Zigor Aldama: "Txina globalizazioaren liderra da"

Zigor Aldama: "Txina globalizazioaren liderra da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zigor-aldama-quottxina-globalizazioaren-liderra-daquot/@@download/image/72p20_1365087107.jpg
2007/03/02
elkarrizketa
Julen Azpitarte
Zigor Aldama: "Txina globalizazioaren liderra da"
Xabierko San Frantziskoren bidetik, euskaldun asko ibili dira Asian misiolari, kristautasuna zabaltzeko asmoz. Beste helburu batekin dabil han Zigor Aldama. Dena den, bera ere misiolari dabil; argazki eta lumaren misiolari.

Zigor Aldama Alonsotegikoa da eta 26 urte dauzka. Kazetaria da. Ekialde Urrunean espezializatua. Guztira, hamabost hedabiderekin lan egiten du: Euskal Herriko ia egunkari guztiekin, EITB taldearekin eta Espainiako “El Pais” egunkariarekin, besteak beste. Urtean zortzi hilabete pasatzen ditu Txinan. Etxea edo apartamentua erosteko edo alokairuan hartzeko irrikitan dago, denbora luzea igarotzen baitu Txinako hoteletan. Etengabe bidaiatzen du Asian barrena. Berri emale freelance-a dela dio Zigorrek. Izan ere, egunkariak irakurtzen ditugun euskaldun askok bere idazkien bitartez jasotzen ditugu aipatutako kontinente gorabeheratsuaren berriak.

Horrez gain, Asiako hainbat herrialdetan prostituzioan aritzen diren neska askok pairatzen duten sexu esplotazioari buruzko liburu interesgarria ere idatzi du: “Asia, el burdel del mundo” (Elea). Aldamarekin solastu gara Txinarako hamaikagarren bidaia egin baino bi egun lehenago.

Kazetari ez ezik bidaiari ere bazara. Nondik datorkizu sen hori?

Gaztetan motel samarra nintzen; hondartzara ere ez nintzen joaten… Ingeniaritza ikasteari ekin nion, baina ez nuen gustuko. Argazkilaritza maite nuen, ordea, eta bat-batean Belfastera jo nuen 1999. urtean, 18 urte nituela. Argazki kazetaritzan murgildu nintzen, beraz, eta zenbait hedabideri argazkiak eskaintzen hasi nintzen eta erosi egin zituzten. Ingeles maila hobetu eta era berean, neska txinatar bat ezagutu nuen; maitemindu egin nintzen berarekin. Horregatik, Txinara joan nintzen, 19 urterekin, eta han ikusitakoa hain ezberdin iruditu zitzaidan, non gurera ekartzea erabaki nuen; kazetaritza ikasten hasi nintzen EHUn, baina hala ere, urtean lauhilabeteko bat han igarotzen nuen lanean.

Hortaz, Asiak egin zaitu kazetari?

Bai, ezbairik gabe.

Lehendabiziko bidaiatik hona aldaketa asko antzemango zenituen Asian, ezta?

Bai, batez ere Txinan. Aldaketak ikaragarriak eta sinesgaitzak dira. Bidaiatzeko nire modua ere erabat aldatu da denboraren poderioz. Lehen bidaietan motxila bizkarrean joaten nintzen. Bestalde, bidaia haietan, argazkiak egin eta erreportajeak lantzen nituen, baina beti ere bidaiei buruzkoak. Hedabideekin kolaboratzen hasi nintzen heinean, ordea, nire lanak sakonagoa izan behar zuela ohartu nintzen. Hau da, kazetaritza ona egin nahi nuen. Nazio Batuen Erakundearekin ere aritzen naiz lanean, eta horren bidez, beste gai batzuk jorratzen hasi naiz; serioagoak, alegia.

Aldaketen harira, argi dago kontraesan handia dagoela, Asiako herrialde askotan, tradizioaren eta ekonomia kapitalistaren artean. Zer diozu aldaketa horretaz? Zer diote bertakoek?

Nik atzerritar baten ikuspegitik begiratzen diet aldaketei; kanpotik ikusten dut, ez dit eragiten. Harritu egiten nau, noski. Batetik aurrerapen teknologikoak itzelak dira, baina gizartean gauzak oso ezberdinak dira. Sexuaren kasuan, esaterako, onartu egiten da gizonek prostitutekin eta emakume askorekin harremanak izatea, baina emakumearen kastitatea, berriz, oso garrantzitsua da: kastitatea alde batera uzten duten emakumeak iraindu egiten dituzte. Kazetariaren ikuspuntutik, kontraesan hori erakargarria da; gizabanako gisa, beldurra ematen dit. Adibidez, Txina, berez, herrialde komunista da, baina ekonomian erabat kapitalista da. Han pasatzen dut denbora luzeen, eta txinatarrek globalizazioa ulertzeko arazoak dituztela ikusi dut. Tarte laburrean aldaketa ugari izan dute. Hori guztia barneratzea zaila da, eta egoera horrek gatazkak sortzen ditu. Gainera, globalizazioa Txinako toki jakin batzuetan besterik ez da antzematen ari.

