Gaizka Izagirreren telesail gomendioa: 'Reservatet'
‘RESERVATET’
⭐⭐⭐ (3/5)
Ingeborg Topsøe
6 atal
Netflix
Reservatet telesail danimarkarraren bihotzean au pair-en gaiak egiten du nagusiki taupaka, baina egileek hautatu duten testuinguru mamitsuak begirada zabalago baterako leihoa irekitzen du. Kopenhageko iparraldeko auzo aberatsenetako batean girotua dago. Ruby, Filipinetako au pair gazte bat, desagertu egin da bat-batean. Pribilegioz betetako paisaia horretan, egoera zaurgarrian dagoen emakume baten desagerpenak sekretu ilun ugari azaleratuko ditu, eta gezurrez eraikitako egitura osoa dardarka jarriko du. Thrillerraren eta suspensearen harietan ehunduta, telesailak gizartearen zenbait zauritan piko ematen du: arrazakeria, matxismoa, langile migratzaileen errealitatea, lan esplotazioa, nerabeen sexting-a eta klasismoaren egitura ikusezinak. Klixez gainezka dago, eta gidoitik jaiotzen diren zenbait pasarte ezegoki idatzitakoak dira, baina oro har aztarna nahiko sakona uzten du. Entretenimendua eta kritika soziala uztartzen dituen edukia bilatzen dutenentzat ezinbesteko proposamena da.
Onena: Oso entretenigarria dela.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Nordic Noir kutsua duen edozein telesail.

