Zientziaren akatsak

Zientziaren akatsak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zientziaren-akatsak/@@download/image/12p36-1.jpg
2001/10/05
elkarrizketa
Arrazoia al dute beti zientzilariek? Ez. Zientzilariek ere, planeta kutsatu honetako beste edozein gizakik bezalaxe, hankasartzeak egin ohi dituzte noiz edo noiz. Are gehiago, batzuetan ez dute egia esaten, hau da, gezurretan ibiltzen dira. Hona hemen zientzialarien zenbait gezur. 

Historiaurreko pinturak
1990an Zubialden, Gasteizetik 20 bat kilometrora, historiaurreko zenbait pintura topatu zituzten. Aurkikuntzak sekulako oihartzuna izan zuen arren, gerora pinturetako batzuk gezurrezkoak zirela jakin izan genuen. Izan ere, bertan pinturak margotu baino milioika urte lehenago galdutako piztiak ageri ziren.

Errotuladorez egindako "trasplanteak"

EEBBetan, 1970eko hamarkadan, William Summerlin inmunologoak sagu beltzen azal-mentuak txertatu zituen sagu zurietan. Summerlinek errefusik gabeko trasplanteak egin zitezkeela erakutsi nahi zuen. Iruzurra, ordea, agerian geratu zen: sendagile estatubatuarra errotuladoreaz baliatzen zen sagu zurien azala beltzez margotzeko. Beste batzuetan, aldiz, ustezko azal-mentuak saguen berezko orbanak besterik ez ziren.

Betirako gazte

Gizakia gaztetasunari eusten eta heriotza ahalik eta gehien urruntzen ahalegindu da beti. XX. mende hasieran, Serge Voronoff zirujau errusiarrak adierazi zuen gizonezkoei tximino gazteen barrabilak txertatuta, luze biziko zirela. Are gehiago, bera 2000. urtean hilko zela iragarri zuen. Ez zuen inondik ere asmatu, 1951n zendu zen eta. Ez dago zalantzarik, beraz, Voronoffen saiakerak huts egin zuela.  

Azokan erositako fosilak

Visha Jit Gupta paleontologo indiarra ezagun egin zen fosil aurkikuntza harrigarriak egiteagatik. Itxuraz, Jit Guptak fosil arraroak topatzen zituen, agertu behar ez zuten tokietan. Antza, berak topatutako zenbait harri aintzat hartuta, Himalaya uste baino ehun milioi urte zaharragoa zen. Gerora agerian geratu zen paleontologo ezagunak Pariseko denda batean erosi zituela harrietako batzuk.

Tximinoaren eta gizakiaren arteko kate-maila
1910eko hamarkadan, Ingalaterrako Piltdown herrian, gizaki eta tximino buru-hezur bana aurkitu zuten. Oraindik ere ez dakigu nork egin zuen lotura, baina kontua da batzuek tximinoaren eta gizakiaren arteko kate-maila ikusi zutela aurkikuntza hartan. Kate-maila hura duela 500.000 urte bizi izan zela ere esan zuten. Esan bezala, iruzurgilea nor izan zen ez dakigun arren, zenbaitek Arthur Conan Doyle Sherlock Holmes detektibearen sortzailea izan zela uste dute. Auskalo. Kontuak kontu, gezurrak luze iraun zuen, 1953ra arte, hain zuzen. Orduan konturatu ziren, gizaki buru-hezurrak 50.000 urte zituela eta tximinoarenak… 500 besterik ez.

Plagiogile klasikoak

Sortzaileen artean, plagio salaketa asko izan dira historia osoan. Batek beste norbaiten lana hartu, eta zerbait aldatuta edo batzuetan ezertxo ere aldatu gabe, berak egindakoa izango balitz bezala kaleratzen du. Zenbait zientzilari ezagun ere honelako iruzurretan nahastuta ibili omen dira. Batzuek diotenez, Isaac Newton sagarzaleak Grabitate Legea Robert Hooke fisikoaren lege batetik hartu zuen. Charles Darwinek, esaterako, Eboluzioari Buruzko Teoria egin zuen. Hala ere, ez omen zituen aipatu beste zientzilari batzuek egin eta berak erabilitako zenbait lan, Edward Blyth zoologoarena, esaterako.


Ez da atzo goizeko kontua



Betidanik egin izan dira iruzurrak
zientzian. XIX. mendearen lehen erdian, Charles Babbage matematikariak zientzian ziria sartzeko hiru bide nabarmendu zituen:
Gezurra esatea. Zientzilariak inoiz ez jasotako datuak asmatu eta ezagutarazten ditu.
Apaintzea. Jasotako datuak moldatu eta egokitzen dira sinesgarriagoak izan daitezen.
Sukaldean prestatzea. Zientzilariak bildutako datuen artetik, tesia bermatzeko egokiak direnak hartu eta gainerakoak, tesiarekin bat ez datozenak, baztertzen ditu.