Garagardoarekin "mozkortu" eta ajerik izan nahi ez baduzu, hauxe duzu aproposena!

Garagardoarekin "mozkortu" eta ajerik izan nahi ez baduzu, hauxe duzu aproposena! Ez du alkoholik baina mozkorraldi sentsazioa eragiten du, ajearen ondorioak pairatu beharrik gabe. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/garagardoa-edan-eta-ajerik-izan-nahi-ez-baduzu-hauxe-duzu-garagardorik-aproposena/@@download/image/pexels-cottonbro-5530264.jpg
2025/11/06

Testua: Maitane Legarreta

Ez du alkoholik baina mozkorraldi sentsazioa eragiten du, ajearen ondorioak pairatu beharrik gabe.
Garagardoarekin "mozkortu" eta ajerik izan nahi ez baduzu, hauxe duzu aproposena!

Z belaunaldiak hautu osasuntsuak egiteko joera duela aipatzen da askotan, eta horri lotuta, gero eta gehiago dira alkoholik kontsumitzen ez duten gazteak. Erresuma Batuan, esaterako, edaten ez duten 25 urtekoen kopurua %27tik %39ra igo da. Osasun mentala eta norbere burua zaintzea izaten omen da arrazoia.

Baina, hala ere, jendeak edan egin nahi du, sozializatu, tabernan denbora pasa eta komunitatearen parte sentitu. Hori dela eta,  marka asko alkoholik gabeko edariak merkaturatzen ari dira.

Testuingu horretan sortu dute Gabyr izeneko edaria Erresuma Batuan. David Nutt neurozientzialaria buru duen taldea ikerketan aritu da azken urteotan Londresko Gaba Labs laborategian. Asmoa alkoholik gabeko edaria sortzea zen, baina alkoholdunak sortzen dituen zenbait sentsazio eragiteko gai dena: erlaxatuago egotea, antsietate gutxiago sentitzea, eta lagunkoiagoa izatea.

Alkoholak buruan nola eragiten duen ikertu dute, eta aldaketa "positibo" horien eragilea den neurotransmisore horren efektuak alkoholik gabe erreproduzitzen saiatu dira. Eta antza denez, lortu dute.

Gabyr izeneko edariak mozkorraldi sentsazioa ematen du, baina ajerik, deshidrataziorik, eta lo galerarik gabe, eta osasun hepatikoan kalterik egin gabe. Bost edo hamar bat minutuan erlaxatu egiten omen du edalea, eta ordu erdian igarotzen da efektua, bestelako ondoriorik utzi gabe. 

Alkoholemia kontroletan ere ez du arazorik ematen, baina erlaxatze efektua arriskutsua izan daiteke gidatzeko, eta, beraz, gidatu aurretxoan ez hartzea aholkatzen dute. Haurdun daudenentzat edo adin txikikoentzat ere ez omen da gomendagarria. 

Erresuma Batuan, Estatu Batuetan eta Europar Batasunean  proban ari dira edari honekin, eta erregulazio prozesua osorik amaitu bezain pronto, modu irekian merkaturatzeko asmoa dute. Ajerik sortzen ez duten ardoak sortzea ere ba omen dute buruan.

Garagardo alkoholdunak baino garestixeagoa da, baina eskaera eta merkaturatzea zabalduz gero, prezioan ere aldaketak izango dira etorkizunean.