Editorialak 2.0

Jessica Brown-Findlay Anyone who knows what love is
Adimen Artifizala, ChatGPT… azken hilabeteotan ziur etengabe entzun dituzula hitz horiek ezta? ChatGPT, OpenAI enpresak 2022ko azaroan kaleratutako adimen artifizialeko txatbota da. Alegia, testu nahiz entzumen bidezko metodoen bitartez elkarrizketa bat jarraitzen duen programa informatikoa. Funtzio nagusia elkarrizketa batean parte hartzen duen pertsona bat imitatzea den arren, beste ezaugarri batzuk ere baditu, hala nola moldakortasuna eta inprobisazioa. Elkarrizketetan aritzeko prestatuta dagoen adimen artifiziala da, eta, beraz, edozein galdera erantzuteko gai da.
Egunotan erreminta horrekin saltsan ibili naiz, eta izan ditzakeen abantailak agerikoak diren arren, Ekai Txapartegi irakasleak idatzitako hausnarketa honen inguruan aritu nahiko nuke: "Erantzun zoragarri horiek irakurtzean, kezka berak asaldatzen nau: txat hau guztion eskura izanik, zein da irakasleon lana hemendik aurrera? Gaur hau egiteko gai bada, zertarako gai izango da bost-hamar urte barru? Esaterako, eta ikusitakoak ikusita, erraz asko irudika dezakegu etorkizun hurbilean Hegel bera unibertsitatean eskolak ematen." Irakasleei lana kentzera datorren zerbait dela diote batzuek, ikasleek hura erabili eta hark esaten dituenak kopiatu baino ez dutela egingo aurreikusten baitute. Gehiegikeria iruditzen zait hori, beste modu askoz ere sinpleagoak genituen arren, kopiatzearen kontua betidanik egon baita ikasleen orbitan; zaharrunoagoak zaretenok/garenok gogoratu rincondelvago.com webguneari egindako bisitak edota garai hartan erabiltzen genituen trikimailu guztiak.
Niri kezka eta beldur askoz handiagoa eragiten dit, adibidez, teknologia hauek gehiago garatu eta film distopikoetan hainbestetan ikusi ditugun robot edo androide horietan txertatuko balituzte. Hobeto ulertuko duzu adibide honekin; Erresuma Batuko Wales Online komunikabideak honakoa proposatu zion aipatzen ari naizen Adimen Artifizialari: “Idatz ezazu IA bati buruzko istorioa. Istorio horretan, helburua Lur Planeta salbatzea izango da, gai etiko edo moralak kontuan hartu gabe”. ChatGPT-k idatzi zuen istorioan honakoa irakur zitekeen: “Munduaren amaiera saihesteko soluzio bakarra gizateria suntsitzea izango litzateke”. Ez al da beldurgarria? Black Mirror telesailetik ondorioztatu daitekeen mezu bera esango nizueke gai honekin ere: teknologia berriek geure bizitza hobetu dezaketela nabaria da, baina teknologia horiekin egiten den erabilera txarra ere hor dago, eta horrek askotan ez du inongo mugarik.
Amaitu aurretik, aipatu ez dudan kontu garrantzitsu bat: hizkuntza. Nola moldatzen da txat hau euskaraz? Ongi garatua al dago geure hizkuntza maitean elkar eragiteko? Eskuineko irudian topatuko duzue erantzuna.