Argazki erakusketak ere egiten dituzu. Txinako hirietan oso eraikin abangoardistak egiten ari dira, harrigarriak, eta erakusketa egina duzu haiei buruz. Lehen aipaturiko kontraesanaren isla al da arkitektura mota hori?

Asiako herrialdeez topiko asko dugu; are gehiago, Txinaz. Eta haietako asko gezurrak dira. Topikoetako bat azpigarapena litzateke, adibidez. Hau da, Txinan pentsatzen dugunean, txapel konikoa buruan Txinako Harresian korrika dabiltzan gizabanako batzuengan pentsatzen dugu. Ez dago halakorik. Txinako hiri handiak Bilbo, Londres edo Paris baino aurreratuagoa daude. Munduko arkitekto guztiak Txinako hirietan eraikitzeko irrikitan daude: Shangai hirian Europako estatu askotan baino gehiago eraikitzen ari dira. Txina munduko globalizazioaren liderra da, eta hori arkitekturan ez ezik, beste hainbat alorretan ere antzeman daiteke.

Kontraesanak kontraesan, zure argazkietatik ondoriozta daiteke kontinente koloretsua eta anitza dela. Beraz, orokortzeak saihestu egin beharko genituzke.

Horixe da, nire ustez, gauzarik erakargarriena. Kasik ezinezkoa da oro har hitz egitea. Indiak eta Txinak munduko populazioaren %20 hartzen dute. 50etik gora etnia daude eta hamaika hizkuntza. Sarritan esaten dugu Euskal Herriak bere hizkuntza eta kultura duela eta bi milioi besterik ez gara. Pentsa ezazu bi mila milioirekin! Asian denetarik ikus dezakezu…

Azken artikuluetako batean, Vietnamgo gerra garaian Laosen eztanda egin gabe gelditu ziren bonbek sortutako arazoak izan dituzu hizpide.

Azken bidaian Laosen izan nintzen, bonbak kentzen dituen Norvegiako Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin. Gerra garaian, AEBetako B52 hegazkinek 750 kiloko bonba handiak jaurti zituzten. Bonba handiek tenis pilota tamainako txikiagoak barreiatzen zituzten, eta haiek, buelta batzuk eman ondoren, eztanda egiten zuten. Haietariko batzuek, baina, ez zuten eztanda egin, eta non-nahi daude gaur egun. Umeek sufritzen dute hori gehien, bonbatxoak erakargarriak baitira haientzat… Hiru hamarkadaren ondoren, horrelaxe daude.

Asiako zenbait herrialdetan badira marxista kutsuko armada txikiak edota lurraldetasunarekin loturiko gatazka armatuak. Horrelakoetan esperientzia zuzenik izan duzu?

Bai. Nepalgo gerrilla maoistarekin izandako estatuko kazetari bakarra naiz; haien liderra elkarrizketatu nuen. Gerrillari talde batekin ibili nintzen oihanean barrena, eta ondoren, elkarrizketa batzuk egiteko aukera izan nuen. Orain bakea lortu dute, eta eredu dira inguruko beste gatazka batzuentzat; Kaxmir eta Sri Lankarentzat, adibidez. Are gehiago, Euskal Herriko egoera politikoarekin ere lotu daiteke. Gobernuak eta gerrillak elkarrekin hitz egiteko borondate politikoa agertu dute, hamar urteko gudaren eta 14.000 hildakoren ondoren, nahiz eta bi aldeetan elkarrizketa hori nahi ez zuten muturreko elementuak egon: alde batetik erregea, eta bestetik, zenbait gerrillariren muturreko jarrerak. Zorionez, akordioa lortu dute: gerrilla armak uzten hasi da eta legez kanpoko alderdi maoista parlamentuan dago. Herrialde txiroenetan maoistek badituzte jarraitzaileak: Indian, Nepalen...

Azken urteotan, terrorismo globalizatuaren mehatxua ere hitzetik hortzera dabil.

Bai. Aurreko bidaian Kaxmir-era joan nintzen, Nazio Batuen Erakundearentzat (NB) lan egitera. Kaxmir munduko lekurik arriskutsuena omen da. Jemaa Islamiyah taldekoekin izan nintzen; Al Quaeda erakundearekin lotura omen dute. Haiengana NBEren kamioiekin eta poliziak eta militarrek babestuta joan ginen. Bertara iritsi eta jendearekin ez genuen inolako arazorik izan; aitzitik, oso atseginak izan ziren. Nire ustez, kanpotik terrorismoa benetako mehatxua balitz bezala ikusten dugu, baina ez dut uste gero horrenbesterako denik.

