Zinema aretoetara datorrenaren aurrerapena

Zinema aretoetara datorrenaren aurrerapena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinema-aretoetara-datorrenaren-aurrerapena/@@download/image/2011173582nicole-kidman-2-690x1024.jpg
2012/12/13
berria
Zinema aretoetara datorrenaren aurrerapena
Hilabetero-hilabetero zinema aretoetara iristear diren filmeen aurrerapena egiten digu Aitor Abaroak. Oraingoan hasi berri den urtean estrenatuko dituzten pelikula interesgarrienetako batzuekin datorkigu. Ea ba...

Rabbit hole. Zuz: John Cameron Mitchell. Akt: Nicole Kidman, Aaron Eckhart, Dianne Wiest.

Hedwig and the Angry Inch (2001): trabestismoaren kultuzko filma. Shortbus (2006): pornografiaren industriatik at sexu esplizitua erakusten duen filma. Bai, eta ez. Cameron Mitchelli outsider etiketa jarri izan dioten arren, gizaki orok dituen sentimendurik sakonenak aztertu ditu bere lanetan. Bide beretik jarraituz, seme baten galerak eragindako mina du aztergai, 2007an Pulitzer saria irabazi zuen eleberrian oinarritzen den drama honetan. Film gogorra, baina umore puntuz zipriztinduta, behar denean irribarrea ateratzeko landua. Bide batez, Nicole Kidmanek handienen artera bueltatzeko baliatuko duen filma.


Source Code. Zuz: Duncan Jones. Akt: Jake Gyllenhaal, Michelle Monaghan, Vera Farmiga.

David Bowieren semeak mundu guztia harritu zuen 2009an Moon liluragarriarekin, akzioa eta ordenagailuz sortutako irudiak alde batera utzi eta giroan eta intrigan sakonduta zientzia-fikzioaren sustraietan arakatuz. Orain, aurrekontu handiagoarekin, arrakasta errepikatzera dator. Gobernu estatubatuarraren Source Code programa esperimentala baliatuz, Gyllenhaalek gorpuzten duen soldadua tren batean doan gizon baten gorputzean sartuko da honen bizitzako azken 8 minutuetan. Prozesua behar beste aldiz errepikatu beharko du ordea, trenean jarritako lehergailua nork jarri duen deskubritu arte.


On the road. Zuz:Walter Salles. Akt: Sam Riley, Garrett Hedlund, Kristen Stewart.

Jack Kerouac idazle estatubatuarrak 50eko hamarkadan kaleratutako eleberri autobiografikoan oinarritutako filma. Beat belaunaldiaren obrarik garrantzitsuena izan zen On the Road. Askatasun espirituala eta sexuala goratzen zituen lehen lanetakoa izaki, emakumeen, beltzen eta gerora homosexualen askatasun mugimenduetan eragina izan zuen. Horretaz gain, Route 66 ibilbidearen mitifikazio prozesuan ere eragin azpimarragarria izan zuen, Keroaucek eta lagunek AEBetan zehar egindako bidaiak kontatzen baititu eleberriak, barne bakarrizketa baliatuz. Diarios de motocicleta (2004) ederrean Che Guevara eta Alberto Granadoren bizitzak nola erakutsi zizkigun ikusita, Walter Salles brasildarra zuzendaria izatea garantia da.  


The tree of life. Zuz: Terrence Malick. Akt: Brad Pitt, Sean Penn, Jessica Chastain.

Terrence Malickek (The Red Thin Line, 1998; The New World, 2005) hamarkadako apenas zuzentzen du film bat. Gauzak horrela, ikusmin handia izaten da zuzendari estatubatuarraren  proiektu bakoitzaren aurrean. Alde batetik, 50eko hamarkadan gurasoekin bizi den Jack gaztea dugu protagonista. Amak, Jessica Chapstainek, maitasuna eta onberatasuna gorpuzten ditu. Aitak, Brad Pittek, aldiz, zorroztasuna eta mundu zitalari aurre egiteko kemena. Eta bestetik, Sean Pennek antzezten duen Jack heldua. Bizitzaren zentzuaren bila abiatu da Malick, zalantza filosofikoei berebiziko garrantzia emanez. Eta bi istorioen tartean, unibertsoaren sorrera ere kontatuko digu, maisutasunez lantzen dituen irudi zoragarri horietakoak eskainiz.


Contagion. Zuz: Steven Soderbergh. Akt: Matt Damon, Marion Cotillard, Kate Winslet.

Steven Soderberghek, aldiz, urtean film bat edo bi ekartzen dizkigu. Eta hainbeste filmreen artean bat edo beste erdipurdikoa ateratzen zaion arren, oro har, beti aipatzeko moduko lanak eskaintzen dizkigu. Urte honetan, lehenik eta behin Haywire (traizionatua izan ostean mendekua bilatuko duen soldadu baten istorioa) estreinatuko duen arren, Contagion azpimarratuko nuke. Arrazoia? Soderbergen lanetan ohiko bihurtzen ari den legez, Danny Ocean eta enparauak gogoratu, goi-mailako hainbat aktore bildu dituelako: Matt Damon lagun zaharraz gain, Marion Cotillard, Kate Winslet, Gwyneth Paltrow, Jude Law edota Lawrence Fishburne tartean. Mundu mailan zabaltzear den izurrite hilgarri bat kontrolatzeko nazioarteko zientzialari talde batek egin beharreko lanak kontako ditu filmak.

Euskarazko filmik ere izango da aurten. Dragoi ehiztaria estreinatuko dute laster, eta litekeena da Alberto Gorritibereak Arriya estreinatzea. Bernardo Atxagaren Bi anai liburuan oinarrituriko filma -Imanol Rayok zuzendua- ere aurten irits daiteke zinema aretoetara. Azken bi pelikulon errodajea joan den urtean amaitu zuten.