Baztanen girotutako haurrentzako liburu ilustratua kaleratu dute Kattalin Arizmendik eta Joanes Atxuk

Kattalin Arizmendik eta Joanes Altxuk ondarea, mintzoa eta paisaia biltzen dituzten ipuinak jaso dituzte Begiek zer, izanak erran haurrentzako liburu ilustratuan. Arizmendik idatzi ditu ipuinak eta Altxuk ilustrazioak egin ditu. LH 3. edo 4.mailatik aurrerakoei zuzenduta dago liburua.
Gradu Amaierako Lanaren haritik tiraka, ipuin bat sortzea pentsatu zuen Arizmendik, eta baztandarra izanik eta bailararekiko eta jendearekiko atxikimendu handia duenez, bertan kokatu zuen lana. Baztango sortzaile eta eragile batzuetatik hasi eta hortik istorio berriak kontatzea zen asmoa.
Hiru ipuinak sortzeko bere osaba Kepa Arizmendi margolaria zenaren hiru paisaietatik abiatu zen. Gero, Baztango erranairuek edo esaera zaharrak aukeratu zituen ipuinen hasieran jartzeko, espazio bakoitzera hobekien egokitzen zena. Ipuinen amaieran, berriz, koplak agertzen dira. Malen Altzuart, Alazne Untxalo eta Amaia Elizagoien bertsolariek idatzi dituzte koplak.
Ipuinak ez direla klasikoak azaldu du Arizmendik, ukitu abstraktua eta poetikoa dutela. Mariasun Landaren Iholdi liburua eta Mariano Izetaren ahozko literaturaren inguruko liburuko istorio batzuk hartu zituen erreferentziatzat berriak idazteko orduan. Istorio bakoitzean espazio edo paisaia bat agertzen da: auzo kaskoa eta bizitza aldaketa, kukuak udaberriari sarrera eman eta loratzea nola ematen den kontatzen duena, eta amatxi eta iloba igelen arrautzen inguruan solasean ari direna.
Aurrez aipatu bezala, ilustrazioez Joanes Atxu arduratu da, Kepa Arizmendiren lanetik abiatuta. Paisaiaren garrantzia topatu zuen haren lanean eta horri heltzea erabaki zuen. Ipuina kokatzen duten ilustrazioak egitea izan da bere lana.
1545 argitaletxeak kaleratu du liburua eta liburu-dendetan eskura daiteke hamabost euroan.