute. Interneteko bi erraldoiek baina ez dute albistea ondo hartu, eta Facebookek Australiako erabiltzaile guztiak blokeatu ditu albisterik ikusi eta elkarbanatzeko aukerarik izan ez dezaten. Bere aldetik, Googlek negoziaketak hasi ditu herrialdeko aginteriekin.

Facebooken erreakzioa berehalakoa eta mendekatia izan da; australiar guztiak egun batetik bestera blokeatuz, bere boterea frogatu nahi izan du adituen ustetan. Hala, Facebookek adierazi du komunikabideak direla bere sare sozialean albisteak zabaltzen dituztenak, zabalkunde horretatik etekina ateratzen dutelako, difusio zabalagoa eskuratuz. Hortaz, ez dute uste albiste horiek zabaltzeagatik ezer ordaindu behar dutenik.

Googlek ere hainbat mehatxu bota ditu; besteak beste, Australiako bilatzailearen motorra ezabatzeko mehatxua egin du; horrek herrialdea Googleren bilatzailerik gabe utziko luke. Halere, azken egunotan hainbat komunikabiderekin adostasunera iritsi da Google, eta beren edukiak zabaltzeagatik ordaintzeko prest agertu da. Murdochen New Copr komunikabide agentzia da akordio horretara iritsi den enpresetako bat; hala, hemendik aurrera "diru kopuru handi bat" jasoko du Googlek zabaldutako albisteen truke.

Komunikabideentzat albiste paregabea da Google bezalako bilatzaile erraldoi batek zabaldutako albisteengatik ordaintzea, eta Europako hainbat herrialdetan dagoeneko martxan daude hainbat akordio, batez ere Frantzian. Joerak bide horretatik jarraitzen badu, komunikabideen digitalizazioa azkartu eta egonkortuko litzateke.