Hong Kong-ek itolarria eragiten omen dizu. Zergatik?

30etik gora aldiz izana naiz, baina hala ere, iristen naizen bakoitzean, estu jartzen nau. Bilbo eta Hong Kong artean giroa erabat ezberdina da. Bien artean 16 orduko hegaldia dago. Nekatuta iristen zara, baina han jende asko dago, dena oso azkar pasatzen da… Hemen gizabanakoak garrantzia dauka, baina han ez da ezer. Ingurua erraldoia da, eta zu inurri sentitzen zara. Aireportura iritsi eta artega jartzen naiz. Hong Kong maite dut, baina inoiz gertatu zait aireportu erdian gelditu behar izana: arnasa hartu eta “pazientzia” esan diot neure buruari. Ikaragarria da!

Laster berriro Txinara…

Lau hilabetetan egongo naiz han. Gai ekonomikoak landu nahi ditut, eta Pekingo artista belaunaldi berriarekin hitz egin. Olinpiar jokoak direla eta, hiriak izango duen eraldaketa ere jaso nahi nuke. Bestalde, Urteberri Egunari buruzko erreportajea ere egin nahi nuke. Gero Asiako Hego-ekialdera joango naiz, NBEren babesarekin, gai sozial, kultural, ekonomikoak eta abar egitera.

"30 milioi prostituta daude Indian eta Txinan



Zergatik edo zein helbururekin idatzi zenuen “Asia, el burdel del mundo” liburua?
Liburua "Deia" egunkarirako idatzitako erreportaje baten ondorioz sortu zen. Une hartan argitaratzaile burua argitaletxe bat abiatzekotan zebilen. Erreportajea gustatu egin zitzaion, eta hura aitzakiatzat hartuta, liburua egitea proposatu zidan. Ondoren, lau urte pasatu nituen mundu horretan sartzeko eta testigantzak jasotzeko. Niretzat ere arrotza zen errealitate hura. Gaia sakondu eta mami handia zegoela ikusi nuen. Asiako prostituzioa errealitate ezkutua da, eta sarritan hemen ez da modu errealistan aztertzen. Hedabideak haien irakurleekin eta ikusentzuleekin loturak egiten saiatzen direnez, maiz sexu turismoari egotzi diote errealitate horren ardura.

Izan ere, liburuan aztertutako sexu esplotazio horrek lotura zuzenagoa dauka herrialde batzuetako txirotasunarekin, sexu turismoarekin baino.Bai. Alde batetik, txirotasuna; gero, heziketa falta, balore tradizionalak ere bai... Kultur ezaugarriak ere oso garrantzitsuak dira. Emakumeak duen balioa oinarrizkoa da, adibidez. Gizarteetan zutabe nagusia den arren, kasik merkantzia da. Lan asko eta denetarik egiten dute —amarena, emakumearena... —, haien ekarpena izugarria da, baina hala ere, merkantzia balira bezala tratatzen dituzte emakumeak, eta familiek saldu ere egiten dituzte, nahiz eta askotan engainatu egiten dituzten eta lan egitera doazela uste izaten duten.

Hirietan egoera bestelakoa  al da?
Bai, aldatzen ari da, baina ez hobera. Hirian ereduak aldatzen ari dira. Neska gazte askok, nerabeak barne, putetxeetara jotzen dute dirua irabazteko eta gero luxuzko ondasunak erosteko: sakeleko telefonoak, MP3 aparatuak... Mendebaldean ere antzera gertatzen da. Bestalde, nekazaritza inguruetako neskak hirietara eramaten dituzten mafiak ere gero eta indartsuagoak dira. Lotsagarria da.

Konponbide zaila omen du.
Argi dago: ez dago konponbiderik epe ertainera. Heziketaren bitartez zer edo zer egiten ari dira. Prostituzioa arazo bilakatu da Asian, tamaina eta dimentsio handia hartu duelako. Hemen ere mafiak dauzkagu, eta gero eta etorkin gehiagok dihardute prostituzioan, baina India eta Txina batera hartuz gero, 30 milioi lagunez ari gara, eta hor diru asko mugitzen da.

Liburuan testigantza asko jaso zenituen, eta horretarako, bezero bezala ere sartu behar izan zenuen…
Lotsarik ez nuen izan, toki horietara joatea erabat onartuta baitago. Ikara bai;  kasu batzuetan, bai. Ez niregatik, neskengatik baino. Haiekin nengoenean ulertarazi behar nien ez nuela haiekin sexu harremanik izan nahi, baizik eta haien historia kontatzea. Une gogorra da. Beldur ziren. Putetxearen emakumezko jabeak jakin izan balu neskek hitz egin zutela, zigortu egingo zituen: jipoitu, giltzapetu... Lan zaila izan zen. Neskak zigor horren beldur zirenez, askok ez zuten ezer esan nahi izan.