Zer arraio ikasi?

Zer arraio ikasi? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zer-arraio-ikasi/@@download/image/39p38-1_1368438669.jpg
2004/03/05
erreportajea
Asier Coloma
Zer arraio ikasi?
Aurrematrikulazio garaia iritsi da. Oinarrizko ikasketak amaitu ostean, zer egin? Lanean hasi —lana topatuz gero—, Lanbide Heziketari edo unibertsitate ikasketei ekin… Hautu zaila, zinez.

Euskal Herriko unibertsitateetan titulazio aukera zabala dago. Hautua egiteko irizpide ugari egon daiteke, eta horietako bat lana da: zein ikasketek errazten dute gerora lana topatzea?

Baionako Campusean, Ekonomia ikasketek dute arrakasta handien, Zuzenbidearekin batera. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, aldiz, Nautika, Arkitektura, Telekomunikazio Ingeniaritza eta Industria Ingeniaritza lizentziaturek dute langabetu gutxien; lizentziadunen %1 inguru. Mondragon Unibertsitatean —MU— ingeniaritzetan lizentziatutako %98 inguru lanean edo graduondoko ikasketak egiten ari da bukatu eta 6 hilabete baino lehen. Nafarroako Unibertsitate Publikoan —NUP—, ordea, Nekazaritza Ingeniaritza, Industria Ingeniaritza eta Ekonomia ikasketetakoak dira lana errazen topatzen dutenak.

Ikasketa berriak ere ugaritu egin dira azkenaldian. Salbuespena Baionako campusean aurki dezakegu. Bertan, eskaintza oso urria da eta, azken urteotan, ez dute titulazio berririk eskaini. Azken lau urteetan, ondorengoak dira gainerako unibertsitateetan ezarri dituzten ikastaroetako batzuk: EHUn, Ingurumen Zientziak, Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoa, Informatika Sistemen Ingeniaritza, Arkitektura Teknikoa eta Itzulpengintza; Masterretan eta Unibertsitatean Aditu Ikastaroak, MUn; eta NUPn, Informatika Ingeniaritza, Telekomunikazio Ingeniaritza Teknikoa eta Informatika Kudeaketan Ingeniaritza Teknikoa.

Lanbide heziketak gora
Lanbide Heziketak, duela zenbait urte ospe txarra zuen arren, gero eta gazte gehiago erakartzen ditu. Izan ere, lan aukera handiak eskaintzen ditu, eta ikasketak unibertsitatean baino laburragoak dira. Hori dela eta, gaur egun, Lanbide Heziketako ikasleen eta unibertsitarien kopurua paretsua da Euskal Herrian. Dena dela, bai batean bai bestean, traba ugari dago euskaraz ikasteko. 

Lanbide Heziketan ezarritako ikastaro berrietako batzuk hauek dira: Sustapen Turistikoa, Lanbide Arriskuen Prebentzioa eta Mantentze Irakaslea. Datorren ikasturterako, Informatika Sistemen Ustiapena eta Arreta Soziosanitarioa ezarriko omen dituzte. 

Datuak datu, interesa eta sentimenduak kontuan hartzea da garrantzitsuena. Halaxe dio Alemaniako Lan Institutu Federaleko Alexander Reinberg-ek: "Norberak gustukoen duena ikasi behar du, eta ez du utzi behar modan dauden gustuek eta lehentasunek hori baldintza dezaten".

Etorkizuneko lanbideak


Hogei urte barru, langileen laurdena egun ez dauden lanbideetan ariko da, zenbait ikerketek adierazi dutenez. Are gehiago, mende honen erdialderako, egungo 5.000 lanbideetatik erdia inguru galdu egingo da. Etorkizun hurbilari dagokionez, 2005erako, industrializatutako herrietako biztanleen %80ak zerbitzuen industrian etazibernetikan lan egingo du. Aldaketa handia.

Adituen iritziz, ondorengo behargintzetako batzuk 15 edo 20 urte barru gal litezke: telefonia operadoreak, argiketariak, banketxeetako langileak, tren gidariak, trafikozainak, konputagailuen programazioan adituak eta idazkariak. Ez da haien beharrik izango, ordenagailuek beteko baitute beraien lekua. Haien ordez, egun ezagutzen ez ditugun lanbideak sortuko dira: biogenetikan aditua, masajista-fisioterapeuta, hiri hondakin solidoen berziklapenean aditua, ingeniari metatronikoa —elektronika, mekanika eta hidraulikaren arteko nahasketa—, eta abar.

Hala ere, futurologoen aburuz, hainbat lanbide zahar indartu egingo dira etorkizunean. Hala nola, sendagileak, erizainak, sukaldariak eta, bereziki, hezitzaileak. Rocio Sofer futurologoak dioenez, robotek lan gehiago egin ahala, aisialdi gehiago izango dugu industrializatutako herrietan eta, Grezia klasikoan gertatu bezala, filosofiak eta espiritualtasunak gora egingo dute. Egia ote?