Puntuala naiz; larria al da?

Puntuala naiz; larria al da? https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/puntuala-naiz-larria-al-da/@@download/image/ILUSTRAZIOA_ALAIART.jpg
2019/05/20

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: Alaia Gaztelumendi @alai_art



Puntuala naiz; larria al da?

Gaur goizean Shakespearen esaldi hau irakurri dut Twiterren: “Hobe hiru ordu goizegi, minutu bat beranduegi baino”. Irakurle txit gorena, zure baimenaz eta esaldi hori abiapuntutzat hartuz, maiatzeko editorialak eskaintzen didan tarte honetan, betidanik jasan dudan gaixotasun arraro baten inguruko testigantza batekin osatu nahiko nuke: ordu zehatz batean norbaitekin geratzen naizenean, ordu horretan egoteko joera izaten dut beti. Narritagarria ezta? Ez dakizula zertaz ari naizen? Adibide batekin hobeto ulertuko duzu: demagun lagunekin arratsaldeko 17:00etan geratu naizela. Geratu naizen ordu zehatz horretan egon nahi dudanez eta tartean sor daitezkeen gorabeherak ekiditeko, 16:45 inguru bertan izaten naiz. 17:00ak iristen direnean ordea, nire itzala izaten da konpainiarik errepikatuena. Gainerakoen arrastorik ez jakina.

17:03  


17:10. Lehen laguna iritsi da:
– Lagunak niri: “Zer! beti bezala bost ordu lehenengo etorri zara ezta? –barreak– hori ez da puntuala izatea motel!”
Nire gaixotasun bera izatearen ezbeharra tokatu bazaizu, jarraian datorren guztia ezagutzen duzu jada: egiten dudana “ez dela puntuala izatea” argudiatuz, barreak eta isekak eta ordua baino lehenago egoteak ez duela inongo meriturik.
Gauza bat esan nahi dizut, eta orain zuzenean zurekin ari naiz, puntualtasun-eza existitzen den errespetu faltarik handienetarikoa da eta nire denborak zurea bezain beste balio du. Bai, halaxe da, baliteke nirea ez-ohiko gaixotasun bat izatea, baina berari esker ez dut ia inoiz autobusik galdu, Usopop jaialdian txokorik onena aukeratzen dut beti, zinema aretoko eserleku onenenetan esertzen naiz, bileretara ez naiz sekula berandu iritsi eta garrantzitsuena, nire denbora eta zurea maila berean kokatzen ditut beti!
Askok zerbait kulturala dela argudiatzen dute, Hegoameriketan adibidez, 30 minutu berandu iristea ez dagoelako gaizki ikusia eta aldiz Alemania, Japonia, Suitza edota Finlandian, puntualtasuna kulturaren oinarria dela. Arrazoia zerbait funtsezkoagoa dela ulertzen dut nik: errespetua.
Hauxe izan da nire gaixotasun arraro honen testigantza laburra.
Esadazu irakurle maitea, larria al da?