ZERUA ALA INFERNUA: "AZPIMUNDUKO ELKARRIZKETA"

ZERUA ALA INFERNUA: "AZPIMUNDUKO ELKARRIZKETA" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zerua-ala-infernua-azpimunduko-elkarrizketa-1/@@download/image/zerua_ala_infernua.jpg
2019/02/19
ZERUA ALA INFERNUA: "AZPIMUNDUKO ELKARRIZKETA"
Kontxu Odriozola Lesaka
(1945 – 2016)
Ezaguna egingo zaizu...
Goenkaleko Maria Luisa bezala,
baina beste hainbat rol
gogoangarritan ere
ikusi duzu ziur.
Norma Jeane Mortenson
‘Marilyn Monroe’
(1926 – 1962)
Ezaguna egingo zaizu...
Playboy-eko azal hura datorkizu
soilik burura? Lotsa gutxi!
Hasi zaitez bere filmak ikusten!

 

Egin ezin izan diren elkarrizketak: litekeena ere kontatu behar delako.
* GAZTEZULO ez da arduradun egiten gure teknologia aurreratuek ustekabean antzemandako elkarrizketetan diotenaz. Kexa eta iradokizunak, zerura ala infernura bidali!

Marilyn Monroe. Nire ile orrazkera imitatu nahian ala?
Kontxu Odriozola. Lotsagabe halakoa! Orrazkera hau Azpeitiko nire pelukeria kuttunean egiten dut astero. Dena den, zergatik imitatu behar zaitut ba nik zu? Ego hori apur bat jaitsi beharko zenuke, landareei hitz egiteak eta abesteak oso ongi funtzionatzen du gehiegizko autoestimu hori baretzeko! Maria Luisa, nire pertsonaiak, halaxe egiten zuen eta nire bizitza pertsonalean ere asko lagundu zidan. Aizu txikita! Ikono bat izan zinen Hollywood aldean, baina ziur ez zenituela ni bezala hamalau denboraldi jarraian igaro telesail bakar batean; ezagutu zenuen Goenkale?

M. M. Nik ez nituen hainbeste denboraldi behar izan mundu osoan nire izena ezagun egiteko. Baina hala ere, nire arrakasta erdizkakoa izan da, zenbait filmetan nire interpretazioek lortutako kritika onek ere ez zuten lortu nik nahi nuen moduan oroitzea. Jendeak oraindik ez du ulertu ile hori tuntun rola aktore bezala egin behar izan nuen interpretazioetako bat besterik ez zela. Ederregia izateagatik pasatzen zait hau, hobe itsusia izan banintz! Baina jarraitu aurretik argitu dezagun hau: Kontxu ala Maria Luisa?

K. O. Kontxu Odriozola Lesaka! –garrasika– Egia da bestalde Maria Luisa ikono bat izan dela bai Euskal Herrian bai nazioartean eta horretaz oso harro nagoela. 90ko eta 2000ko hamarkadan txoko guztietan ikusten nuen nire irudia itsatsia: nerabeen karpetetan, tailer guztietako posterretan, Sorginen Laratza saioan, albistegietan eta abar. Goi mailako pertsona baten aurrean zaude! Hala ere, egia da, aktore lanengatik ez izan arren hainbeste, zuk ere prestigio asko lortu duzula. Baina daitort Maria Luisa baino ezagunagoa egin zela John F. Kennedy-ri “Happy Birthday Mr. President” abestu zenioneko une hori, hemengo euskal bertsio bat egin beharko bazenu nori eskainiko zenioke eta zein izango litzateke abestiaren letra?

M. M. Ez naiz ni inor Kaxiano handiari lekua kentzeko, bere “Zorionak zuri”-ren bertsioa gaindiezina da. Gustatuko litzaidake duo bat egitea berarekin, ea hemen goitik topatzen dudan egunen batean. Zuk ikusi al duzu? Ziur Johni ere Kaxianorekin egingo dudan bertsioa gehiago gustatuko zaiola, kantatzen diogunean kontatuko dizut! Bide batez, kuriositatea daukat, zer sentitzen da zahartu eta zimurrak ateratzean?

K. O. Eneee! –burua eskuekin eutsiz– Ergel, gajo, kankailu, sasikume, harroputz, sudurtalo, xoxoburu halakoa! Baina non ikasi dituzu portaera horiek! 70 urterekin hil nintzen, bizitza duina, zintzoa eta konprometitua eramanaz. Bidean zimur batzuk irabazita bai, eta zer? Nire familia, lagunak, herria eta hizkuntzarekiko fideltasuna eta maitasuna eskainiz izan da eta ospearen erruz nire burua inongo momentutan galdu gabe –ajem–.

M. M. Egia esan, aitortu behar dizut, hemen hain eder ikusten banauzu ere ez dudala inoiz zoriontasunik lortu. Zuri ordea irribarretsu ikusten zaizu, zein da zure sekretua?

K. O. Tira, ikusten dut landareen aholkuari jarraiki apur bat baretu zarela. Nire jaioterrian, Azpeitian, zoriontsu izateko filosofia bat eramaten saiatzen gara beti: “Jan, jo ta lo”.

M. M. Hara! Hori al da ba sekretua? Nik zoriontasunaz ez dakit gauza askorik, arrakasta edukitzeak ez baitizu hori bermatzen. Hala ere, ez dakit ba nik filosofia hori guztiz fidagarria ote den, badago zerbait ez didazuna esaten. Zeren, nire arrakastagatik eskura nuen munduko janari guztia, nire edertasunarekin edozein erakarri nezakeen eta lotarako ere denbora hartzerik banuen. Baina susmoa du bai jateko, txortarako zein lotarako konpainia egokiak bilatzea garrantzitsuagoa ez ote den...

K. O. Ene bada, gajoa! Egia esan bizi izan zenuen 50. hamarkadako Hollywood hura gogorra zen. Hala ere, egungoa baino matxistagoa izan zen arren, 2019ko egoera ez da gehiegi hobetu, matxiruloek gainezka egiten baitute. Zer iruditzen zaizu emakume aktore guztiak batu eta armada bat sortzen badugu? Zein izen proposatzen dizkidazu lehen lerroko taldea sortzeko?

M. M. Harry Potter eta bere lagunek Dumbledore Armada osatu zuten bezala? Ideia bikaina iruditzen zait! 50ko hamarkadan nirekin lan egin zuten emakume guztiek ziur bertan egon nahiko dutela, esango diet! Zuk ere aipatu euskal emakume aktoreei, elkartuta indartsuagoak gara eta! Utziko al zenidake lehen bilerako diskurtsoa prestatzen? Ea behingoagatik, azpimunduan bada ere, nire idazle dohainak ezagutarazten ditudan! Armadaren izenari dagokionez, Maria Luisaren pertsonaiarekin euskarazko irain asko ikasten ari naizela aprobetxaturik, zer iruditzen “Lerde Zakuak Errefusara Armada”? Gustuko dut zure pentsatzeko modua, nabari da ahoan ez duzula bilorik. Beti inguruan gainetik kendu ezin ditudan gizonezko matxiruloak uxatzeko zein da irainik eraginkorrena?

K. O. Zoritxarrez egun irainekin jada ez du ezerk funtzionatzen. Sor dezagun “Lerde Zakuak Errefusara Armada” oraintxe bertan!