Jaio. Zinema. Hil: maitasun eskutitza zinemari

Jaio. Zinema. Hil: maitasun eskutitza zinemari https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maitasun-eskutitza-zinemari/@@download/image/1 dc9TNkR0P41RIapdp1G4jQ.jpeg
2020/08/07

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Jaio. Zinema. Hil: maitasun eskutitza zinemari

Kaixo Zinema maitea!

Badakit ez zarela zure momenturik onena bizitzen ari. Ditxosozko pandemia honek sekulako danbatekoa eman dizula. Barne mekanismo hori koipeztatzeko ardura dutenek, badirudi dirua eta etekina besterik ez dutela izan orain arte buruan, eta agian horrek kalte egin dizula epe luzera begira. "Originaltasun falta" dela eta, makina bat egur jasotzen ari zarela ere badakit, baina oraingoz, hori aldera batera utzi behar dut, eskutitz honen asmoa beste bat baita: zuri eskerrak ematea.

Urte hauetan guztietan zehar, nire alboan egon zarelako eta egoten jarraitzen duzulako. Bidelagun fin hori, nirekin batera hezi eta hazi zarelako. Zutaz galdetzen didaten bakoitzean, zuregatik zer sentitzen dudan alegia, horretarako hitzik ez dela sortu erantzuten dut, erabat irrazionala dela, logikatik askoz haratago doana.

Umea nintzela ezagutu zintudan. Telebista izeneko aparatu karratu baten bitartez, zure unibertso zoragarri horretara gonbidapena eskaini zenidan. Beste planetetan izaki miragarriak zeudela eta horiei esker bizikleta baten gainean hegan egiteko aukera zegoela irakatsi zenidan. Koadro zaharkitu baten kristala deskuiduz hautsiz gero, barruan , pirata maltzur baten altxorra aurkitzeko aukera zegoela. Baita, kapela eta zartailua hartuz gero, abentura izugarriak bizi zitezkeela. Bertako pertsonaiekin sentitzen nuen zirrara, deskribaezina zen. Beldurra hezurretaraino sartzen zitzaidan eta maitasun istorioek -batez ere gurasoak gertu bazeuden- gorritu egiten ninduten lotsaren lotsaz burua beste alde batera mugituz. Cinema paradiso filmaren Totó pertsonaia bezala sentitzen nuen nire burua.

"Gizontxo" bat sentitzen hasi nintzen momentuan, abentura zoragarri horiek, ipuin bortitzetara testigua pasa ziezaieten erabaki zenuen, prest nengoela mundu erraldoi horietako beste atetxo batzuk irekitzen. Genero eta pasadizo ezezagun horietara sarbidea erakutsi zenidan. Zirrararen-tren horren bidaia mugagabeak nahi nituen, ez nuen inoiz bertatik jaitsi nahi. Bideoklubeko bazkide txartela iritsi zen orduan nire eskuetara, a ze garaiak! Orduan deskubritu nuen, mundu horiek, VHS deituriko plastikozko aparatu batzuen barruan kabitzen zirela. Gurasoek ematen zidaten 500 pezetako ordainsaria inbertitzeko, ez nuen helburu hoberik aurkitzen. Scarface, The Goonies, The Big Lebowski, Seven, Taxi Driver, Pulp fiction…guztiak pasa ziren nire esku eta begietatik. Fantasia, drama, suspensea…zuzenean barneratu nintzen atmosfera liluragarri horietan. Bideoklubeko langilea despistatua zegoenean, zeharka begiratzen nien beldurrezko film odoltsuen karatulei, The Exorcist, The Shining, The Texas Chainsaw Masacre... Ezin nuen ihesik egin, leihotxo bakoitzean ikusten nuena, txunditurik uzten ninduen: Iraganerako bidaia Delorean izeneko auto batean, kartzela barruko kontu beldurgarriak, akzioa, odola, ezpatak, gangsterrak, hiltzaileak…guztiak erakartzen ninduen.

Nerabetasuna igarotzearekin batera, pastazko betaurreko imajinario horiek jantzi eta intelektual plantak eginez, behin betiko zinemazale etiketa zintzilikatu nuen lepotik “ni zinemazalea naiz!“ esaten nuen, tonu nahiko jasanezin baten kiratsak inguratzen ninduen bitartean -nerabetasuna, badakizu...- Etxeko egongelara, askotan azaltzen ziren zure tren horren gidari trebeenak, Hitchcock, Billy wilder, Spielberg, Peckinpah, Tarantino, Fincher, Scorsese…. Gerora ohartu nintzen emakumezkoen presentzia oso urria zela eta apurka Agnes Vardà, Kathryn Bigelow, Jane Campion eta konpainia ere deskubritu nituen. Hauek, kuadrillakoak bihurtuz, familiakoak, zergatik ez. Beraiek sortu zituzten elkarrizketa, tiro, azpijoko, humore eta istorioekin orduak eta orduak pasa nituen. Zinema aretoak jada nire bigarren etxean bilakatu ziren. Gerturatu orduko eta urrutitik krispetak usaintzearekin soilik, urduritu egiten nintzen. Usain hori... Zenbat ordu, zenbat une ahaztezin eserleku eroso eta pantaila erraldoi horren artean bizitakoak.

Hortik aurrera nire bizitzako ardatz nagusian bilakatu zara, zure unibertso zabal hori menperatzeko edota barrutik ezagutzeko nahi horrek, orain ia 10 urte, zinema zuzendaritza ikastera bultzatu ninduen. Pantaila aurrean egotetik, pantaila atzean egotera. Izugarri ikasi nuen zugandik garai hartan. Travelling-ak, Steady cam-a, Script-a, errodaje planak, musika, kolorea edo plano zenitala bezalako kontzeptuek, guztiz irentsi ninduten eta urte ahaztezinak bizitzera eraman. Zeinen zaila den mundu hori menperatzea, zer nolako indar fisiko eta batez ere psikologikoa behar den eta ze erraztasunarekin epaitzen den. Pasioz bizi nituen urte haiek baina, benetan maite nuena beste zerbait dela ohartu nintzen: zutaz idatzi eta hitz egitea.

Amaitzen joan behar dut. Eskerrik asko, nigan izan duzun eragin horrek, nire nortasuna, izaera, jokabidea eta gustuak film horietan islatzean direla ohartu naizelako -eta alderantziz-. Eta eskerrik asko, batez ere, nigan piztu duzun pasio deskribaezin horrek bultzatuta, lerro hauek idazteko beharra sentitu dudalako. Zuri esker, mundu honetan gehien maite dudana egiteko bidean nagoelako, maite dudan hizkuntza erreminta gisa erabiliz.

Hemendik 30 urtetara, ikusi ditudan film guztien errepasoa egiteaz gain, zutaz idatzi ditudan artikulu, iritzi eta gomendio guztien zerrendatxoa egiten imajinatzen dut nire burua, Nire aurpegia, irribarre handi baten distirak estaltzen duen bitartean. Bizitzan gehien maite dudana egiten imajinatzen dudalako nire burua. Zergatik ez, utzidazue ameslari izaten.

Horretarako, hori bai, zu sendo mantentzea behar dugu. Eutsi mesedez pandemia honek eman dizun zaplazteko erraldoi honi. Ez etsi. Zinema maite dugunok jarraituko dugu aretoetara joaten, zure benetako arima bertan dagoelako.

Jaio. Zinema. Hil.