Zinema aretoan ala etxean; filmen estreinaldien borroka

Zinema aretoan ala etxean; filmen estreinaldien borroka Pandemiak ezbaian jarri du zinemaren industria; zein ote da etorkizuna? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinema-aretoan-ala-etxean-filmen-estreinaldien-borroka/@@download/image/tenet-and-mulan.jpg
2020/08/27
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Pandemiak ezbaian jarri du zinemaren industria; zein ote da etorkizuna?
Zinema aretoan ala etxean; filmen estreinaldien borroka

Ia aldi berean estreinatuko dira Tenet eta Mulan filmak; lehena atzo estreinatu zen zinema aretoetan, eta bigarrena berriz datorren astean ikusgai izango da Disney+ plataforman, 21,99 euroren truke. Pandemiaren aurrean zinema estreinaldiak egiteko bi modu zeharo ezberdin hauek borroka piztu dute; zilegi ote Disneyk egin duen apustua?

Aipatutako filmak martxo inguruan estreinatzekoak ziren, hain zuzen, pandemiak zinema aretoak ixtera behartu zuen unean. Estreinaldiak atzeratu ziren, baina zinemaren industriak ezin izan du gehiago luzatu urteko diru-sarrera handienak eskaini behar zituzten filmak estreinatzeko. Gauzak horrela, Christopher Nolanen superprodukzio berria (gogoratu aurreko lanak, Inception, The Dark Knight, Interstellar, Dunkerque...) zinema aretoetan estreinatu da, betiko formulari eutsiz. Noski, filmak arrakasta handia izateko elementu guztiak baditu ere, ziur aski lortutako diru-sarrerak ez dira izango aurreikusitakoak.

Bestalde, Disneyk aurtengo bere apustu indartsuena estreinatuko du irailaren 4an; Mulan, hezur-haragitan. Ekoiztetxeak baina, zinema aretoez paso egitea erabaki du, eta prozesu horretan parte hartzen duten milaka langileen egoerari muzin eginez, Disney+ plataforman estreinatuko du filma, 21,99 euroren truke (AEBetan 30 dolarreko kostua izango du). Prezioak ere zer esana eman du, plataformaren erabiltzaileek dagoeneko urtean 70 euro ordaintzen dituztelako. Oraindik ikusteke dago Disney-ren apustua errentagarria izango den ala ez; Aladdin-en remake-ak 1.050 milioi dolar eskuratu zituen, Beauty and Beast-ek 1.264 milioi eta The Lion King-ek berriz 1.656 milioi.

Biak ala biak esperimentuak izango dira; alde batetik, Tenet filmaren arrakastak ala porrotak zinema aretoen itzulerarako prest ote gauden adierazi dezake, eta Mulan-enak aldiz, streaming bidezko estreinaldiengatik ordeintzeko prest ote gauden ala ez. Nork irabaziko ote du? Biak aterako ote dira galtzaile?

Honaino iritsi zarenez... zure interesekoa izan daiteke?

JAIO. ZINEMA. HIL: MAITASUN ESKUTITZA ZINEMARI