Zer egin saldu gabeko arropa tonekin

Europako Parlamentuaren arabera, pertsona bakoitzak 11 kilo arropa botatzen ditu zaborretara urtean (Europako Batasunean). Baina erabiltzaileak ez dira arazo larriena; arropa fabrikek saldu gabeko milaka tona arropa erre edo botatzen dituzte urtean, arropa ekoizpena etengabe handitzen den bitartean. Euromonitorren arabera, azken hamar urteetan ekoizpena etengabe biderkatu da 100 bilioiak gainditzeraino. Eta guzti hori gutxi balitz, pandemiaren urtean inoiz baino arropa gutxiago saldu da. Zer egin soberakin guzti horiekin?
Geroz eta gehiago dira arroparen industria erregulatzearen alde dauden herrialdeak, eta presio horrek eragina izan du arropa ekoizpenean; hala, pixkanaka stock-a gutxitzen hasi dira enpresak. Horrekin batera, badira bigarren eskuko plataformekin akordioak egin dituzten arropa markak, eta baita upcycling-a edo oinarrizko materien birziklapena besarkatu dutenak ere. Horrekin batera, gutxi batzuk eskaeraren arabera ekoiztera mugatzen hasi dira; hauxe da, hain zuzen, ingurumena babesteko neurri eraginkorrena.
Halere, aipatutako neurriak motz gelditzen dira, oraindik xahutze handia gertatzen baita oinarrizko materiak erabiltzean edota arropa ekoiztu eta tindatzeko prozesuan. Arazo horien aurrean, bi dira hartu beharreko neurriak; ekoizpena ekologikoa bilakatzeko teknologia garatu eta gain ekoizpenarekin amaitzeko legeak onartu.
Gauzak horrela, Erresuma Batuan plastikoaren erabilera debekatu dute arropetan; Frantzian, arropa soberakinak suntsitzea debekatu dute, eta Espainian ere hondakinak sortzearen aurkako lege proiektua jarri dute martxan.
Bitartean, arropa kontsumitzeko ohiturak aldatzen hasi dira; geroz eta gehiago dira kalitatea kantitatearen gainetik bilatzen duten bezeroak, eta bigarren eskuko arropa merkatuak geroz eta ugariagoak dira; alta, merkeladiek ez dute arrakasta handirik izan aurten, eta kontsumo azkarreko estrategiak porrot egiten hasi dira.