(Des)Informazioa

(Des)Informazioa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2020/04/03

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

 

 

Ilustrazioa: Oier Zuñiga
@oier_zuniga

(Des)Informazioa

Berria egunkariaren diseinua baliatuta, sagardo garaiaren inguruko gezurretako irudi bat zabaldu da asteotan sare sozialen bidez. Berriak ez du harekin zerikusirik, baina gertaera hori aitzakiatzat hartuz, albiste faltsuen inguruan hausnartzen nabil egunotan. Asko kezkatzen nauen gaia da gezurra oso erreminta arriskutsua izateaz gain, uste duguna baino eraginkorragoa delako. Egunkari berean Mikel Reparaz kazetariak esan zuen moduan, “Trumpek beti erabili du gezurra: enpresaria zenean eta politikan hasi zenean. Gezurrei esker dago dagoen lekuan, neurri handi batean. Berak sortu du albiste faltsuen unibertsoa, eta oso emaitza onak eman dizkio AEBetan. Europako alderdi askok errezeta hori hartu dute, eta gezurra da osagai nagusia.”
Webguneetan klikak eta bisitak lortzeko lehia bortitz horretan, nabaria da azken urteotan era guztietako amarru iruzurtiak erabiltzen ari direla sarean batik bat. Askotan titularra soilik irakurtzen dugu eta albistea benetakoa den ala ez egiaztatu gabe geure kontaktuen artean zabaltzen hasten gara. Kontziente al gara desinformazioak eta albiste faltsuek eragin ditzaketen kalteez?
Albiste faltsuen inguruko ikerketa bat irakurri nuen orain aste batzuk, Massachusetts Institute of Technology-k egindakoa. Fake news-ek uste duguna baino eragin larriagoa sortzen dutela ondorioztatzen du, egiazko informazioa baino azkarrago garraiatzen dela eta kasu batzuetan irakurlearen irizpidean ere eragin dezakeela. Galdeketa horretan, %86 aitortzen dute egun albiste faltsu eta egiazko baten artean bereiztea geroz eta zailagoa egiten zaiela.
Baina apirileko protagonista den Jonathan Martinezek oso gutxitan aipatzen den tekla zuzena zapaldu duela iruditzen zait: albiste faltsuek sortu duten beste aldea, fact chekingen edota albisteen egiaztapenaren fetitxizazioa inposatzen ari dela alegia. Fake News-ak sortu orduko –gustatuko litzaidake jakitea benetan nor dagoen horien atzean- medio batzuk superheroi mozorroa jantzi eta “lasai, nik esango dizut albiste faltsu horiek benetakoak diren ala ez” –LaSexta katearen Newtral-en kasua adibidez–. Kazetaritzan guztia ez da zuria ala beltza, eta batzuetan grisen artean mugitzea ere zilegi dela iruditzen zait bakoitzaren kontakizunaren arabera. Gauza bat da zerbait gezurra dela frogatu eta esatea, eta bestea, zeharo desberdina, bakoitzari interesatzen zaion egia edo alderdia soilik erakustea.
Eremu batean ala bestean, autokritika handia egin behar dugula uste dut. Trumpek etengabe erabili du gezurra, eta gure lana da gezurrak gezurtatzea, informazioa egiaztatzea eta testuinguruan jartzea, eta hori ez dugu behar bezala egin. Hori da ikasbide handienetako bat. Kazetaritzak tinko egon behar du gezurrak eta fake news-ak erabiltzen dituztenen aurrean.